Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Ezetzaren truke, dotea

Eskoziara eginiko azken bisitan, «inoiz baino eskumen gehiago» hitzeman ditu David Cameronek etziko galdeketan ezezkoa ateratzen bada
David Cameron, atzo, Aberdeenen emandako hitzaldian.
David Cameron, atzo, Aberdeenen emandako hitzaldian. ANDY RAIN / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 16
Etziko erreferendumaren aurretik azken bisita egin du Eskoziara David CameronEK, Erresuma Batuko lehen ministroak. Lehia estua iragarri dute inkestek baiezkoaren eta ezezkoaren artean, eta ahalegin guztiak egin ditu lehen ministroak eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitzearen alde bozka dezaten. Aberdeenen emandako hitzaldian, Let's Stick Together (jarrai dezagun elkarrekin) lelopean, bi aurpegiak erakutsi ditu lehen ministroak. Batetik, esan du «benetako aldaketa» ezezkoa dela: Erresuma Batuaren parte izaten jarraituz gero, eskoziarrek «inoiz baino eskumen gehiago» izango dituzte. Ez ditu eskumen horiek zeintzuk izango diren zehaztu. Bestetik, erabakiaren atzeraezintasunaz eta ekar ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi die boto-emaileei. «Ez da banaketa baten epaiketa izango, dibortzio mingarri batena baizik».

Hitzaldi sukartsua eman du Cameronek, eta sentimenera jo du zalantzatiak erakartzearren. «Lau nazioz osatutako familia bat gara. Ostegunean, etxea deritzogun herrialdea hauts daiteke. Zuek gurekin jarraitzea nahi dugu: buruarekin, bihotzarekin eta arimarekin».

Eguneroko auzi politikoetatik desberdindu nahi izan du etziko bozkaketa. «Ostiralean beste herrialde batean bizi daitezke eskoziarrak». Cameronek austeritate eta zerga politikak kontuan ez hartzeko eskatu die eskoziarrei. «Erresuma Batua ez da herrialde perfektua». Independentziaren aldeko ekintzaileei Eskoziaren bestelako irudi bat islatzea leporatu die. «Ederregia egia izateko». Lehen ministroaren esanetan, Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzen badu, rol garrantzitsuagoa izango du. «Eskoziak gure herrialdearen konstituzioa moldatzen jarraituko du».

Kanpaina bukaera bizia dute bi aldeek, jakin baitakite txikia dela beren arteko aldea. Unionistek zabaldutako beldur ekonomikoak uxatu nahi izan dituzte baietzaren aldekoek. Horretarako, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa enpresaburuekin bildu da. «Enpresa talde garrantzitsu askok aukera ugari ikusten dituzte Eskozia independente batean: ekonomia indartsu bat eta gizarte bidezkoago bat sortzea». Salmonden esanetan, gero eta enpresaburu gehiago dira baiezkoaren aldekoak.

Eskoziako lehen ministroaren ustez, Cameronen kanpaina «alarmista» da, eta Londresen argumentu ezkorrak, «tontakeriak». Eskoziaren aberastasuna goraipatu du, halaber. «Munduko hogei herrialde aberatsenen artean dago».

Izan ere, independentziari buruzko eztabaida ekonomian oinarritu da nagusiki. Londresen egoitza duen think tank baten arabera, Yes Scotland kanpainak independentziaren arrisku ekonomikoak gutxietsi ditu. Politika Ikerketarako Zentroaren txostenak dioenez, datu ofizialek aurreikusi ez duten 17.300 milioi euro inguruko zuloa izango du Eskoziak.

Libera eta petrolioa

Berehala erantzun dio John Swinney Eskoziako Finantza Saileko bozeramaileak: «Oinarrizko akatsez beteta dago». Politika Ikerketarako Zentroa Margaret Thatcherrek sortutakoa dela gogoratu du. «Txostena zati bakar batean dago zuzen: Eskoziako petrolioak libera esterlinean duen garrantzian». Swinneyren ustetan, Ipar itsasoko erregaiek Erresuma Batuko diruan duten eraginari esker eutsiko dio Eskoziak liberari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna