Dublinen lehenengo bide orria

Irlandako Parlamentuak Ipar Irlandarekin batzeko proposamen ofiziala aurkeztu du lehen aldiz. Parlamentuko batzorde batek sortutako dokumentua da. «Prozesu baketsua» izatea nahi dute

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa, kargua hartu berritan. AIDAN CRAWLEY/ EFE.
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Irlandarekin batzeko proposamen ofizial bat aurkeztu du Irlandako Errepublikak lehen aldiz. Parlamentuko batzorde bat arduratu da dokumentua osatzeaz, eta brexit-a gertatuz gero errepublikak hartu beharreko neurriak azaltzen ditu, egon litezkeen ondorioen inguruan. Mark Daly Fianna Fail oposizioko alderdiko senataria izan da prozesuaren egilea, eta azpimarratu du «lehen aldia» dela errepublikak bateratze prozesu baketsu bat aurkezten duena. Hamazazpi gomendioz osaturiko dokumentua da, eta, besteak beste, bi lurraldeen arteko mugetan herritarrentzat pasaporte kontrolik ez egotea aholkatzen du. Niall O Donnghaile batzordeko eta Sinn Feineko kidea da, eta adierazi du brexit-ak izan ditzakeen ondorio ekonomikoen aurrean Irlanda prest egoteko sortu dutela: «Testuinguru berriari erantzuten dio, bai Ipar eta bai Hego Irlandako ekonomietan izan dezaken eraginean».

Sinn Fein Irlandako alderdi errepublikanoak txalotu egin du parlamentuko batzordeak eratutako txostena. Kathleen Funchion alderdiko kideak esan du brexit-a erronka bat dela Irlandarentzat, eta banaketa amaitzeko prozesuak abian jarri behar direla: «Herritar guztiek bertan bizi eta aurrera egiteko tresnak izan ditzaten, Irlanda berri bat eraikitzeko bideak sortu behar ditugu».

Brexit-aren erreferendumak hautsak harrotu ditu Europan, arlo politikoan eta ekonomikoan. Erresuma Batua EB Europako Batasunarekin negoziatzen ari da, eta Irlandaren etorkizuna eztabaidaren erdian kokatu dute. Ipar Irlanda eta errepublikaren artean izan daitezkeen ondorioen inguruan, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak joan den ekainean esan zuen «mugakide diren lurretan irtenbide praktiko bat aurkitzeko konpromisoa» hartu duela. Era berean, David Davis Erresuma Batuko brexit-erako negoziazio taldeko buruak lehen bileraren atarian adierazi zuenez, mugak «ahalik eta ikusezinenak» izango dira. Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa ere bat dator ideia horrekin.

Brexit-aren etorkizuna adostu bitartean, Ipar Irlandako gobernua eratzeko ahaleginek geldirik daude oraindik. 1998an adostu zutenetik, Ipar Irlandako gobernua partekatua da. Hau da, unionistek eta nazionalistek osatzen dute gobernua. Joan den urtarrilean, Sinn Fein alderdiak sistema hori amaitzea erabaki zuen, eta,ordutik, Foster babesik gabe dago agintean. DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Mayren gobernua babestu izanak ere ez ditu gauzak hobetu.

'Brexit'-a bai,'brexit'-a ez

Aste esanguratsu baten erdian aurkeztu dute Irlanda batzeko proposamena. Izan ere, bihar,Leo Varadkar lehen aldiz Belfastera joatekoa da Irlandako lehen ministro gisa. Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministroarekin batzartuko da. Bi buruen arteko harremanak ezbaian daude, elkarri eginiko adierazpenak direla medio: Varadkarrek adierazi du brexit-a ez dela gertatuko. Fosterrek «errealitatea onartzeko» erantzun dio, eta britainiarren nahiei «errespetua galtzen» diela gehitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.