Katalunia. Independentziarako bidean

Aurrera jotzeko «sintonia» bila

ERC, ICV-EUiA, CUP, CDC, UDC eta PSCko buruekin bildu da Mas.Azaroaren 24an aurkeztuko du «prozesu politikoa amaitzeko» bide orria.Prozesu konstituziogilearen alde urrats bat parlamentuan

Oriol Junqueras eta Artur Mas, atzo, Kataluniako Parlamentuko korridorean. TONI ALBIR / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Katalunian erreferendum bat egiteko aukerari Espainiako Gobernuak berriro atea itxi ondoren, eta A-9ko bozketa igarota, erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdietako buruzagiekin bilera txanda bat hasi zuen atzo Artur Mas Generalitateko presidenteak. Oriol Junqueras ERCko presidentearekin bildu zen aurrena, eta aurrera egiteko bide bakarra hauteskundeak direna bat etorri ziren biak. «Sintonia» izan zutela esan zuen Junquerasek. Plebiszitu gisako bozetan zerrenda bateratu bat osatzeko aukera, ordea, asko baldintzatu zuen ERCko buruak: atea ez zion erabat itxi, baina orain artean baino zirrikitu txikiagoa utzi zion, «zer lortu nahi dugun, nola eta noiz» aurrez hitzartu beharko litzatekeela nabarmendu baitzuen.

Masek azaroaren 24an aurkeztuko du, bi mila lagun bildu nahi dituen jendaurreko ekitaldi batean, legegintzaldi honetan «prozesu politikoa amaitzeko» bide orria. Kataluniako gizarteak klase politikoari egin dion eskakizunari —azken urteetako Diada egunetako mobilizazioekin nahiz A-9ko parte-hartze prozesuarekin— «erantzun argi bat» emango dio, Kataluniako Gobernuko iturrien arabera. «Presidentearen proposamena» izango da, baina alderdi politikoekin negoziatu nahi du Masek, eta horretarako hasi zuen atzo bilera txanda.

Denboraren faktorea

Junqueras (ERC), Miquel Iceta (PSC), Joan Herrera eta Joan Mena (ICV-EUiA), David Fernandez (CUP), Josep Rull (CDC) eta Ramon Espadaler (UDC) buruzagiekin bildu zen Mas atzo. Eta orain zer? galderari erantzun bat emateko helburua du bilera errondak, ahal dela burujabetzaren aldeko indarren batasuna bermatuz. Baina horrek gero eta zailagoa dirudi; Mas eta Junqueras aurrera jo beharraz bai, baina gainerako gaietan ez baitira bat etorri.

ERCk argi dauka lehenbailehen egin behar liratekeela hauteskunde plebiszitarioak. Bide orria herenegun aurkeztu zuten errepublikanoek, eta, bozetarako zerrenda bateratua barik, hautagaitzek partekatuko zuketen programa bat, gero kontzentrazioko gobernu bat, eta erreferendum bidez berretsi beharreko prozesu konstituziogile bat proposatu zituzten. Horregatik, atzo Junquerasek aipatutako «sintonia» ez da CiU eta ERCren arteko batasun berreskuratu baten adierazle.

Masen ustez, ez da hain garrantzitsua hauteskunde plebiszitarioak noiz egin, eta luzamendutan jardutea ere egotzi zion atzo, zeharka, Junquerasek. Bien arteko desadostasuna metafora batekin azaldu zuen ERCko buruak: «Garrantzitsuena nora joan jakitea da, zer bidetatik, eta noiz. Autoa zeinek gidatzen duen, pilotu batek lauzpabost auto aldi berean gidatzea, edo kopilotu zein doan, horiek gutxienekoak dira».

Hurbiltze baterako «tartea» badagoela onartu du, nolanahi ere, Junquerasek, ERCk funtsezkotzat jo dituen puntuetan bat etorriz gero: independentziaren helburua, prozesu konstituziogile bat hasteko premia, eta denboran luzatu ezin den prozesu horretarako egutegi zehatz bat.

CUPeko diputatu David Fernandezek ere, «berehala» hauteskunde prozesu konstituziogile bat abian jartzeko eskatu dio Masi, eta zerrenda bateratuaren aukera baztertu egin du, independentzia ez dela «proiektu nazional neutro bat» eta «proiektu sozial bat» eskatzen duela argudiatuta: «Batasuna eta homogeneotasuna ez dira nahasi behar».

Hauteskundeak aurreratzeko beharrik ez dute ikusten PSCk eta ICV-EUiAk, eta, Kataluniako presidentearekin bilera egin ostean, Masek berak ere erabaki hori «hartu gabe» daukan ustea agertu zuen Miquel Iceta buruzagi sozialistak. Hauteskundeak aurreratu edo ez erabakitzea «presidenteari soilik» dagokiola esan zuen Icetak, eta, berak zer ondorio atera zuen galdetuta, «presidenteak barkatuko ahal dit, baina, gaur-gaurkoz, auzi horri buruz erabakirik ez duela hartua esango nuke», erantzun zuen Icetak. PSCren ustean, hauteskunde aurreratuen ordez, «egonkortasuna» bermatu behar du.

Joan Herrerak ere baztertu egin du hauteskundeak aurreratzea, gizarte eta ekonomia politikak aldatzeko ez bada, eta «Kataluniaz harago» Espainian eta nazioartean erreferendumaren alde indarrak biltzeko «estrategia aktiboago bat» eskatu dio Masi.

CiUko bi ordezkariekin, Convergenciako Josep Rullekin eta Unioko Ramon Espadalerrekin, bereizita bildu zen atzo Mas; eta legegintzaldia amaitzeko eskatu zion Unioko idazkari nagusiak.

Bi erabaki parlamentuan

«Modu solemne eta kolektibo batean» A-9ak ekar ditzakeen ondorio judizialak bere gain hartzea onartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPen aldeko botoekin, eta, mozio berean, CUPek aurkeztua, Artur Masen gobernuari eskatu diote lan talde bati agindu diezaiola «prozesu konstituziogilea arautu behar lukeen prozedura demokratiko eta parte hartzailearen idazketa». Atal horretan, ICV-EUiA abstenitu egin da.

Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordearen txostenak aintzat hartuta «etorkizuneko errepublikaren oinarriak» prestatzeko eskaera da, «katalan gehienen borondatea hori izango balitz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.