Homs: «Oker handia da honaino iristea hautetsontziak jartzeagatik»

Francesc Homs Kataluniako kontseilari ohia epaitu dute Madrilen, azaroaren 9ko galdeketagatik. Argudiatu du legebiltzarraren agindua betearaztea zuela bere eginbeharra, eta berriz egingo lukeela
Francesc Homs, erdian, Kataluniako politikariek eta ordezkariek babesturik, Espainiako Auzitegi Gorenera sartu aurretik, atzo, Madrilen.
Francesc Homs, erdian, Kataluniako politikariek eta ordezkariek babesturik, Espainiako Auzitegi Gorenera sartu aurretik, atzo, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko otsailak 28

Kataluniako 2014ko azaroaren 9ko galdeketa berriz ere auzitan dago, oraingoan, Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenean, eta akusatuen aulkian Francesc Homs jarri dute, kontsulta garaian Kataluniako Presidentetzaren bozeramaile zena, eta gaur egun Espainiako Kongresuan PDECat Alderdi Demokrata Europar Katalaneko diputatua. Horregatik ari dira epaitzen Madrilen, —eta ez Katalunian, Artur Mas, Irene Rigau eta Joana Ortegarekin egin bezala—. Baina auzitan gauza bera dago: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatzeko erabakia ustez desobeditu izana. Homsek ere, Ortegak, Masek eta Rigauk bezala, epaiketaren izaera politikoa salatu du. «Epaiketa politiko baten biktima naiz. Oker handia da honaino iristea hautetsontzi batzuk jartzeagatik, prozesu parte hartzailea bideratzeko».

Desobeditzea eta prebarikazioa egitea leporatu dio Jaime Moreno fiskalak, eta bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu du Homsentzat. Ordea, obeditu zutelako daude gaur egun auzipetuta lau politikariak, atzo, Homsek argudiatu zuenez: «A-9a Kataluniako Legebiltzarraren aginduz antolatu zuen gobernuak, hau da, herritarren aginduz». Herritarren eskubide politikoen eta Konstituzionalaren agindu zehaztugabe baten artean aukeratu behar izan zuten: «Ezin genuen beste ezer egin». Generalitateak argibideak eskatu zizkion auzitegiari, baina ez ziren inoiz iritsi, esan duenez. Horrez gainera, ez zuen jakinarazpen pertsonalik jaso. Konstituzionalaren debekua azaroaren 4an iritsi zen posta elektronikoz presidentetzara, eta, gainera, ez zuen argi erakusten debekua. Homsek ez zuen pentsatu delitu bat egiten ari zela.

Defentsaren arabera, legebiltzarraren aginduz egindako eskaera betetzeaz gainera, Konstituzionalaren debekua iritsi aurretik egin zituzten kontsultarako kontratu administratiboak, eta, prestakuntza guztiak publikoak izan ziren.

Damurik ez

Edozein kasutan, egin duena berriz egingo luke Homsek, Auzitegi Konstituzionalaren 2015 erabakia jakinda ere, zeinak inkonstituzionaltzat jo zuen galdeketa. Kontseilari ohiak onartu du prozesu parte hartzailea prestatu zuela, Media Planing enpresari publizitatea egin zezan eskatu ziola; Firako pabiloia alokatu zuela kontsultaren emaitzak iragartzeko prentsaurrekorako; beharrezko egitura informatikoa kontratatu zuela, eta Generalitateak Kataluniako Estatistika Institutuaren datuak erabili zituela eskutitz bat bidaltzeko, bozkatzeko adina zuten katalanei.

Azaldu du, halaber,prestaketa guztietan ez zutela boluntarioek parte hartu. «Fase askotan egon ziren boluntarioak. Emaitzak jasotzeaz arduratu ziren, eta kudeatzeaz, baina aurretik ez zuten ezer egin».

Dena kontrolpean egin zuten, eta, batez ere, legearen bermepean, Homsek azaldu duenez: «Legebiltzarraren agindua nuen legea betetzeko eta errespetatzeko, eta prozesua irregulartasunik gabe bideratzeko». Ilegaltasunean erortzea saihesteko, aholkua eskatu zien besteak beste, Carles Viver Pi-Sunyer konstituzionaleko magistratu ohi eta prozesuaren ideologoari, eta Generalitateko zerbitzu juridikoari. «Desobedientziaren eta prebarikazioaren tipo penalari buruzko ezagutza freskatu nuen, gauzak ongi egin nahi genituelako».

