Milioi bat TTIPen aurka

EBren eta AEBen arteko merkataritza ituna geratzearen aldekoek lortutako sinadurak eraman dizkiote Juncker presidenteari.

«Hau irabaz dezakegu», azpimarratu du Susan Georgek
Michael Efler, Stop TTIP ekinbide legegileko ordezkaria, lortu dituzten 1,1 milioi sinadurak Europako Batzordeari eramateko ekitaldian.
Michael Efler, Stop TTIP ekinbide legegileko ordezkaria, lortu dituzten 1,1 milioi sinadurak Europako Batzordeari eramateko ekitaldian. BERRIA

Ivan Santamaria -

2014ko abenduak 10
60 urte bete zituen atzo Jean Claude Junckerrek, Europako Batzordeko presidenteak. Urtebetetze eguna baliatu zuten Stop TTIP kanpainaren sustatzaileek opari bat haren bulegoraino eramateko: EBren eta AEBen artean negoziatzen ari den ituna geratzeko eskatzen duten milioi bat sinaduratik gora. Bi hilabete baino ez dituzte behar izan Europan herri ekinbide legegile bat abiatzeko behar den kopurua gainditzeko, eta hasiera baino ez dela azpimarratu du Michael Efler-ek, plataformako bozeramaileak. Opariak opari, Junckerrek ez zien harrerarik egin.

Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa (TTIP, ingelesezko sigletan) hitzarmenaren aurkako mugimenduek aktibatzeko eguna zuten atzo Bruselan (Belgika). Batetik, GUE/NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak eztabaida eta hitzaldi jardunaldia antolatu zuen Europa negoziatzen ari den hiru merkataritza itun handien egoerari buruz eztabaidatzeko: TTIP AEBekin, CETA delakoa Kanadarekin, eta TISA hainbat herrialderekin batera, zerbitzuak gehiago liberalizatzeko asmoz martxan dagoen ituna.

Bestetik, herri ekinbide legegileari beste bultzada bat emateko baliatu zuten deialdia. Berez, Europako Batzordeak proposamena ofizialki erroldatzeari uko egin dio, Eflerren hitzetan, pare bat argudio «burugabe» erabilita. Luxenburgoko Justizia Epaitegira jo dute babes eske. Bien bitartean, aipatu sinadura bilketari eutsiko diote.

Negoziazioek izan ditzaketen ondorio kaltegarriei buruzko kezka berretsi zuten atzoko parte hartzaile gehienek. Hala ere, elkarrizketak hasi zirenetik, orain dela urte eta erditik, gertatu den bezala, informazio falta nabarmena da. Oraingoz, lortu diren filtrazioek eta informazioen arabera, negoziazioetan aurrerapen gutxi izan dira, eta bi aldeek ez dute oraindik inongo esparrutan inolako akordiorik itxi. Hori bai, sektore ia guztiei buruzko elkarrizketak daude martxan. Oraingoz, zazpi bilera sorta egin dituzte negoziatzaileek, eta 2015. urtean berriro helduko diote.

Definizio falta hori baliatu nahi dute itunaren aurkakoek indarrak bildu eta presioa handitzeko. Banpiro bat borrokatzearekin parekatu zuen TTIP Susan George Transnational Institute elkarteko presidente eta pentsalari altermundialista ezagunak jardunaldia hasi zuen hitzaldian. «Banpiroak, argia ematen zaienean, desagertu egiten dira. Gauza bera egin behar da akordio honekin».

Georgek esan zuen lehentasuna eman behar zaiola nekazarien bizi-baldintzetan, langileen eskubideetan edo herritar xeheen osasun edo ongizatean egon daitezkeen ondorio kaltegarriak gizarteratzeari. «Hau irabaz dezakegu», ohartarazi zuen modu argian.

Atlantikoaren bi aldeetan

Protagonista nagusia TTIP da, baina jardunaldien lerroburuak nabarmendu zuen gisara, beste bi akordio posible negoziatzen ari da Europako Batasuna. Kanadarekin, CETA delakoa ari da eztabaidatzen. Kanadatik eta Quebecetik etorritako ekintzaileek herrialde horien eta AEBen arteko akordioen aztarna sakona dela azpimarratu zuten.

Besteak beste, ISDS sistemaren arriskuak kritikatu zituzten. Inbertitzaileen eta gobernuen arteko desadostasunak konpontzeko sistema da, nazioarteko arbitratze epaitegi pribatuen bidez. Kanadak tankera horretako 35 salaketa jaso ditu AEBekin duen NAFTA itunean oinarrituta. Oraingoz, sei galdu dituela eta 121 milioi euro ordaindu behar izan dituela jakinarazi zuen Scott Harris-ek, Council of Canadians elkarteko ordezkariak. ISDSk tokian tokiko gobernuen askatasuna mugatu du, Harrisen ustez.

Arbitratze sistema horien hedapena gai oso polemikoa izan da hasieratik negoziazioetan. Alemaniako eta Frantziako gobernuek kezka adierazi dute horri buruz, eta, Europako Batzordearen agintaritza hartu bezain pronto, puntu hori argitzeko proposamen berri bat argitaratzeko agindu zuen Junckerrek berak.

TTIPen aurkako borroka bizkortzen ari da Europan, baina zer gertatzen ari da AEBetan? Hitzarmenaren aurkako mugimendu antolatuak hedatzen ari dira han ere. Seiehun elkartek baino gehiagok bat egin dute AEBetan Obamaren administrazioak merkataritza negoziazioetan Kongresuaren eta iritzi publikoaren parte hartzea mugatzeko hartu duen erabakiaren kontra. Europan bezala, milioi bat sinadura bildu dituzte jada.

Edonola ere, oraindik Atlantikoaren bi aldeetan erantzuna koordinatzeko beharra dagoela ere agerian utzi zuen atzoko deialdiak. «Hau ez da amerikarrak europarren aurka. Herritarrak daude multinazionalen aurka», Susan Georgeren irudiko.

«Herrien aurkakoa»

GUE/NGL taldean parlamentari da Josu Juaristi EH Bilduko hautetsia. Jardunaldiko hizlarien artean, ordea, Oskar Matute aritu zen koalizioaren izenean. Erabakitzeko eskubidearen aurkako hitzarmena izango dela azpimarratu zuen Matutek bere txandan. «Herritarren aurkakoa da, baita herrien aurkako ere,» haren hitzetan. EH Bildukoez gain, Euskal Herritik joandako eragile ugari izan ziren Bruselan.

TTIPen aurkako oposizioak aurrera begira sektorez sektore egin beharreko lana aztertu zuen atzo. Horren barruan, Europan hitzarmenaren aurka ekintza bateratu bat antolatzeko aukera eztabaidatu dute. 2015. urtean protesta antolatuko dela erabakita dago, baina noiz eta nolakoa izango den ez dago erabakita. Otsailerako xehetasunak zehaztuta izatea espero dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna