Irlandako muga, mugarri

Erresuma Batuak eta Bruselak erabaki dute ez dela muga zurrunik izango Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean. Amaitutzat jo dute 'brexit'-aren negoziazioen lehen fasea

Theresa May eta Jean-Claude Juncker, bi aldeetako negoziatzaileen erdian, Europako Batzordearen bulegoetan , Bruselan, atzo. ERIK VIDAL / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Brexit-aren negoziazioen lehen faseko mugarria Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga izanda, zeina Erresuma Batuak EB Europako Batasunarekin izango duen muga fisiko bakarra den. Astelehenean, Erresuma Batua eta EB hitzarmena ixtear zirela zirudiela —herritarren eskubideei buruz eta brexit-aren fakturaz akordioa lortuta—,DUP Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak ez zuen onartu, ez dutelako nahi Ipar Irlandarentzat trataera berezirik eta merkatu bakarrik. Baina Irlandako Errepublikak argi utzi zuen betoa ezarriko ziola hitzarmenari, ziurtatu arte Irlandan ez dela egongo muga zurrunik. Azkenean, muga leuna izango dela hitzartu dute, zehaztasunetan sartu gabe, ezinezkoak ziruditen negoziazioetan aurrera egiteko. Dena den, ez du argibiderik ematen, eta urratsak zehaztuz doazen neurrian pareta asko bota beharko dituzte, unionistek iragarri dutenez: «Oraindik asko geratzen da hitz egiteko».

Unionistek Erresuma Batu osoarentzako irtenbide bat lortzea dute helburu, eta ez dute nahi Ipar Irlandarako erregulazio berezirik onartu. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Jean-Claude JunckerEuropako Batzordeko presidenteak atzo nabarmendutakoaren arabera, ordea, «Irlandan ez da muga gogorrik egongo». Bi aldeetako ordezkariak Leo Varadkar Irlandako lehen ministroarekin eta Arlene Foster Ipar Irlandako unionisten buruarekin aritu dira buru-belarri, negoziatzeko epea azken-azkenera arte erabiliz, eta, azkenean, Varadkar gustura uzteko moduko hitzarmena lortu dute, Erresuma Batuaren osotasuna errespetatzearen truke. Baina hori nola egiten da? Printzipioz, bateraezinak dirudite muga leunak eta Erresuma Batuaren banaezintasunak.

Ipar Irlandaren eta Irlandaren arteko muga ikusezina posible egiteko, formula juridiko oso korapilatsua baliatu dute. «Erresuma Batuak barne merkatuaren eta muga batasunaren arauekiko lerrokatze erabatekoari eutsiko dio, orain edo etorkizunean Irlandaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremana eta uhartearen ekonomia babesteko, hala nola 1998ko akordioa». Alegia, ez da erabakirik hartuko harik eta Ipar Irlandaren egoerari nola eragiten dion aztertu arte. Horrez gainera, Ipar Irlandan jaiotako herritarrek Europako herritartasunari eutsiko diote.

Ostiral Santuko akordioa

Joan den asteazkenean, Mayk eta Varadkarrek bilera luzea izan zuten. Biek Erresuma Batuaren eta EBren osotasuna eta Belfasteko akordioa —Ostiral Santuko akordioa— errespetatzearen alde egin zuten. Izan ere, muga zurrun bat ezarriko balitz, 1998ko Ostiral Santuko akordioa hautsiko lukete, Irlandako bake prozesurako akordio nagusia.

Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga, berriz, 1993an ezabatu zuten, EBko merkatu bakarra indarrean sartu zenean, eta bi eremuetako herritarrek hala jarraitzea nahi dute. Muga zurrun batek eragin zuzena izango luke uharteko ekonomian. Horregatik, Ipar Irlandak Europarekiko erregulazio ezberdinik ez izatea babesten zuen proposamen bat aurkeztu zion Dublinek Mayri astelehenean, DUPek aurrera ateratzea galarazi zuen proposamena.

Theresa Mayk beharrezkoa du DUPen babesa, Westminsterreko parlamentuan gehiengo osoa galdu zuenetik unionisten hamar parlamentarien bozak ezinbesteko baititu, gobernuaren ekinaldi nagusiak aurrera atera ahal izateko, besteak beste, aurrekontuak, eta, akordioa irentsi behar izan badute ere, ohartarazi dute «baldintzak» jarriko dituztela «hala egokitzen denean».

Baina brexit gogorra aurrera eramateko ezintasunak ikusita, mahai gainera itzuli da brexit leunaren ideia, hau da, Erresuma Batuak merkatu bakarrean eta aduana batasunean jarraitzearena, edo muga fisikoa ekidingo lukeen beste erabakiren bat hartzearena. Mayren «marra gorrietako» bat izan da hori, baina brexit-a bezala leuntzen ari den marra da.

Brexit leuna gero eta babes handiagoa lortzen ari da Erresuma Batuan, bai Europazaleen artean, eta baita irteeraren alde daudenen artean ere, zer esanik ez Eskozian. Alderdi kontserbadoreko Eskoziako lider Ruth Davidson izan da bide hori babestu dutenetako bat:«Irlandan muga fisikorik egon ez dadin hainbat lurraldetan erregulazioa lerrokatzea beharrezkoa bada, lehen ministroak ondorioztatu behar du hori aplikagarria dela Erresuma Batu guztian». Kontserbadoreen artean indarra hartu duen politikari bat da Davidson, Eskoziako oposizioko buru bilakatu baititu kontserbadoreak.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru Nicola Sturgeon ere bat etorri da Davidsonekin, eta oposizioari eta brexit leunaren aldeko tory-ei deia egin die elkarlanean aritzeko, «Erresuma Batua merkatu bakarrean eta aduana batasunean mantentzeko».

Irlandako auzian aurrera egiteaz gainera, Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarrek eta EBn diren britainiarrek bertan bizitzeko eta lan egiteko eskubideak mantenduko dituzte. Erresuma Batuak ez du EBn boto eskubiderik izango, baina hainbat arau bete beharko ditu, Europako Justizia Auzitegiarenak, adibidez, eta era berean, Erresuma Batuko epaileek Luxenburgora jotzeko eskubidea izango dute Europako arautegiari buruzko zalantzak dituztenean. Horrez gainera, 40.000 eta 45.000 milioi euro artean ordainduko ditu Erresuma Batuak EBtik ateratzeagatik.

Abenduaren 14an eta 15ean aztertuko dute dokumentua Europar Kontseiluan, eta hortik aurrera bigarren fasean sartuko dira: brexit-a gauzatu ostean —2019ko martxoa— Londresen eta Bruselaren arteko akordioak eta harremanak nolakoak izango diren izango dute hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.