Legea politikoki «beste batzuek» erabili dutela esateko adibide batzuk jarri ditu: Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia, besteak beste, zeina Homs jomugan jartzeko aukeraz mintzatu baitzen Kataluniako Iruzurraren Kontrako Bulegoarekin —filtratu egin ziren elkarrizketa haiek—, edota egunotan kaleratu diren fiskalen hainbat adierazpen, Espainiako Gobernuaren presioez ari direla. Salatu du 2014ko azaroaren 8 eta 9 artean Espainiako Gobernuaren mezu bat jaso zuela, esanez, ez zutela bere kontrako neurririk hartuko, prentsaurrekorik ematen ez bazuen emaitzak jakinarazteko.

Atzo, epaiketa hasi aurretik, defentsak eskatu zuen lekuko gisara deitzea Espainiako presidente Mariano Rejoy, Justizia ministro Rafael Catala, fiskal nagusi ohi Eduardo Torres Dulce eta Konstituzionaleko presidente Francisco Perez de los Cobos, baina fiskalak ez zuen eskaera onartu. Homsentzat «pena» da ez onartzea, izan ere, Kataluniako Gobernuak uste izan zuen Espainiakoaren baimen inplizitua zuela, Fiskaltzak ez baitzuen esku hartu Generalitateak galdeketarekin aurrera egin zuenean. Gainera, Rajoyk eta Catalak prozesuaren aurretik egindako adierazpeneten iradoki zuten ez zeudela haren kontra.

Atzo arratsaldean izan ziren lekukoak deklaratzen, baina akusazioarenak; besteak beste, Felip Puig kontseilari ohia edota T-Systems galdeketaren euskarri informatikoaz arduratu zen enpresako Bernat Rigau. Biek erantzun zuten Homsen baimena zutela lanekin jarraitzeko.

Gaur defentsaren lekukoen txanda izango da, Rajoy eta Catalarena ez, baina bai Artur Mas presidente ohiarena, besteak beste. Bihar, azkenik, txosten teknikoa osatu zuten bi guardia zibilen lekukotza entzun ahal izango da.

Babes handia

Babes handia izan zuen atzo Francesc Homsek epaitegira sartu aurretik. Han zeuden Artur Mas, Neus Munte presidenteordea, Atzerri kontseilari Raul Romeva, eta ERCko Gabriel Rufian eta Joan Tarda, askoren artean. EAJko Aitor Esteban eta EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia ere babesleen artean egon ziren, eta Herrialde Katalanetako hainbat ordezkarirekin batera herritarren bozkatzeko eskubidearen aldarria egin zuten, Espainiako Gobernuaren «errepresioa» salatzearekin batera. «Errepublika Katalanaren» alde manifestaziora deitu du, berriz, ERCk, Bartzelonan, larunbaterako.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Muriel MacSwiney ekintzailea, New Yorken, senar Terenceren heriotza salatzeko protesta batean. ©BERRIA

Matxinada baten adar guztiak

Niall Cullen

Gaur ehun urte bete dira Terence MacSwiney irlandar errepublikanoa hil zela, 74 egunez gose greba egin eta gero. Berehala bilakatu zen nazioarteko erreferentzia antiinperialistentzat eta nazionalistentzat.

Frontex agentziako agente batzuk, Portugalgo kostan, artxiboko irudi batean. ©EFE

Frontex migratzaileen legez kanpoko itzuleren «konplize» dela salatu dute

Ander Perez Zala

EBren agentzia «hein bateraino» dago «inplikatuta» jardun horretan, ikerketa baten arabera

Lopez, iaz emandako elkarrizketa batean. ©M. G. / EFE

Leopoldo Lopez Venezuelatik atera da

Ander Perez Zala

Oposizioko buruzagia Espainiaren enbaxadan zegoen 2019an Maduro boteretik botatzen saiatu zirenetik; «bide klandestino bat» erabili du herrialdetik irteteko. Bere aitaren arabera, Espainiara joango da «laster».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna