Arabako susperraldia bizkortzeko, zerga gutxiago eskatu ditu SEAk

Arabako ekonomia Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino geldoago hazten ari dela eta, sozietateen gaineko zerga eta jarduera ekonomikoaren gainekoa jaisteko eskatu die patronalak agintariei

Jon Fernandez.
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Araban hauteskundeen ostean sortuko diren udal eta foru aldundi berriei eskariak egiten hasi da SEA Arabako enpresarien elkartea, eta gogorarazi die promesak betetzeko egiten direla. Gasteizko Udalak jarduera ekonomikoaren gaineko zerga %41etik %5era jaistea agindu zuela ekarri du gogora Juan Ugarte SEAko idazkari nagusiak. Izan ere, Ugartek «karga fiskala» txikitzeko eskatu die agintariei enpresarien udaberriko barometroa aurkezterakoan. Nabarmendu du Arabako ekonomia Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino motelago ari dela hazten, eta, hazkundea hauspotzeko, enpresariek zerga gutxiago pagatzea nahi du SEAk. «Badirudi argia dagoela tunelaren amaieran. Baikortasun neurritsua daukagu, neurriak hartu behar direlako Araba susperraldiaren trenaren buruan jartzeko».

Krisia hasi zenetik SEAk egindako barometro «onena» da Ugartek aurkeztutakoa, baina «arduratuta» dago oraindik lurraldearen egoera ekonomikoarekin. Agintariei sozietateen gaineko zergak eta jarduera ekonomikoaren gainekoak jaisteko eskatzeaz gain, sindikatuei eta, bereziki, UGTri eta CCOOri ere eskatu die akordioak lortzeko lan hitzarmen sektorialetan. Enpresek «bake soziala» behar dutela esan du Ugartek.

Aitor Otaola SEAko zuzendariaren ondokoak azaldu du krisiak Bizkaia eta Gipuzkoa baino gogorrago jo duela Araba, eta, beraz, aldagai ekonomikoak ere apalago ari direla suspertzen. Arrazoi nagusia, Otaolaren esanetan, industriak BPGan duen pisua handiagoa dela Araban Bizkaian eta Gipuzkoan baino. «Eta, hain zuzen, zerbitzuen sektorea izaten da krisitik ateratzen lehena». Beste lurraldeak baino motelago joatearen beste arrazoia opor fiskalek egindako «mina» da, SEAren ustez. EBk 30 milioi euroko isuna jarri zien iaz hiru diputazioei opor fiskalengatik. Jaurlaritzak 21 milioi pagatzeaonartu zuen (%70), eta gainontzekoa diputazioen kontu geratu zen: 4,5 milioi Bizkaiak, ia 3 Gipuzkoak, eta 1,4 milioi Arabak.

SEAren barometroaren arabera, %33tik %45era igo da merkatuaren berpizte leun bat ikusten duten enpresari arabarren kopurua, eta %53 dira oraindik geldirik edo atzeraldian ikusten dutenak. Eskari zorroak ere zertxobait handitu dira 2014ko itxierarekiko, SEAren esanetan, eta esportazioak handituz doaz. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioekin alderatuta, Arabakoek nabarmen egin dute behera, Eustaten azken datuen arabera.

2015eko lehen hiruhilekoan, %0,9 handitu dira hiru lurraldeen esportazioak, ondasun ez-energetikoen kasuan: Bizkaian %3,2 igo dira, eta Gipuzkoan, %4,6; Araban, aldiz, %6,3 txikitu dira produktu ez-energetikoen esportazioak 2014ko lehen hiruhileko datuekiko.

Enpresarien asmoak

Enpleguaren inguruko galderak ere jaso ditu SEA patronalak enpresariei egindako galdeketan. Arabako enpresarien %61ek erantzun dute iazko lehen hiruhilekoan beste lanpostu sortu dituztela aurtengoan, eta %21ek iaz baino gehiago sortu dituzte. Datozen hilabeteetan egitekoak diren kontratazioez eta kaleratzeez galdetuta, enpresarien %76ek esan dute enpleguari eutsiko diotela.

Finantzaketari dagokionez, berriz, soilik Arabako enpresen %8k dituzte zailtasunak bankuetan finantzaketa lortzeko, batez ere eraikuntzaren sektorean. Hain justu, etxegintza arloko enpresen %25ek dituzte zailtasunak bankuetan maileguak eskuratzeko. Orokorrena, ostera, enpresarien %61ek ez dute arazorik finantzaketa lortzeko.

Horrez gain, SEAren barometroaren arabera, enpresarien %66k inbertsioei eusteko asmoa daukate, eta %22k, inbertsioak handitzekoa. Patronalak ardogintza sektorearen apustua nabarmendu du; izan ere, upategien %83k azaldu dute handitu egingo dituztela inbertsioak, eta %17k, bere hartan eutsiko dietela. Urte osoari begira, bestalde, 2015ean iazko emaitzak hobetzea espero dute enpresarien %41ek; bakarrik %16k uste dute emaitzak okertuko dituztela aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.