«Hobetzeko» soilik negoziatuko du LABek Gipuzkoako metalgintzan

LABen arabera, Auzitegi Gorenaren epaiak erakutsi du hitzarmena indarrean dagoela oraindik.Adegirekin biltzea baztertu du: «Hitzarmenetan sinesten dugu, baina ezin gara eseri ezeren truke»

LABeko ordezkariak atzo Donostian egindako ekitaldian, Rafa Diez aske uzteko eskatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
LAB sindikatuarentzat Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena indarrean dago, eta jakinarazi du hitzarmen hori «hobetzeko» soilik negoziatuko duela: «Hitzarmen hau erreferentzia izatea nahi dugu Gipuzkoan zein Euskal Herrian». EAEko Auzitegi Nagusiak 2013an emandako ebazpena berretsi zuen herenegun Espainiako Auzitegi Gorenak. Alegia, Gorenak ere uko egin dio metalgintzako Gipuzkoako ituna indarrean dagoen edo ez ebazteari. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren ustez,«edukietan sartzen ez den arren», epaiak «argi» erakusten du Adegik arrazoirik ez duela: «Hitzarmena ez da bertan behera gelditzen, Adegik nahi bezala. Ezta bide judizialetik ere».

Gipuzkoan, 42.000 langile inguru biltzen ditu metalaren sektoreak. Langile horien etorkizuna negoziazioen mende geldituko da orain. Adegik esan zuen ez zuela negoziatuko auzitegiek epaia eman arte, epai horrek gatazka guztia baldintzatu zezakeela argudiatuta. Auzitegiak ebazpena eman ondoren litekeena da negoziazioei berriz ekin behar izatea.

LAB, ordea, ez dago prest «edozein preziotan» negoziatzeko. «Negoziazio kolektiboan sinesten segitzen dugu, hitzarmenak babesten ditugu, baina patronal honekin ezin gara eseri ezeren truke». Etxaidek berretsi du bertan behera utzi dutela Gipuzkoako patronalarekin egitekoa zuten bilera. Etxaideren esanetan, Pello Gibelalde Adegiko buruak joan den astean esandakoa gazteen inguruan «oso larria» da, baina «egunero» lantokietan ikusten dena baieztatu du: «Adegik urteak daramatza langileek urteetako borrokarekin lortutako guztia txikitzen. Hori da bere politika bakarra». Horrregatik uste du patronalarekin biltzeak ez lukeela egoera hobetuko: «Lantokiz lantoki, kalean, defendatuko dugu negoziazio kolektiboa».

Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu sailburuak aste honetan sindikatuei eskatu die «malguagoak» izan behar luketela, eta horrek ez dituela zertan langileen lan baldintzak txartu. Kontrakoa pentsatzen du LABek. Esate baterako, langileei iruzur egitea dela uste du CCOOk eta UGTk patronalarekin adostutako zenbait akordio —Arabako metalgintzan lortutakoa, adibidez—: «Soldata KPIaren arabera ez igotzea atzerapausoa da langileentzat. Enpresek nahi dutena egingo dute».

LABek ekitaldia egin zuen atzo Donostian. Sindikatuaren Gipuzkoako ordezkariak bildu zirenhan. Nabarmendu zuten hauteskunde sindikaletan Gipuzkoan igo den sindikatu bakarra dela LAB: «Emaitza bikainak izan ditugu». Ekitaldiaren hasieran, Rafa Diez idazkari nagusi ohia aske uzteko eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.