Eroskik zorraren 300 milioi pagatu nahi dizkie bankuei, 2024ra arte

1.500 milioi euroko zorra berregituratzeko negoziazioak hasi dira, eta bankuek desinbertsio gehiago eskatzen dute. 33 milioi euro irabazi ditu taldeak 2017an, eta ez du nahi saltzeko obligaziorik

Eroskik Selektia eta Sania markako produktu sortak garatzen jarraituko du, kalitatea eta osasuna oinarritzat hartuta. MITXI.
xabier martin
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Kontsumoa aurrera daraman trena hartu du Eroskik, eta mozkinen geltokian utzi du talde osoa 2017. urtean. 33,2 milioi euro irabazi ditu 5.505 milioiko salmentak egin ondoren. 55 milioi hobetu du 2016ko azken emaitza. Hala, estreinakoz marraztu dira beltzez Eroski talde osoaren zenbakiak 2007. urtetik, iaz bakarrik kooperatibak berak (negozio tradizionala) gurutzatu baitzuen irabazien atea, ez talde osoak; edonola ere, lau urte dira segidan hazten.

Eroski hobeto doa, alegia, inoizko emaitzarik onenetakoak lortu baititu, Zurekin ereduko denda berriak zabaltzeko inbertsio garrantzitsuak eginez, urtero, eta enplegua sortzen. Baina zorraren harlauza ez du gainetik kendu oraindik eta, hain zuzen, bankuekin negoziatzea izango da orain Agustin Markaidek zuzentzen duen taldearen zereginik garrantzitsuena, azken hamarkadan pilatutako zama handi hori arintzeko bide orri bat egon dadin.

Izan ere, bankuek eta Euskal Herriko banaketa talde handienak 2019ko uztaila baino lehen piztu beharko lukete akordioa islatuko lukeen ke zuria. Eroskik 300 milioi euro pagatu nahi ditu 2020. urtetik 2024. urtera, eta desinbertsioei etena jarri. Elorrioko kooperatibak marra gorria jarri du hor: ez du neurri gehiago galdu nahi, nahiz eta penintsulareniparraldean gotortzeko estrategian buru-belarri sarturik dagoen. Bankuek, ordea, Eroskiri hegoaldean gelditzen zaizkion aktibo batzuk saltzea nahiko lukete; horretan dago negoziazioa, baina hastapenean oraindik ere.

SA bihurtzeko baldintza

Eroskik «zorrotz» bete ditu datorren urteko udan amaituko den bide orriak jasotako konpromisoak, aste honetan Markaidek berak azpimarratu duenez, kazetari talde batekin egindako bileran, Bilbon. «Bankuak gogobete egin ditu Eroskiren konpromisoak», eta Elorrioko enpresako buruak uste du kooperatiba gai dela zorrari aurre egiteko, akordio berrian desinbertsioak alde batera utzita. Aurreko berregituraketaren itunak jasotako aldagai polemiko bat ere negoziazio mahaian legoke. Mondragon taldeko kooperatibarik handiena sozietate anonimo bilakatzeko baldintza ipini zuten bankuek, zorra kitatzeko epeen balizko hausturei lotua. Eroskik ez du nahi horrelako klausularik berregituraketa berrian, «eta pisuzko arrazoiak» eramango ditu negoziazio mahaira.

Aurreko asteetan, bankak berriro horrelako baldintza jarri nahiko ote lukeen kaleratu zuen hedabide batek, eta Markaidek presioen esparruan kokatu du filtrazio hori. «Guk ez ditugu hedabideak baliatuko negoziazioa egiteko, eta uste dugu bankuek ere ez dituztela beharko». Batera edo bestera, 2008an krisia lehertu zenetik, Eroskik 4.000 milioi euro pagatu ditu zorra arintzeko. Azken urtean 167 milioi bideratu du zorra kitatzera; 653 milioi euro 2014tik 2017ra. Elorriok uste du negozioak gihar nahikoa duela g eratzen den ordainketa burutzeko —1.500 milioitik gora zor sindikatuan eta beste 100 milioi zor higiezinean—. Ez alferrik, 2017ko ohiko jarduerak 137,4 milioiko emaitza operatiboa utzi du.

Eroskik horren lekukotzat jotzen ditu 2017. urteko emaitzak, baita aurtengo aurreikuspenak ere. Salmentak %3 arte haziko direla uste du, eta irabaziak, hortik gora. Lau urteko hazkundeak bosgarren urtea izango du, beraz, eta, 2017an bezala, denda berriak —propioak eta frankiziak— zabaltzeko inbertsioari eutsiko zaio (100 milioi euro).

10.000 langileko taldea

Agustin Markaidek azpimarratu du «eraginkortasunak» ekarri dituela zenbaki positiboak Eroskira, barne mailan egindako ahaleginari erreparatuz, eta ez bakarrik aldeko testuinguru ekonomikoak eta desinbertsioek. Eroskik Forumi eta bidaia agentzien negozioei eutsiko die, gainera. «Negozioaren ingurunea mugaturik dago ja». Alegia, If perfume dendak saldu zituen kooperatibak, iaz, baina hura izango da azken salmenta handia. Kontsumoaren gorakadak bideragarri, eta are, etekintsu egiten ditu besteak.

Enpleguari dagokionez, kooperatibak 377 bazkide berri egin ditu 2017an, aurreko urtean baino 77 gehiago. Dena den, Markaidek ez du ezkutatu enplegua ez dela hazten salmenten erritmo berean. Gaur egun, Eroskik 8.127 langile-bazkide dauzka, eta 10.000 ingurukoa da lantaldea, bazkide ez direnak ere kontuan hartuz. Banaketa enpresak hamalau denda berri zabaldu dituazken urtean, sektoreko lider den eremuan —lidergo konpartitua batzuetan— : hasi Balear Uharteetatik eta Asturiaseraino. Hego Euskal Herrian kuota handiena duen banaketa enpresa da (%20), alde nabarmenarekin.

2018an, beste dozena inguru denda irekiko ditu. Agustin Markaidek dio tokiko dendak zabaltzeko joerari eutsi egingo diotela, eta esplikatu du joera horrek produktu freskoekin lotutako salerosketa independentearen zati handi bat banaketa antolatura eraman duela azken urteotan. Alegia, kaleko harategi zein arrandegi askok supermerkatuen barruan bukatu dutela, Uvescok, Carrefourrek eta Eroskik berak tokian tokiko supermerkatu txikiak zabaltzeko egin duten estrategiarekin. Komertzio txikia galtzaile atera da banaketako erraldoien arteko lehia horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.