Eskura zuen, eta eskuratu du

Evo Moralesek aise irabazi ditu Boliviako presidentetzarako bozak, botoen %60 jasota, eta 2020ra arte segituko du karguan.

Hirugarren agintaldia du jarraian.

Santa Cruzen nagusitu da lehen aldiz
Evo Morales Boliviako presidentea, erdian, ukabila altxatuta, garaipena ospatzen, La Pazen, herenegun; alboan dauka Garcia Linera presidenteordea.
Evo Morales Boliviako presidentea, erdian, ukabila altxatuta, garaipena ospatzen, La Pazen, herenegun; alboan dauka Garcia Linera presidenteordea. MARTIN ALIPAZ / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 14
Ez zen espero aparteko ustekaberik, eta ez da izan: Evo Moralesek Boliviako presidentetzan segituko du, botoen %60 inguru lortuta. Hirugarren agintaldia edukiko du jarraian, eta 2020ra arte izango da presidente; herritarren babes zabalarekin karguari hiru aldiz eutsi dion Boliviako lehen agintaria da. Emaitza ofizialen faltan, bozkalekuetan egindako inkestek jo dute garailetzat gaur egungo presidentea. Bat etorri ohi dira historikoki inkesta horien emaitzak eta Hauteskunde Batzordearenak. Hartara, Moralesek berak eta oposizioak ere ontzat jo dituzte. Garaipena eskura zeukan, eta eskuratu du.

Bozen aurreko azken inkestek %57tik gorako babesa iragarri zuten Moralesentzat. Baina aurreikuspenak gainditu dira: aise gailendu da, zailtasunik gabe. Lehen itzulia aski izan du bigarren hautagaia atzean lagatzeko; Samuel Doria enpresari kontserbadoreak %25,1eko babesa erdietsi du. Presidentea, gainera, aurrenekoz nagusitu da Santa Cruzen. Historikoki oposizioaren aldekoa da lurralde hori; Boliviako aberatsena.

Ozta-ozta irabazi du Santa Cruzen Moralesek: %50,7ko babesa izan du. Ezustean hartu du emaitza, eta jarraitzaileekin ospatu du. «Berriro ere argi eta garbi geratu da ez gaudela bakarrik, herritarrak gurekin daudela eta fidelak direla. Santa Cruzen irabaztea eta La Pazen babesari eustea historikoa da», azaldu du, pozarren, Boliviako presidente berrautatuak.

Ilargi erdia ez, Boliviakoa «ilargi betea» dela goraipatu du, jakinaraziz bederatzi departamendutatik zortzitan irten dela garaile. «Herriak gugan duen konfiantza berretsi egin da», adierazi du Moralesek. Urteetako «egoera nahasia» baretuta, «lasai-lasai» egin dira bozak, modu baketsuan. Sei milioi boliviar zeuden derrigortuta botoa ematera.

Jauzi ekonomikoari eustea

2006. urtean presidentetzara eraman zuten ildoei eutsiko diela hitzeman du Moralesek: eraldaketa ekonomiko eta sozialei, batik bat. Alde batetik, lehengaien ekonomiatik aldendu eta industrializaziora jo asmo duela agindu du.

Muturreko pobreziaren beheranzko joerarekin segitu nahi du —2006az geroztik hamar puntu jaitsi da—; baita ekonomiaren goranzkoarekin ere, %6,5eko hazkundea izan baitzuen iaz, gasaren salmentari esker, hein handi batean. Energia nuklearra garatzeari ekiteko plan bat ere iragarri du.

Guztiak ez dira argiak, ordea, Boliviako lehenbiziko presidente indigenarentzat. Itzalik ere bada. Moralesek galtzak bete lan edukiko du adingabeen lanari buruzko gatazka eta sistema judizialari dagokiona konpondu ahal izateko, ustelkeria kasuak tarteko. Genero indarkeria da beste alde ilunetako bat: aurten 70 andre baino gehiago hil, baina dozena bat hiltzaile besterik ez dute zigortu.

Moralesek, oro har, batasunerako deia egin du, eta eskua luzatu die oposizioko indar politikoei, «Boliviaren alde» lan egin dezaten. Konfrontazioak saihestera eta elkarlanean, indarrak batuta aritzera deitu du: «Oposizioak eskubide osoa du gure ideiekin ados ez egoteko, baina, finean, Bolivia dago edozeren gainetik. Oinarria da. Ez dezagun sekula ahantz».

«Boterean ez betikotzeko»

«Batasuna eraikitzen» jarraitzeko prest agertu da oposizioko lehen indarra, baina ohartarazi du «gertutik» aztertuko dutela Moralesen gobernua, boterean «betikotu» ez dadin. Doria: «Berriro ere hauta ez dezatela bermatuko dugu, legeak beteta. Gogor egingo dugu osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta ekonomia egoki kudeatzeko». Enpresari kontserbadoreak hirugarrenez galdu ditu presidentetzarako hauteskundeak.

2001. urtean Boliviako presidente izandako Jorge Quiroga eskuindarra izan da boto gehien eskuratu duen hirugarrena: %9. Sostengua apala bada ere parlamentuan oposizioa egingo duela ziurtatu du: «Bidegabekeria eta gehiegikeriei aurre egingo diegu Morales boteretik at lagatzeko».

Atzo iluntzean oraindik argitaratu gabe zeuden emaitza ofizialak. Atzerapena arazo «logistikoei» leporatu zien Hauteskunde Batzordeak, hacker talde baten eraso informatikoa aipatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna