Blogarien infernua

Bangladeshko plazara irten ziren blogariak 2013an; muturreko talde islamikoen helburu bilakatu dira orain. Beldurrak jota bizi dira, baina ekintzaile laikook ez dute amore emateko asmorik.

Arif Noor, Bangladeshko gainerako blogariak bezala, ezkutuan lanean. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Dhaka
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ez nazazu blogari izenez deitu». Jibanananda Jayantak oso argi utzi du hori elkarrizketa hasi aurretik. Ez da alferrikmadarikatua hitz hori Bangladeshen. Goitizen horrek heriotza zigorra ekar lezake, eta, gutxien-gutxienez, etengabe izuan bizitzera kondenatzen du. «Interneteko ekintzaile dei nazazu», eskatu du, irribarrez. Hiru aldiz aldatu behar izan du etxebizitzaz bi urtean. Labur azaldu du zergatia: «Herri honetan, blogaria ateoarekin lotzen da», eta Ekialdeko Pakistan izan zeneko lurraldean oso gauza gutxi daude jainkoan ez sinistea baino okerragoak. «Batzuei ikaragarria iruditzen zaie, eta uste dute paradisuko ateak zabalduko zaizkiela haiek hil eta chapati batez [Bangladeshko matxete tradizionala] zatikatzen badituzte».

Eta horrela egiten dute muturreko hainbat talde islamistatako kideek; gutxienez bost blogari basatiki hil zituzten iaz, eta oso luzea da Heriotzaren Zerrenda, non Jayantaren izena agertzen den. Ekintzaileok osatzen duten «pentsatzaile libreen» mugimendu sekularra geroz eta botere handiagoa duten muturrekoen jopuntuan dago. «EI Estatu Islamikoarekin edota Al-Qaedarekin lotzen dituzte [Asia hegoaldeko adarretako batek bere gain hartu zituen hilketa pare bat], baina bertako taldeak dira, ekintzak egiten dihardutenak, duela hiru hamarkadatatik hona. Litekeena da Ekialde Hurbiletik laguntza jasotzea, baina ez dira sare islamista terrorista global baten parte. Hori bai, Bangladeshen bankuak eta enpresak kontrolatzen dituzte; eragin handia dute politikan, eta immunitate judiziala dute», nabarmendu du Arif Noorrek. Zerrendan dago izen hori ere, eta 2013an matxete batez eraso zioten.

«Gaueko hamabi eta erdiak ziren. CNG bat igaro zain nengoela [taxi gisara dabiltzan triziklo motordunak], bost gizon auto batetik jaitsi ziren. Horietako bat gerturatu zitzaidan, eta chapati batez eman zidan buruan. Korrika irten nintzen, baina harrapatu eta berriz egurra eman zidaten». Noorrek bizirik ateratzea lortu zuen transexual batzuei eskerrak: ospitalera eraman zuten, eta orain buruan daukan orbain batek gogorarazten dio beti atzera begira ibili behar duela. Sakelakoan gorderik dauka ospitalera iristerakoan egin zioten argazkia, odolez beterik: «Noski beldurrez nagoela, baita nire familia ere». Baina ez dute isilaraziko: «Ez dut asmorik beste herriren batean asiloa eskatzeko».

Mesfidantza

Jayantak eta Noorrek elkarrizketa egitea onartu dute Dhaka hiriburuko bulego batean. Hiru guardia armatuk babesten dute lekua, baina gobernuak eskainitako bizkarzainak baztertu egin dituzte: «Ez gara inortaz fio». Etsai boteretsuak dituzte eta. Ziberespaziotik egiten dute borroka, 1972ko Bangladeshko Konstituzioak jasotzen dituen lau mugarriak sendotzeko. Pakistandik bereizizirenean aldarrikatu zuten konstituzioa: «Demokrazia, nazionalismoa, sozialismoa eta sekularismoa», hatzez izandatu ditu, banan-banan, Jayantak. «Zoritzarrez, soilik nazionalismoa bizi da. Gainerako printzipioak hilzorian daude», kexu da.

