Katalunia

Puigdemontek Mahaiaren esku jarri du Bruselatik inbestitua izateko aukera

Parlamentuko presidentea etzi da esatekoa ea JxC eta ERCren presidentetzarako hautagaia inbestitzea proposatuko duen ala ez. Puigdemontentzat «immunitatea» eskatzea aztertzen ari da JxC

Eduard Pujol eta Elsa Artadi JxC Junts Per Catalunyako diputatuak, atzo Roger Torrent parlamentuko presidentearekin izandako bileran. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Madrilek dio ezetz, Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk Generalitateko presidentetzarako adostutako hautagaiak ezin duela inbestitua izan telematikoki edo inbestidura saioko diskurtsoaren irakurketa beste diputatu baten esku utziz. «Ez dugu onartuko legez kanpoko ekintzarik», adierazi zuen Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak atzo, aurrez haren alderdikide eta gobernukideek esandakoa errepikatuz. Dena dela, Kataluniako Parlamentuko arautegiari berari helduta, baiezkoan dago Puigdemont. «Arautegiak ez ditu debekatzen inbestidurarako aztertzen ari garen formulak», nabarmendu zuen presidentegaiak, atzo goizean Catalunya Radion egin zioten elkarrizketan. Beraz, arautegia interpretatzeko gaitasuna duen neurrian, Parlamentuko Mahaiaren esku jarri du erbestetik inbestitua izateko aukera.

Eta legebiltzarrak atzo arratsaldean ohar bidez jakinarazi zuenez, Roger Torrent mahaiko presidente hautatu berria etzi da esatekoa Puigdemont inbestitzeko proposatuko duen ala ez. Mendez de Vigok ohartarazi egin zuen atzo, esanez «auzitegien aurrean» erantzun beharko duela inbestidura telematikoa ahalbidetzen badu.

Beranduenez hilaren 31n egitekoa den inbestidurako osoko bilkurara begira, parlamentuko presidentea alderdiekin batzartu zen bigarren egunez jarraian; atzo, JxC, ERC eta Ciutadanseko ordezkariekin. Eta behin bileratik aterata, Artadik jakinarazi zuen Puigdemontentzat «immunitate parlamentarioa» eskatzea aztertzen ari direla. Ines Arrimadasek (Ciutadans) Torrenti eskatu zion ez dezala Puigdemont proposatu.«Ez dugu onartuko arautegia behartzea».

Bestalde, inbestiduraren egunean botoa delegatu ahal izateko eskaera egin zuten Bruselara erbesteratutako Antoni Comin eta Meritxell Serret ERCkoek. Bezperan maniobra bera egin zuten JxCko Puigdemontek, Clara Ponsatik eta Lluis Puigek.

Hori egitea posible delakoan dago Puigdemont. «Parlamentuak berak lege bat onartu zuen baliabide telematikoen erabilerarako». Parlamentuko zerbitzu juridikoek kontrakoa diote, baina horiek diotenari garrantzia kendu dio. Izan ere, gogoratu du joan den uztailean ereganberaren arautegia aldatzearen kontra zeudela, diputatuen botoekin aldatu zutela saio batean —Erreferendum Legea eta Deskonexio Legea lehen irakurketan onartzeko helburuarekin—, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berak bermatu zuela aldaketa.

Elkarrizketan nahiko argi geratu zena da Puigdemontek oraingoz ez duela asmorik Kataluniara itzultzeko. Auzitegi Gorenak hala aginduta, ziurrenik atxilotu egingo lukete bueltatuz gero. «Ezin zara presidente izan preso baldin bazaude», azpimarratu zuen. Trabak gorabehera, inbestitua izateko helburua du: «Hori da gure talde parlamentarioaren eta beste batzuen asmoa, hori bozkatu zuelako jendeak». Madrili exijitu dio, beraz, errespeta dezala katalanek joan den abenduaren 21eko hauteskundeetan bozkatutakoa.

Presidente aukeratzen baldin badute zein gobernu programa garatuko duen argitzeko eskatu izan dio CUPek hainbatetan. Antikapitalistek, ezustekorik ezean, haren inbestidura babestuko dute, baina eskatzen diote jarrai diezaiola iragan urrira arteko bide orriari. Puigdemonten esanetan, jendeak botoa eman zuen Espainiako Gobernuak Katalunian ezarritako konstituzioaren 155. artikuluak desegindakoa «berrezartzearen alde». Beraz, Madrili exijitu dio errespeta ditzala bozen emaitzak.

Puigdemontek pentsatzen du«ekintzen errepublikara» igaro behar dela, baina ez du horretarako eperik jarri nahi izan. Eta autokritika egin zuen atzo. «Agian, hobetu behar dugu une hain zailetan malguak izatea eragozten diguten egutegiak jartzerakoan». Etzi Kopenhagera joatekoa da, hango unibertsitate batean Kataluniaren buruzko mahai inguru batean parte hartzekoa baita.

Romeva: «Ez dagokio ERCri»

ERCk Puigdemont babestu zuen Torrentekin izandako bileratik atera ondoren egindako agerraldian, eta Raul Romeva diputatuak nabarmendu zuen parlamentuko presidentearekin ez zirela mintzatu inbestidura moldeez, «kontu teknikoez». Hark ere berretsi zuen mahaiak berak duela azken hitza. Ez zuen zehaztu, halere, zein inbestidura molde bultzatzen duten. «ERCri ez dagokio hori erabakitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.