Txapeldun berria eta zaharra

Hibaikak lehendabiziko aldiz irabazi du emakumezkoen Euskadiko Txapelketa, eta Urdaibai nagusitu da seigarren aldiz gizonezkoetan. Azken txanpan erabaki dira Lekeitioko bi estropadak

Hibaikako arraunlariak, Euskadiko Txapelketan lortutako garaipena ospatzen, atzo, Lekeitioko uretan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hibaikak urteak zeramatzan garaipen handi baten atzetik. Bandera preziatuenetako bat nahi zuen. Irabazia zeukan iaz Gipuzkoako liga, eta bada kontuan hartzekoa, jakina. Baina txapelketa handiren bat, Kontxa... horiek falta. Nahiz eta Gipuzkoako Txapelketa ere baduen. Bada, atzo lortu zuen Euskadikoan bandera astintzea: ikurrina Errenteriara.

Lekeition aritu ziren emakumezkoak lehian, bi txandatan, eta bigarrengoan joan zen geroko txapelduna, aurreneko kaletik. Ondo-ondoan, bigarrenetik, San Juan. Bi faboritoak, beraz, elkarren ondoan. Ez ziren horrela hasi, baina, lanean. Pasaitarrek sekulako txanpa jo zuten hasieran, eta alde txikia zabaltzea lortu zuten. Lehen kaleko olatua oztopo, nonbait, Hibaikarentzat, hasiera horretan. Baina Santa Katalina ermitaren paretik aurrera, berdinduz joan ziren baldintzak eta lehia. San Juanek alde izandako lauzpabost segundoak jan egin zizkion Hibaikak luzea amaitzerako. Ziabogan, aurretik zen, gainera, Naroa Galdos patroi duen taldea.

Baga zebilen, poparean ondo baliatzeko itsasoa. Ipar-mendebaldeko haizea ere bazenez, lehen bi kaleak egokiak ziren bueltakoan gozo etortzeko, olatuaren eta haizearen norabidean. Hibaikak, ziaboga eman eta segituan, branka sartu zion San Juani, eta alde txikiarekin egin zuen ia luze osoa. Baina helmuga gerturatzen ari zen bezala, San Juan gainera etorri zitzaion. Ematen zuen irauli behar zuela estropada azkenera, aurreko igandean Pasaian gertatu zen bezala, Euskotren ligako lehian.

Hibaika behin baino gehiagotan geratu da aurten garaipenetik oso tarte txikira, eta nork ez du gogoan iaz Kontxako banderan gertatua: bigarren igandean irabazi, baina ezin pasaitarren alde txikia murriztu. Kontxako altxorrik gabe itzuli behar izan zuen etxera. Badu Hibaikak zorte txarraren edo irabazle ez izatearen bereizgarri desatsegin hori, eta atzo ere gauzak hortik joango ote ziren azkeneko metroetan... Baina, ez. Mahaian kolpea jotzeko beharra zeukan arraunlari multzo horrek, eta, azkeneko olatua ederki baliatuz, Euskadiko Txapelketa bereganatu zuten, San Juani 1,98 segundoren aldea sartuz.

Badu poesiatik garaipenak, garaipen poetikoa. Bigarrenaren iraultza, nolabait esateko. Eta abisua San Juani: itsasoan ere gai dira aurten bandera gehien irabazi duen taldea menderatzeko.

Uda zirraragarria iragartzen zuten azkeneko estropadek, elkarren gainean sarri ibili direlako. Atzokoak berretsi egiten du hori dena. Azkeneko hamazazpi egunetan, bigarren aldiz irabazi dio Hibaikak San Juani. Oriok egin zuen hirugarren, lehen txandan bazterrak majo astindu eta gero. Brankaz ondo, eta bueltan ere txukun, hamasei segundora geratu zen Hibaikatik. Oriotarrei ere indarra emango die atzoko emaitzak, datorrenari konfiantzaz ekiteko. Ondoren sailkatu ziren Arraun Lagunak, Hernani, Deustu, Donostiarra eta Lea-Artibai.

Urdaibaik, azken olatuan

Gizonezkoen txapelketak ere zirrara bera izan zuen, eta azkeneko olatuak erabaki zuen txapelduna. Buruz buruko lehia izan zen Urdaibairen eta Hondarribiaren artean. Horiek ere elkarren ondoan egokitu zituen kale zozketak: Bermeokoak lehen kalean, eta hondarribiarrak bigarrenean. Hiru egoera bereizi behar dira atzokoa kontatzerakoan: batetik, kanpora begira Urdaibaik erakutsitako nagusitasuna; bigarrenik, barruranzko azken luzean Hondarribiak azaldu zuen maisutasuna; eta, hirugarrenik, Orioren zorte txarra bigarren ziabogan. Balizaren soka kateatu zitzaion traineruan, eta han joan zitzaizkion lehian jarraitzeko aukerak.

Urdaibai kanpora dotore doala ez da kontu berria uda honetan. Estropada erabakita utziko zuen ez bazen poparean bizi etortzeko olatuengatik izan. Aldea bai Hondarribiari kanpoko balizetan, baina ez nahikoa barrurantz lasai antzean etortzeko. Are gutxiago atzoko aurkaria halakoetan nola moldatzen den jakinda.

Azkeneko luzea gogoan gordetzekoa izan zen. Urdaibai zetorren aurretik, eta hamar segundoren aldea ere izan zuen. Baina bukaera gertu zela, hartu zituzten pare bat olatu eder Ioseba Amunarrizek eta haren arraunlariek, eta aurretik jarri ziren. Segundoaren bueltan betiere aldea gipuzkoarren aldekoa izan zenean. Urdaibai, bitartean, zulotik zulora, olatua noiz etorriko. Etorri zitzaion, bai. Azkenekoa. Kale edo bale. Horixe hartu zuen Vicente Carpintero patroiak eta arraunlariek, eta hantxe pasatu zuten Hondarribia, zuloan geratu zena izan zelako unerik erabakigarrienean. Segundoa eta hirurogei ehunen Bermeokoen alde, eta seigarren aldiz garaile. Udako hirugarren bandera, eta azkenaldiko estropadetan garaipenetik oso gertu ibili izanaren arantza ateratzeko aukera.

Oriok bukatu zuen hirugarren txandan, eta sailkapenean, eta Kaikuk laugarren lehia berean. Lehen txandan, Zierbenak irabazi zien Donostiarra, Ondarroa eta San Juani.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.