Kieverako 'Marshall plana'

Ukraina berreraikitzeko 500 milioi euro agindu dizkio Merkelek Kieveko gobernuari, baina gatazka negoziazio bidez konpontzeko eskatu dio.

Giza laguntza zeraman konboia Errusiara itzuli da osorik
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Petro Poroxenko Ukrainako presidentea, atzo, Kieven.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Petro Poroxenko Ukrainako presidentea, atzo, Kieven. TATYANA ZENKOVICH / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 24
Ukraina zatika hausten hasi aurretik, gogor esku hartzea erabaki du Angela Merkelek, eta Kievera joan da zuzenean, herrialdea berreraikitzeko baldintzak ezartzera. Argi utzi du: Europako Batasunak ez du onartuko beste Krimea bat Ukraina ekialdeko eskualdeetan. «Krimearekin gertatu zena [Errusiarekin bat egin zuen] Ukrainaren lurralde burujabetza urratzea izan zen. Hura aitortzen badugu, Europa osoari eragingo dio, Europaren elkarbizitza baketsua aztoratuko duelako».

Petro Poroxenko Ukrainako presidentearekin eta Arseni Jatseniuk lehen ministroarekin elkartu zen atzo Alemaniako kantzilerra, eta erabateko babesa adierazi zion Kieveko gobernuari. Lehentasuna, orain, ekialdeko Luhansk eta Donetsk eskualdeei eustea dela argitu zuten bi estatuetako agintariek. Merkelen hitzetan, «Alemaniako Gobernuaren kezka nagusietako bat» da Ukrainako egoera. Berlinek 500 milioi euroko baino gehiagoko kreditua hartzeko bermea eskaini dio Kievi; horretarako, funts berezi bat sortuko du, eta gerraosteko berreraikuntza lanetarako erabiliko dute. Beste 25 milioi euro iheslarientzat izango dira.

Horretarako, baina, su-etena adosteko eta gatazka negoziazioen bidez konpontzeko eskatu die Merkelek istiluetan nahastutako aldeei. Datorren astean Minsken egitekoak diren bileran ipini du fedea: orduan elkartuko dira Poroxenko, EBko ordezkariak eta Vladimir Putin Errusiako presidentea, Ukrainako gatazkari buruz hitz egiteko.

Ekialdeko eskualdeetako herritar gehienak errusiera hiztunak dira. Ukrainako presidente ohiaren aurkako estatu kolpeaz geroztik, Kieveko gobernu berriari zilegitasunik aitortzen ez dioten «Herri Errepublikek» dute han agintea; Krimeak Errusiarekin bat egin zuenetik, indartsuagoa da Ukrainatik aldentzeko aldarria. Kieveko gobernuak maiatzean hasi zuen milizia errusiazale horien aurkako operazio militarra, eta harrezkero istilu larriak izan dira hiri nagusietan. Nazio Batuen arabera, 2.000 pertsona baino gehiago hil dira, eta 400.000 inguruk ihes egin behar izan dute etxetik. Itar-Tass agentziak argitaratu duenez, atzo ere erasoak izan ziren, eta 70 lagun inguru zauritu zituzten.

Konboi errusiarraren auzia

Poroxenko prest agertu da Merkelen baldintzak betetzeko. Presidentearen ustez, azken hilabeteotan «funtsezko elementu bat aldatu da» ekialdean: herritarrek ez ei dituzte gehiago babesten Herri Errepublikak. Berehala atera da Errusiaren izena. «Orain, oztopoa atzerriko mertzenarioak dira», esan du Poroxenkok: «Gure lurraldetik ateratzen direnean, berehala itzuliko da bakea».

Kievek gatazka hasi zenetik leporatzen dio Errusiari ekialdeko miliziak armatzea, eta Europako Batasunak ere Moskuri ardura izateko eskatu izan dio han gertatutako istiluengatik. Merkelek jakinarazi duenez, oraingoz ez daukate Errusiari zigor gehiago jartzeko asmorik, baina gerta liteke jartzea «Ukrainako egoerak hobera egiten ez badu».

Azken egunotan, Errusiak Luhanskera igorritako giza laguntzaren inguruko auziak nahastu ditu bazterrak. Ukrainak bere baimenik gabe muga igarotzea leporatu dio Moskuri, eta Mendebaldeko gobernuek ere kargu hartu diote horregatik. Herenegun «tentsioa maila kezkagarrietara» heltzen ari zela esan zuten Merkelek eta Barack Obama AEBetako presidenteak, Kieven bertsioa babestuz: «Errusiak ez du giza laguntzako karabana baliatu behar muga igarotzeko». Etxe Zuriak dioenez, kamioi zibilez margotutako ibilgailu militarrak ere sartu ziren konboiarekin batera, eta Nazioarteko Gurutze Gorriak ez zuen inolako parte hartzerik izan prozesu osoan.

Errusiako Atzerri Ministerioak gezurtatu egin ditu Mendebaldetik heldu zaizkion kritikak. «Benetan Gurutze Gorriak egin zuenaren berri jakin nahi badute, zuzenean Gurutze Gorriari galdetzea gomendatzen diet». Gogorarazi du, gainera, Kieveko administrazioak abuztuaren 12an baimendu zuela konboia sartzea, baina muga ez zuela herenegun arte zabaldu. Konboiaren atzean «zio humanitarioak» daudela nabarmendu du, eta ez duela nazioarteko legedia urratzen. Hain zuzen ere, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren arabera, gizarte zibilari laguntzeko esku hartze bat ezin liteke lurralde subiranotasunaren urraketatzat jo. «Ukrainako hego-ekialdeko eskualdeak giza hondamendia sufritzen ari direlako erabaki genuen konboia igortzea», azaldu du Putinek: «Giza laguntza gehiago atzeratzea onartezina zatekeen».

Errusiako Atzerri Ministerioak jakinarazi du karabana osatzen zuten kamioi guztiak itzuli direla Errusiara, zama Luhansken utzita. Ukrainako administrazioak ez du kamioiek zeramaten guztia aztertzeko modurik izan, miliziek kontrolatutako bideetatik heldu direlako Luhanskera.

Errusiako hedabideen arabera, atzo hasi ziren laguntza poltsak dendetan eta herritarren artean banatzen; besteak beste, zerealak, sendagaiak, haurrentzako janaria, lo-zakuak eta argindar sorgailuak. Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepubliketako bozeramaile batek jakinarazi du «pentsiodunek, sektore publikoan diharduten gurasodun familiek, bonbardaketen biktimek, ezinduek eta eriek» izango dutela lehentasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna