Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Astebete, erabaki bat hartzeko

A-9an galdeketa egin ahal izateko atzera bueltarik gabeko puntua urriaren 13 eta 15 artean ezarri du Kataluniako Generalitateak.

Kontrol Batzordea sortzeko erabakiari helegitea jarri dio estatuak
Artur Mas, Kataluniako Trantsizio Nazionalaren Liburu Zuriaren aurkezpenean, irail amaieran.
Artur Mas, Kataluniako Trantsizio Nazionalaren Liburu Zuriaren aurkezpenean, irail amaieran. MARTA PEREZ / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 7
Katalunian azaroaren 9an independentziari buruzko herri galdeketa egiteko asmoari eutsi egiten diote CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek, baina Artur Mas presidenteak garbi utzi du kontsulta berme demokratiko guztiekin egin beharrekoa dela. Eta gaur egun halako bermerik ez dago, Espainiako Estatuak, behintzat, trabatu egin baitu galdeketa egiteko bidea. Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak atzo zehaztu zuen «atzera bueltarik gabeko puntua» urriaren 13 eta 15 artean iritsiko dela. Horrenbestez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legearen eta kontsultarako dekretuaren kontrako neurriak baliogabetu ezean, zer egin datorren aste hasieratik aurrera erabakiko dute A-9aren aldeko indarrek eta Generalitateak.

Korapiloa ordurako askatzeko itxurarik, baina, ez dago, eta atzo bertan Estatuaren abokatuak helegitea jarri zion herri galdeketarako Kontrol Batzordea sortzeko erabakiari Auzitegi Konstituzionalean, Kataluniako Legebiltzarrak behin-behineko galarazpena urratu duelakoan. Eta horrek, berriz, atzo igorri zuen Konstituzionalera auzitegiko presidente Francisco Perez de los Cobosen eta Pedro Jose Gonzalez-Trevijano magistratuaren kontrako ezespena.

Eskaerak jasotzen ari dira

Herri galdeketaren aldeko eragileek mezua ez dute askorik aldatu Espainiako Estatuak helegiteak jarri eta Konstituzionalak behin-behinean kontsultaren inguruko jarduerak galarazi dituenetik. Baina Masek dekretua sinatzearekin bat martxan jarritako jarduera gehienak bertan behera utzi zituen Generalitateak, eta, denbora igaro ahala, A-9rako epeak betetzea gero eta zailagoa ari zaio bihurtzen. Horregatik erabaki dute aurrera edo atzera egiteko muga astebete barru ezartzea.

Atzo, A-9an botoa emateko aurreikusi zituzten errolda eta erregistroak berriro zabaldu zituen Generalitateak, Nous Catalans fundazioaren arabera. Atzerrian bizi diren katalanek, espetxean edo gazteentzako atxiki zentroetan daudenek nahiz menpekotasunen bat dutenek jada eska dezakete herri galdeketan botoa emateko dagokien errolda edo erregistroan izen ematea.

Convergenciako Immigrazio idazkari Angel Colomek zuzendutako fundazioak zabaldutako informazioari, baina, zehaztapen bat egin dio Generalitateak: argitu du ez dituztela erroldak berriro ireki, baizik eta «herritarrek eginiko eskakizunei administrazioa beti erantzun bat» ematera behartuta dagoela, legez. Kontua da zabalik daudela Espainiako nazionalitate agiririk ez duten katalanek botoa emateko izena eman zezaten Generalitateak prestatu zituen bederatzi erregistroak. Eta Generalitatearen informazio orokorrerako telefonoak (012) ohartarazi du tramite horiek bete behar direla A-9an botoa eman ahal izateko; nahiz eta izen ematea behin-behinekoa dela jakinarazi, «Auzitegi Konstituzionalak jarri duen helegitearen mende».

Egun seinalatura hurbildu ahala, Kataluniako alderdi politikoak herri galdeketaren inguruko jarrera argituz joan dira. Eta hiru multzotan bil daitezke guztiak, kontsultaz hartu duten jarreraren arabera. Kataluniak estatua izan behar lukeen eta independentea izan behar ote lukeen, bi galdera izango ditu herri galdeketak, azkenean egiten bada. CDC, ERC eta CUP argi lerratu dira baiezko bikoitzaren alde, Ara es l'hora kanpaina sustatu duten elkarteek —ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek— egin duten gisan. UDC eta ICV-EUiA, berriz, lehen galderan baiezkoa erantzutearen eta bigarrenean boto askatasuna ematearen alde agertu dira. Eta, ez bai eta ez ez, PSC, PP eta Ciutadans herri galdeketa egitearen kontra agertu dira zuzenean. Ez ikuspegi bera dutelako, Kataluniako Sozialisten Alderdia erabakitzeko eskubidearen alde agertu baita, eta beste biak, erabat aurka. Baina ezinbestekotzat jo dute Espainiako legedia errespetatzea; eta, Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean Kataluniako Kontsulta Legea eta A-9rako dekretua baliorik gabe utzi dituenetik, are argiagoa da PSCko zuzendaritzaren kontrako jarrera.

Kontrol Batzordea

Espainiako Gobernuaren aginduz Estatuaren abokatuak jarritako helegitea ez da izan Kataluniako Kontrol Batzordearen inguruko albiste bakarra. A-9an hauteskunde batzorde baten zereginak bete behar lituzkeen erakundeko zazpi kideetatik batek, izan ere, dimisioa eman zuen igandean. Quim Brugue ICVren ingurukoa da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan katedraduna, eta argudiatu du galdeketa egiteko «berme demokratikorik» ez dagoelako utzi duela kargua. Benet Salellas abokatuak —CUPek sustatua Kontrol Batzorderako— nabarmendu du larunbatean egin zutela erakundearen lehen bilera, eta Bruguek ez zuela parte hartu. Generalitateak haren dimisioa «errespetuz» onartu du, eta beste kide bat izendatu behar luke berandu baino lehen.

Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiak, berriz, Kataluniako herri galdeketaren inguruan gertatzen ari den orori «arreta handiz» ari dela erreparatzen esan zuen atzo Diputatuen Kongresuan —Fiskaltzaren urteko memoria eman zuen—, eta, «inolako zalantzarik gabe», burujabetza prozesuari lotuta Zigor Kodean delitu gisa jasoa dagoen ezer egiten duten herritarren kontra ofizioz esku hartuko duela nabarmendu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna