Petrolio upelak 80 dolarren langa hautsi du, 2014tik prezio garestiena

AEBek Irango itun nuklearra apurtzeak eta zigorrak iragartzeak hauspotu du lehenagotik zetorren prezio igoera. Inbertitzaile batzuek iragarri dute aurten 100 dolar ingurura hel daitekeela upela

Petrolio ustiategi bat Brasilgo uretan, artxiboko irudian. MARCELO SAYAO / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Lau urte egin behar da atzera, 2014ko abendura arte, Brent petrolio upela hain garesti topatzeko. Ordutik, lehenengo aldiz gainditu zuen atzo upelak 80 dolarreko langa. Upela garestitzen ari da, apurka-apurka, 2016an minimo historikoetara iritsi zenetik: iazko ekainetik %75 kariotu da, eta urte hasieratik, %19,9. Azken asteotan nabarmen egin du gora prezioak, batez ere bi aldagaik bultzatuta: AEBek nazioarteko ituna apurtu dutelako eta zigor ekonomikoak jarri dizkiotelako berriz ere Irani, eta Venezuelako krisiak herrialdeko petrolio ustiapena murriztu duelako.

Inbertsiogileak beldur dira munduan petrolio hornidura motz geratuko ote den, Venezuelak eta Iranek ekoizpena txikitzearen ondorioz. Munduko bosgarren petrolio esportatzaile nagusia da Iran, eta aurrekari bati erreparatzearren, 2012an zigor ekonomikoak jarri zizkiotenean, haren esportazioak eguneko 1,2 milioi upelera hondoratu ziren, gaur egungo bolumenaren erdira.

Aditu batzuk, dagoeneko, hasi dira aurreikusten aurten Brent upela 98 dolarreraino garestituko dela. Hala uste du Goldman Sachs inbertsio banku erraldoiak. Kalkulatu du udatik aurrera petrolio eskaria egunero 100 milioi upeletik gorakoa izango dela, eta egungo ekoizpena motz geldituko dela.

Eskaintza txikiegia

Defizitaren tamaina ere kalkulatu du: munduko merkatuak behar baino milioi bat upel gutxiago ekoitziko ditu, eta horrek prezioa 100 dolarreraino puztu dezake. Hori gertatzeko, oraindik beste %23 garestitu beharko litzateke Brent upela. Antzeko aurreikuspenak egin dituzte Morgan Stanleyk eta Bank of America Merrill Lynchek ere.

Upelak goia jo zuen 2014ko udan, 116 dolarrera ailegatuta. Harrezkero, gehiegizko eskaintzak eraginda, hondoratu egin zen prezioa, 2016ko urtarrilean 28 dolarreko minimoa jota. Upelaren ordaina igotzeko asmoz, produkzioa murriztea erabaki zuten Errusiak eta LPPE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek, Saudi Arabia buru. Ekoizpena mugatuta jarraitzen dute herrialdeok, eta upelaren prezioak gora egin du poliki-poliki azken urtean. Halaber, urre beltza garestitu ahala, berriro indartu da AEBetako sektorea, haustura hidraulikoaren teknika darabilena, eta marka historikoetara igo du ekoizpena, egunean 10 milioi upeletik gora ekoitziz.

Herrialde eta erakunde askoren aurreikuspen ekonomikoak hankaz gora gera daitezke upelak luzaroan jarraitzen badu 80 dolarretik gora. Adibidez, EBZk martxoan egindako aurreikuspenak 65 dolarreko Brent upelean oinarritzen ziren, eta, Espainiako Gobernuaren 2018rako aurrekontuak egiteko, 66,4 dolarreko upelarekin egin zituzten kalkuluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.