Giza eskubideen higadura larri horren atzean —munduari oharkabean igarotzen ari zaio—,Jamaat-e-Islami alderdia dago: debekatu egin zuten 1971n, eta berrezarri lau urte geroago. Gaur egun, xaria legearen bidez gobernatuko duen Errepublika Islamikoa sortu nahian dabil. «Mugimendu sekularra da egitasmo horri aurre egiten dion bakarra. Hori da arrazoia blogariak islamaren etsaiaren sinonimo izateko; berdin dio zer idazten duten».

Eta islamistak gai izan dira blogarien kontrako masa handiak mobilizatzeko. Duela hiru urte, 100.000 bat pertsonak Dhakako kaleak hartu zituzten hainbat blogari atxilotu eta kartzelara sartzea eskatzeko, bi lege aintzat hartuz: bata, erlijioa iraintzen dutenen aurkako aspaldiko lege britainiarra, eta bestea, 2006an onartutakoa, zeinak hamalau urteko kartzela zigorra ezartzen dien «informazio faltsuak, lizunak eta difamatzaileak zabaltzeagatik Interneten». Manifestazioek iraun bitartean —bortitzak bilakatu ziren berehala—, hogei lagun baino gehiago hil ziren, herrialdean handituz doan banaketaren adierazle.

«2013 arte inork ez zekien zer den blogari bat Bangladeshen. Ikusezinak ziren. Azken finean, alfabetaze tasa baxua da, eta gehienek ez dute Interneterako sarbiderik. Baina, orduan, talka garrantzitsu bat sortu zen sekularren eta islamisten artean. Lehenengoek Abdul Quader Molla gerra kriminalaren kontrako heriotza zigorra eskatu zuten. Blogariak publikoki agertu ziren, eta kalera eraman zituzten blogetan eztabaidatu zirenak. Orduan hasi ziren istiluak Molla defendatzen zutenekin», gogoan du Tahmina Rahmanek, Article 19ko zuzendariak. Bangladeshko giza eskubideen alde dihardu gobernuz kanpoko erakunde horrek, duela zortzi urtetatik. Rahman mehatxatuta dago, eta Londresen erbesteratu behar izan zuen denbora batez. Blogariak defendatzeko eta babesteko dekalogo bat bultzatzen ari da, eta orain unibertsalizatzeko borrokan dabil: «Haien lana kazetarienaren pareko izatea nahi dugu».

Baina iazko hilketek izua zabaldu dute blogarien artean. «Gehienek idazten jarraitzen dute, baina autozentsura handia dago.Badakite ahulak direla, estatua bera ez baitzaie jazartzen errudunei». Rahmanek hainbat etsenplutan azaldu du akusazio gogor hori: «Avijit Roy kalean hil zuten, egun argitan. Fisikari ezagun baten semea zen. Haren delitua Mukto Mona plataforma sortzea izan zen, jendeak nahi bezala eta nahi beste adierazteko helburua zuena. Ez dute inor kondenatu horregatik, eta ez dirudi ikerketak inolako emaitzarik emango duenik. Handik gutxira, Wasiqur Rahman hil zuten; Suedian erbesteratzeko bisa ezeztatu zioten garai hartan. Hiltzaileak aske dabiltza oraindik, eta, antza, inork ez zuen ezer ikusi, nahiz eta jende asko zegoen inguruan hura gertatu zenean».

Hezkuntza sistema

Article 19ko zuzendariak arazoaren muina erakusten duen xehetasun bat nabarmendu du: «Kasuetako batean, erruduna lekuan bertan atzematea lortu zen, eta jakin zen madrasa koranaren eskolako ikasleak zirela. Esan zuten beren irakasleek eskatu zietela krimena egiteko».

Horregatik, Rahmanek Bangladeshen paraleloki haziz doan hezkuntza sistemari egotzi dio integrismoaren gorakada. «Madrasetara ikasle txarrenak joaten dira, sistema publikoaren presioa jasan ezin dutenak, edota pobreenak. Edozein kasutan, kanoi bazka dira. Okerrena da, estatuak zati bat finantzatuta ere, gobernua ez dela ausartzen eskua sartzera, muturrekoak ez aztoratzearren, eta haien botoak galtzearen beldur. Horrela, tolerantzia arriskutsu bat sortzen da, aktiboki edo pasiboki, botere politiko,sozial, ekonomiko eta erlijiosoaren artean. Hori da gure herrialdearen minbizia, eta handituz doa».

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.