Elkarrizketa Sozialerako Mahaia desegiteko esan dio LABek Lakuari

Mahaiaren bidez, «erreforma iritsi ez den lekura» iritsi nahi du Confebaskek, Etxaideren arabera.Jaurlaritzari esan dio ez jartzeko alfonbra gorria «sekula izan den patronal erreakzionarioenari»

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia aurtengo ilbeltzean, Gasteizen, Lujua aurreko patronalburu eta Aburto aurreko Enplegu sailburuarekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak «sekula egon den patronal erreakzionarioena» hartzen duen mahaia desegin dezan nahi du LAB sindikatuak. Elkarrizketa Sozialerako Mahairen azken bileran Confebaskek enpresa harreman berri bat garatzeko egindako proposamenak hautsak harrotu ditu azken egunetan, eta «patronal aseezinari» nahi duena emateko «tresna eskandalagarri» bilakatu den mahaia ixteko exijitu zion, atzo, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Gasteizeko gobernuari. «Azken lan erreforma txiki geratu zaio Confebaski, eta itun sektorialak, soldata duinak eta eskubide kontsolidatuak dauden lekura iritsi nahi du bere proposamenaren bidez, erreforma iristen ez den lekura alegia».

Soldatak enpresaren emaitzarekin eta produktibitatearekin lotzeko ildotik garatu du patronalak mahaian aurkeztutako eredu berri baten aldeko agiria, betiere oinarrian malgutasuna dagoela. «Erreformak ukitu ezin izan dituen atalak nola likidatu» adostu nahi du Confebaskek Jaurlaritzarekin eta sindikatuekin, Etxaideren arabera, CCOO eta UGTrekin alegia. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eserita dauden beste aldeei «horrelako zerbait» proposatzea «ausartu» izanak «une jakin» batekin lotu zuen sindikatu abertzaleko buruak. «Espainiako gobernu berriari eskatuko zaizkion lan erreforma berriei buruz hitz egiten denean jarri dute mahai gainean».

Eskuratu berri duten CEOEren agiri baten harira, orain urtebete Confebaskek ELA eta LAB legez kanporatzeko saioa egin zuelako salaketa ezaguna berritu dute sindikatu biek ala biek, eta inoiz baino urrutiago daude patronaletik. Haren azken proposamenaren atzean zer dagoen azaldu zuen Etxaidek salaketa gogorrekin. «Espainiako estatuko patronalen abangoardiak lan legediaren aurreko estadioetara itzuli nahi du. Lanaldiak eta soldatak hitzarmenek finkatu beharrean enpresariek finka dezaten nahi du, arrazoi arbitrarioen bidez, langileak enpresarekiko duen lotura neurtuz, adibidez, edota enpresaren emaitzen arabera». Gogoratu zuen, halaber, enpresek«sistematikoki iruzurra» egiten dutela emaitzak osatzeko.

Giro nahasia

Horregatik guztiarengatik, Euskal Herrian «neurri horretako atzerapausoak» gizarteratzeko mahai bat egotearen aurka dago Etxaide, are gehiago sindikatuen ordezkaritza CCOO eta UGTrengutxiengoa izanda. «Proposamena baldintzatzeko gaitasuna ez dutela jakin arren, negoziatzeko prest daude; ez dute zilegitasun demokratikorik».

Ikusteko dago Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak geroa duen ala ez, baina CCOO-Euskadik zeresan handia izan dezake horretan. Izan ere, Unai Sordok «sindikatuen rola zehazteko» eskatu dio Jaurlaritzari enplegu politikaren atalean. Lakuaren erantzunaren zain dago, mahaian jarraitu ala ez aztertzeko. CCOO oinarrizko pieza da Jaurlaritzak bultzatu duen mahaia erori ez dadin. Hain zuzen, mahairen hirugarren hanka da Jaurlaritza bera, eta hari ere erreparatu zion Etxaidek. «Sekula izan dugun patronal erreakzionarioenari alfonbra gorria jarri besterik ez du egiten».

Erreformaren lan merkatu berriaren aroan sindikatuen eta patronalaren arteko harremana ez da erraza, eta gaur inoiz baino gaiztotuagoa ematen du harreman horrek. ELAk akusazio zuzenak egin dizkio Javier Larrañagari «enpresari piratak» izen-abizenekin erakusteko kanpainaren harira, eta Cebek Bizkaiko patronalak «hitzezko indarkeria» praktikatzea egotzi dio. Patronalak ustez krisiak ekarritako aro berri bat abiatu dela barneratu du, eta sindikatuek ez dute hori berdin ikusten; desadostasun erraldoiaren abiapuntua da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.