Ekialde Hurbila. 'Hegi Babesgarria' operazioa

Alde bakarreko erabakiz, tropak Gazatik ateratzen hasi da Israel

Hamas indargabetu duela iruditzen zaionean, gobernuak amaitutzat joko du 'Hegi Babesgarria', baina su-etenik gabe.

Hamasek dio ez dagoela inolako konpromisorik betetzera behartuta
Gaza berreraikitzeko, Egiptorekin, PANekin eta nazioartearekin negoziatzeko asmoa du Israelek.
Gaza berreraikitzeko, Egiptorekin, PANekin eta nazioartearekin negoziatzeko asmoa du Israelek. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 3
Sartu zituen bezala aterako ditu Israelek bere soldaduak Gazatik: alde bakarretik erabakita, inorekin negoziatu gabe eta su-etenik eman gabe. Hala jakinarazi du Benjamin Netanyahuren kabineteak bost orduko bilera baten ostean: «Ez dugu Hamasekin su-etenik negoziatuko; egin beharreko mugimenduak gure kasa egingo ditugu». Hegi Babesgarria operazioa abiatzeko arrazoia alderdi palestinarraren tunelak zirela argudiatu dute armadako buruzagiek, eta haiek suntsitutakoan amaitutzat emango dutela erasoa. Hori «ordu gutxiko kontua» izango zela iragarri zuten atzo arratsaldean, eta iluntzerako tropa batzuk erretiratzen ari zirela jakinarazi zuten Israelgo hedabideek. Gehienak muga inguruan geldituko dira, «Gazatik gertu bizi diren komunitate israeldarrak erasoetatik babesteko eta etor daitezkeen misioetarako prest egoteko».

Hamasek erantzun du alde bakarreko erabaki horrek ez duela ezertara behartzen, eta unean uneko egoeraren arabera erabakiko duela nola jokatu. «Erresistentziak 27 egun daramatza borrokan, eta, beharrezkoa bada, hala jarraituko du», esan du Sami Abu Zuhri bozeramaileak. Haren ustez, Israel ezin da zigorrik gabe geratu: «Hiru aukera ditu: Gazan gelditu eta prezioa ordaindu, alde bakarrez erretiratu eta ordaindu, edo negoziatu eta ordaindu».

Egiptoko Gobernuak hainbat aldiz eskaini die Palestinako eta Israelgo ordezkariei Kairon negoziatzeko aukera; PAN Palestinako Aginte Nazionalak atzo igorri zituen bere ordezkariak hara, baina Israelek uko egin dio beste inoren baldintzak aditzeari. «Alferrik da su-eten bat negoziatzen saiatzea», adierazi dio gobernuko kargudun batek Haaretz egunkariari: «Hamasi atzera eragitea lortu dugula iruditzen zaigunean utziko dugu Gaza, bakea bakearen truke printzipioan oinarrituta. Indarkeriak irauten duela ikusten badugu, operazioarekin jarraituko dugu, edo aireko erasoekin egingo diogu presio».

Nolanahi ere, tropak erretiratzeko asmoa iragarri ostean, erasoari eutsi zion armadak Gazako hainbat gunetan. Atzo beste 80 lagun inguru hil ziren bonbardaketen ondorioz, tartean UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko langile bat. Maan berri agentzia palestinarraren arabera, eraso gehienak etxebizitzetan gertatu ziren, eta familia osoak daude hildakoen artean.

Erasoaren ondorioak

Azken urteotako eraso gogorrena izan da Hegi Babesgarria. 26 egunetan 1.600 palestinar baino gehiago hil ditu armadak —tartean 300 haur, Nazio Batuen arabera—; 9.000 inguru zaurituta daude oraindik, eta ehunka milak galdu dute etxea. Gobernuak euren herrietara itzultzeko baimena eman die Gaza iparraldeko errefuxiatuei, baina tankeek eta hegazkinek lurrarekin berdinduta utzi dituzte 5.000 eraikin inguru. Haaretz-en arabera, Netanyahuk Egiptorekin, PANekin eta nazioartearekin adostu asmo du Gaza berreraikitzeko prozesua, eta Hamas indargabetzeko baldintza jarriko du. Egipto jada hasi da argindar hornidura handitzen, eta suntsitutako azpiegitura elektrikoak konpontzeko eskatu dio Israeli. Erresuma Batuak hiru milioi libera (3,7 milioi euro) igorriko ditu giza laguntzarako.

Netanyahu, irabazle

Hegi Babesgarriak nabarmen lohitu du Israelgo Gobernuaren irudia nazioartean, eta bazter guztietan hedatu dira Palestinarekiko elkartasun mezuak; ez, ordea, herrialdean bertan. Israelgo telebista kate batek egindako inkesta baten arabera, Netanyahuren onarpen publikoa nabarmen igo da Gazaren aurkako erasoa agindu zuenetik: aurretik, hamarretik 4,9 puntu ematen zizkioten galdeketek; orain, 6,9. Emaitza horien arabera, israeldar gehienek begi onez ikusten dute Hegi Babesgarria, eta %30ek uste dute gobernuak erasoarekin jarraitu behar lukeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna