Israelek Mendebaldeko estatuetara bidaliko ditu 16.000 etorkin afrikar

Itun bat sinatu du Tel Avivek NBErekin, eta behartuta alboratu du 35.000tik gora migratzaile Afrikara kanporatzeko zuen plana. Beste 16.000ri behin-behineko bizileku baimena emango die, bost urtez
25.000 bat pertsona bildu ziren martxoaren 24an Tel Aviven, Israelgo Gobernuak ezarri nahi zuen planaren kontrako manifestazioan.
25.000 bat pertsona bildu ziren martxoaren 24an Tel Aviven, Israelgo Gobernuak ezarri nahi zuen planaren kontrako manifestazioan. ABIR SULTAN / EFE

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 3
Israelgo Gobernuaren asmoa zen, berez, bere estatutik kanporatzea 35.000tik gora etorkin afrikar. Hori zioen urtarrilean onartutako planak, eta herenegun zen gauzatzen hastekoa. Baina NBE Nazio Batuen Erakundeak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileek ez zuten, inondik ere, begi onez ikusten. Beraz, Israelgo Auzitegi Gorenak duela bi aste pasa planari jarritako behin-behineko betoa tarteko, Tel Avivek bertan behera utzi behar izan du. Eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak onartu zuen, atzo, behartuta hartu behar izan dutela erabakia. Horren ordez, datozen bost urteetarako akordioa sinatu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin, eta, horren arabera, 16.000 asilo eskatzaile afrikar Mendebaldeko estatuetara bidaliko ditu Israelgo Gobernuak, eta beste 16.000ri behin-behineko bizileku baimena emango die. Netanyahuren esanetan, besteak beste, Italiak, Alemaniak eta Kanadak hartuko dituzte etorkinak. Alemaniak Israelen duen enbaxadak adierazi du ez duela planaren berririk.

Asiloa eskatu duten horietako gehienak Eritreakoak eta Sudangoak dira, Tel Aviv hegoaldean bizi dira pilatuta, eta joan den otsailaren hasieran Israelgo Gobernuak eskutitz bat helarazi zien. Horrek esaten zuen hurrengo 60 egunen buruan alde egin beharko zutela Israeldik, bestela espetxeratu egingo baitzituen —lehen fase batean kanporatuak izatetik libratuko ziren 7.000 bat emakumezko eta 5.000 bat adingabe—. Eskaintzen ziena zen, hortaz, batetik, jaioterrira itzultzea; eta, bestetik, 2.900 euro eta hegazkin txartel bat ematearen truke, Afrikako hirugarren herrialde batera joatea. Israelgo zenbait komunikabidek eta giza eskubideen aldeko hainbat taldek jakinarazi dutenez, Ruanda eta Uganda ziren hirugarren herrialde horiek, eta jasotako etorkin bakoitzeko 2.400-4.000 euro emango zien Israelek. Bi estatuak, baina, ezezkoan zeuden. Horregatik adierazi du Israelek «legezko arrazoiengatik» eta hirugarren herrialdeekin edukitako «zailtasun diplomatikoengatik» baliogabetu duela plana.

Gorenaren betoa

Izan ere, baiezkoan zegoen Aryeh Deri Israelgo Barne ministroa, guztiz konbentzituta. Abenduan adierazi zuen, adibidez, estatuaren asmoa zela «legez kanpokoengandik» babestea haien «estatu txikia», baita «funts judua» mantentzea ere.

Baina neurri horien kontra agertu ziren giza eskubideen aldeko hainbat talde, eta inpugnatu egin zuten Israelgo Auzitegi Gorenean. Kanporatzeak behin-behinean eten behar zirela erabaki zuen joan den martxoaren 15ean.

Hiru aste geroago bertan behera utzi du plana Israelek. Eta «negoziazio gogorren» ondoren UNHCRekin adostutakoaren arabera, behin-behinean Israelen jarraituko dutenei «aholkularitza» eta profesionalki «egokitzeko» laguntza eskainiko diete. Tel Avivek dio, gainera, Israelen geratuko diren migratzaileen «banaketa geografiko» orekatuagoa bultzatuko duela.

2005ean hasi ziren Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaileak Israelera heltzen. Baina bide hori guztiz blokeatzen ahalegindu zen Netanyahu 2013an, Egiptoko mugan harresi bat eraiki zuenean.

Oposizioko alderdiek eta giza eskubideen aldeko taldeek lasaitua hartu dute Israelgo Gobernuak atzera egin duela ikusita. Egin izan dituzte planaren kontrako manifestazioak, eta joan den martxoaren 24an Tel Aviv hegoaldean egindakoak 25.000 bat pertsona batu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna