Jabetza handia, ideia gutxi

Sistema berriarekin, baloiaren jabetza handiagoa du Realak, baina kosta egiten zaio aukerak sortzea.Zelai erdian jokalari asko pilatzen ditu, eta ez da gai jokoa hegaletara zabaldu eta sakontzeko

Mikel Gonzalez Realeko atzelaria eta Oscar Chelseako erdilaria, asteartean, Stamford Bridgen. ANDY RAIN/ EFE.
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
«Denboraldi-aurrean taldea ondo aritu dela uste dut. Jokalariok lan karga handia pilatu dugu, eta, oro har, ondo sentitzen naiz». Horixe Mikel Gonzalez Realeko jokalariak atzo Zubietan entrenamenduaren ondoren talde txuri-urdinaren denboraldi-aurrearen inguruan egin zuen balorazioa. Arrasatearra ondo sentitzen bada ere, zaleek ez daukate halako sentsaziorik. Jagoba Arrasatek atzean utzi du Philippe Montanierren garaiko 4-3-3 eskema hura, eta4-4-2 zaharra berreskuratu du, zelai erdian erronboa jarriz. Eskema aldaketak taldearen jokatzeko modua aldatu du; batzuen ustez, okerrera.

Taldearen jokoak eragin du, hain zuzen, zaleen arteko ezinegon hori, eta ez hainbeste denboraldi-aurre honetako partidetan lortutako emaitzek. Realak 2-0 irabazi zion Tolosari estreinako partida. Ondoren, Herbehereetako egonaldia izan zuen. Han 3-1 galdu zuen Ajaxen aurka. Bi egun geroago, banako berdinketa lortu zuen Feyenoorden aurka, itxura hobea emanda. Nec Nijmegeni0-1 irabazita itzuli zen Euskal Herrira, lehen partida ofiziala jokatzeko, Aberdeenen aurka. Atarikoak baldintzatu du denboraldi-aurrea. Kanporaketa hori dela eta, taldeak inoiz baino lehenago hasi du prestaketa, aurreneko partida uztailaren 31n izan zuen eta. «Hain goiz hasteak maila fisiko ona lortzera behartzen zaitu», aitortu zuen Mikel Gonzalezek.

Europako Ligako kanporaketa hori izan zen eskema berrirako aurreneko proba. Eta, egiari zor, Realak ez zuen arazo handirik izan kanporaketa aurrera ateratzeko. Gehienbat, baina, aurrean zuen taldearen maila apala zela eta. Anoetan 2-0 gailendu zitzaion Reala Aberdeeni, eta aukera dezente izan zituen han. Itzuliko partida, Eskozian, gorabehera handikoa izan zen: 0-1 irabazten hasi zen; Aberdeenek buelta eman zion markagailuari, eta azken minutuetan, berriz, 3-2 irabazi zuen Realak partida. Tartean oso lehia kaxkarra jokatu zuen Alavesen aurka. Taldeak ez zuen garbi estrategia, eta Alaves gainetik pasatu zitzaion. Azken unean, berriro ere, saiatu zen partidan sartzen, eta aukerak ere izan zituen neurketa berdintzeko —gol bat ere sartu zuen—, baina 3-1 galdu zuen.

Aberdeen kanporatuta, Ingalaterran pasatu du taldeak astebete. Han maila hobeko taldeen aurka aritu da, eta, partida horietan, indar eta sakontasun falta utzi ditu agerian. Taldeak hegaleko joko hori galdu du, Griezmann falta zaiolako besteak beste, baina bereziki eskema berriak jokalari asko biltzen dituelako zelai erdian. Horrela, baloiaren jabetza handiagoa lortu du Realak, baina aurkariari min egitetik urrun dagoen tokietan oraingoz. Newcastleren aurkako partidan, kasurako, taldeak baloia izan zuen partidako zati askotan, baina gehienbat bere zelaian, aurkariaren atetik urrun. Ondorioz, aukera garbi gutxi izan zituen. Newcastlek ere ez zituen sortu aukera asko, baina horietako batean asmatu eta 1-0 irabazi zuen.

Azken proba asteartean izan zuen Realak. Aurrean Chelsea, izarrez beteriko taldea. Gipuzkoarrek itxura kaxkarra eman zuten orduan ere. Hasierako minutuetan kontzentrazio falta utzi zuten agerian beste behin, eta, lehenengo minutua betetzerako, Diego Costak Zubikarairen atea zulatu zuen. Zazpi minutu igarotzerako, 2-0 galtzen ari zen Reala. Hortik aurrera, minutu askoan baloiaren jabe izan zen Reala, baina ez zuen lortu jokoari abiadura eman eta hegaletara zabaltzea.

Hurrengo erronka, Anoetan

Bigarren proba gainditu beharko du orain Realak Krasnodarren aurka; ostegunean, Anoetan, hilaren 21ean (20:30). Taldeak orain artean baino zerbait gehiago erakutsi beharko du Europako Ligako ligaxkarako sailkatzeko. Ion Ansotegi ez da iritsiko partidara. Harekin batera, Gaztagaña, Finnbogason eta Zurutuza ez dira entrenatu, eta zalantzan dago haien parte hartzea. Vela, bestalde, taldearekin entrenatu da, eta baliteke partidara iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.