Alzate askatzeko akordioa lortuta, bidea libre du Habanako prozesuak

FARCek ez du ordainik jasoko armadako jenerala askatzearen truke: elkarrizketekin jarraitzeko «borondatearen adierazpena» dela jakinarazi du.

Norvegia eta Kuba aritu dira bitartekari
Rodolfo Benitez Kubako diplomazialariak eta Rita Sandberg Norvegiakoak eman zuten akordioaren berri.
Rodolfo Benitez Kubako diplomazialariak eta Rita Sandberg Norvegiakoak eman zuten akordioaren berri. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 21
Kolonbiako armadako Ruben Dario Alzate jenerala gatibu hartu eta lau egunera, hura askatzeko baldintzak adostu dituzte gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek. Horrek aukera eman behar lieke bi aldeei berriro Habanako negoziazioei heltzeko; Juan Manuel Santos presidenteak etenda dauzka igandetik, Alzateri arrastoa galdu ziotenetik.

Lau herrialde aritu dira azken bi urteotan Kolonbiako bake prozesua behatzen; horien artetik, Kubak eta Norvegiak dute bermatzaile funtzioa. Bi gobernuetako diplomazialari banak eman du Alzate askatzeko akordioaren berri. Jeneralaz gain, harekin zihoazen beste lau lagun ere askatuko dituzte: Jorge Rodriguez kaporala, Gloria Urrego armadaren operazio berezietarako abokatua eta beste bi soldadu. Askatze operazioa «lehenbailehen» egingo dutela azaldu dute, herrialde bermatzaileen presentziarekin eta Nazioarteko Gurutze Gorriaren laguntzarekin. Noiz izango den ez dute argitu, baina erreskate taldeek guztia prest zuten atzo arratserako, armadak eta gerrillek segurtasun protokoloak beteko zituztela ziurtatu zain. Alzate dagoen lekuan operazio militarrak eteteko eskatu dio FARCek gobernuari.

Bi aldeen «jarrera eraikitzailea» nabarmendu dute Kubako eta Norvegiako ordezkariek. Kolonbiako armadak joan den igandean izan zuen azkenengoz Alzate jeneralaren berri, Choco eskualdeko oihanean zibilez jantzita eta babes pertsonalik gabe zebilela. FARCek sekula preso hartutako kargu militarrik altuena da: 2.500 soldadu baino gehiagoko armada zuzentzen du Kolonbiako ipar-mendebaldean, eta talde armatuak, narkotrafikoa eta legez kanpoko meatzaritza ditu jomuga. Gerrillak dioenez, Pentagonoak AEBetan trebatu du unitate militar hori.

Alzate desagertu orduko, 500.000 soldaduz, hegazkinez eta helikopteroz osatutako operazio militar bat hasi zuen gobernuak Chocon, hura bila zezaten. Santosek FARCi egotzi zion bahiketaren erantzukizuna, eta Kolonbian geratzeko agindu zien Habanara abiatzear ziren negoziatzaileei. «Elkarrizketak etenda daude bahituak aske utzi arte». Ordu gutxira, talde armatuak baieztatu egin zuen Alzate «preso» hartu zuela. Luciano Marin Arango Ivan Marquez negoziatzaile buruak azaldu zuenez, Kolonbiako gerran egin ohi dituzten operazioetako bat izan zen jeneralaren aurkakoa, eta gobernuari egotzi zion su-etenik ez izatearen errua. Habanako prozesua hasi zenean, FARCek jardun armatua eten zuen pare bat hilabetez, eta gauza bera egiteko eskatu zion Santosi; gobernuak, ordea, estrategia militarrari eutsi zion, argudiatuz Habanako prozesua amaitu arte ez zeukala inolako konpromisorik. «Adostu genuen Kolonbian gertatzen zenak ez ziola eragingo Habanako mahaiari», adierazi du aste honetan gerrillak ohar baten bidez. Halakoak eragozteko egokiena bi aldeko su-etena dela azaldu du Marquezek: «Ez dauka zentzurik elkar hiltzen jarraitzeak; horrek antzeko gertakari gehiago sortuko ditu, eta arriskuan jar ditzake negoziazioak».

Talde armatuak ez du ordainik jasoko Alzate askatzeagatik. Jorge Torres Victoria Pablo Catatumbo gerrillariak RCN irratiari azaldu dionez, «borondatearen adierazpena da, elkarrizketekin giro lasaian jarraitu ahal izateko egindako ekarpena». Catatumboren ustez, gertakari honek erakusten du Kolonbiako gatazka baretu daitekeela bi aldeak prest baldin badaude: «Halako egoerak ezagutzen dituen edozein analista inpartzialentzat, hau ez litzateke bahiketa bat izango».

Biktimak ere mahaian

Bi urte bete berri dituzte Habanako negoziazioek; Kolonbiako Gobernuak eten zituenean, 32. saioari ekitear ziren bi aldeetako ordezkariak.Negoziazio agendako lehenbiziko hiru gaitan itxita dauzkate akordio nagusiak —lurren auzian, parte hartze politikoan eta legez kanpoko gaien laborantzan—, eta laugarrenean sartuta zeuden uda hasieratik: biktimei dagokienean.

Etapa bereziki delikatua da, mahai beraren inguruan elkartu dituztelako, saioka, bi aldeetako biktimak. Negoziazioak hasi zirenetik, etengabeko babesa jaso dute Kolonbiatik: aldiro-aldiro, parte hartzeko foroak antolatu dituzte herritarrentzat, gai bakoitzari buruzko ekarpenak Habanara igor zitzaten. Biktimei buruzko atalak, ordea, arreta berezia jaso du. Horregatik, erantzuna ere indartsua izan da Santosek negoziazioak eten dituenean: azken egunotan bake prozesuaren aldeko protesta jendetsuak egin dituzte Kolonbiako hiri nagusietan, bi aldeei su-etena emateko eskatuz.

Kolonbiako Gobernuak iradoki izan du 2015ean lortu nahi lukeela bake akordioa. «Asmoa hori da, eta poztuko nintzateke beteko balitz», esan du Catatumbok. «Baina hobe da errealistak izatea: Habanako erritmoa ez da Kolonbiakoa. Faktore askok eragiten dute: gobernuaren borondate politikoak, gizartearen parte hartzeak, eta gai izango ote garen irtenbide militaristak soilik ikusten dituzten sektoreak garaitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna