Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua «Bozkatuko dugu»

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Prozesu subiranista

«Bozkatuko dugu»

Kataluniako Erreferendumaren Aldeko Akordio Nazionalak 500.000 sinadura baino gehiago bildu ditu bortz hilabetean, eta 4.000 erakundek babestu dute
3.000 pertsona inguruk bete zuten atzo Bartzelonako Kongresuen Jauregia, Erreferendumaren Aldeko Akordio Nazionalaren ekitaldian.
Argazkia: QUIQUE GARCIA / EFE

2017-05-20 / Mikel Rodriguez

«<em>Votarem! Votarem!» (Bozkatuko dugu) oihuekin eten zuten ikusleek Joan Ignasi Elena Kataluniako Erreferendumaren Aldeko Akordio Nazionaleko presidentearen hitzaldia. Bortz hilabetean 500.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte independentziarako erreferendum bat eskatzeko, eta 4.000 erakundek babestu dute proposamena. Ekitaldi berezi batean aurkeztu zuten atzo emaitza, Bartzelonako Kongresuen Jauregian. «Herrialdea argi mintzatu da: nazio bat gara. Ez inor baino hobeak garelako, ez pribilegioak nahi ditugulako, ezta historiaren, tradizioaren, hizkuntzaren edo kulturaren arrazoiengatik ere; katalan gehienek hala sentitzen dutelako baizik, eta, horregatik, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu», erran zuen Elenak. Erreferendumari data paratzeko bidean egun erabakigarriak izanen dira hurrengoak, eta Akordio Nazionalak bertze legitimazio bultzada bat eman nahi izan du. Elenak erran du akordioa «katalanismoaren batasunerako tresna handi bat» dela, eta jakinarazi du hura osatzen duten erakundeek erabakiko dutela etorkizunean zer egin.

3.000 pertsona inguruk bete zuten Kongresuen Jauregia. Horien artean zeuden Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, gobernuko hainbat goi kargudun, eta PDECat, ERC, En Comu Podem eta CUP alderdietako ordezkariak. Hala ere, soilik ikusle gisa parte hartu zuten ekitaldian, Erreferendumaren Aldeko Akordio Nazionalak erakunde sozialetako eta kulturaren arloko ordezkariei eman baitzien hitza.

Nazioarteko babesa

Horietako bat izan zen Bel Olid katalanezko idazleen elkarteko ordezkaria. Espainian katalanak «gutxiengo gisa» hartzen dituztela erran zuen, eta horregatik arriskuan dituztela hainbat eskubide. «Baina guk hemen baditugu gure gehiengoak», adierazi zuen, erreferendumaren aldeko eskariari aipamena eginez.

Txalo gehienetakoak Luis Garcia Montero poeta espainiarrak jaso zituen. Gaztelaniaz egindako hitzaldi bakarra izan zen. Kataluniako prozesua babesten duela erran zuen Garcia Monterok, «sendotasun demokratikoko ekintza bat» delako. PPk eta EAJk aurrekontuen inguruan egindako akordioa aipatu zuen, alderdien izenik erran ez bazuen ere. «Herritar gisa lotsa ematen dit alderdi nagusia botoen salerosketan hasten denean: zenbat ematen dizudan, zuk nire alde bozkatzeko. Lurralde artikulazioa gauza serioa da».

Nazioartean erreferendumaren aldeko babesa bilatzeko Let Catalans vote (Utzi bozkatzen katalanei) egitasmoak ere tarte bat izan zuen ekitaldian. 2014an paratu zuten martxan, eta nazioarteko pertsona ezagunen babesa bilatzea zuen helburu. 26 sinadura bildu zituzten 2014an, eta orain, bertze hamalau bildu dituzte. Kataluniako Tunisiarren Elkarteko kide batek egin zuen aurkezpena, eta azken sinatzaileetako baten mezu bat irakurri zuen frantsesez; hain zuzen, Ahmed Galai Giza Eskubideen Liga Tunisiarreko presidenteorde eta Bakearen Nobel saridunarena. Politikaren munduko ordezkari eta ekintzaile ezagun gehiagok eman diote babesa Let Catalans vote-ri —Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saridunak, Gerry Adams Irlandako Sinn Fein alderdiko buruak, Piedad Cordoba Kolonbiako ezkerreko militanteak, Angela Davis pentsalari eta ekintzaile estatubatuarrak, Jose Bove Frantziako sindikalistak—, baita kulturaren arlokoek ere —Viggo Mortensen aktore estatubatuarrak, Irvine Welsh idazle eskoziarrak eta Tsering Woeser poeta tibetarrak—. CUPen eskutik, hamabortz herrialdetako erakundeetako ordezkariak izan ziren ekitaldian; horien artean, Sortukoak, Euskal Herritik.

Elenaren hitzaldiarekin bukatu zen agerraldia. «Matxinada demokratiko bat ari gara bizitzen». Akordio Nazionaleko presidentearen ustez, «ez da independentzia kontua, demokrazia kontua da, eta horrek ematen die min handien erreferendumaren aurka daudenei». Hiru hartzaileri mezu bana zuzendu zien. Alde batetik, «Espainia demokratiko eta modernoari» eskatu zion «iluntasunaren eta iraganaren aurka» matxinatzeko. Bertzetik, PPren gobernuari ohartarazi zion «begiak ixteak» ez duela «errealitatea aldatzen». Azkenik, Puigdemont presidenteari, «erreferendumak jaso duen babes izugarria» kudeatu dezala eskatzeko.

Kanpainaren hasiera

Alderdi politikoek bigarren mailako rola izan zuten atzoko ekitaldian, baina, ERCren kasuan errate baterako, Kongresuen Jauregiko bilkura bukatu bezain laster hasi zuen erreferendumean independentziaren aldeko botoa eskatzeko kanpaina. Marta Rovira idazkari nagusiak eta Sergi Sabria alderdiko bozeramaileak parte hartu zuten afixak itsasteko ekitaldi batean Bartzelonan, ERCren egoitza nazionalaren ondoan. Lehenbiziko ekitaldi handia gaur eguerdian eginen dute errepublikanoek, Bartzelonako Josep Trueta lorategietan. Oriol Junqueras ERCko presidente eta Kataluniako presidenteordeak solas eginen du. Kataluniako alderdi nagusiak, PDECatek, asteazkenean hasiko du independentziaren aldeko botoa eskatzeko kanpaina. Si al millor pais (Herrialde onenari bai) leloa izanen du.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak