Ustezko kolpisten kontrako epaiketa garrantzitsuena hasi dute Turkian

Iazko uztaileko estatu kolpe saiakera dela eta, 486 pertsona epaituko dituzte, eta tartean daude hainbat buruzagi militar eta Gulen predikatzaile islamista. HDPren protestaldia Istanbulera iritsi da

Akin Ozturk jenerala militarrez inguratuta, atzo. Estatu kolpea zuzentzea leporatzen dio fiskaltzak. TUMAY BERKIN / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ez da iazko uztailaren 15etik 16rako gauean Turkian gertatutako estatu kolpe saiakeraren ustezko egileen kontrako aurreneko epaiketa, baina bada handiena, baita garrantzitsuena ere. Inportanteena, Recep Tayyip Erdogan presidenteak uste duelako haren kontrako saialdia Ankarako Akinci aire basetik gidatu zutela, eta, hain zuzen, ustez hura zuzentzen zuten militar goi kargudunak daudelako hilaren 29a bitartean Ankarako kartzela batean epaiketarako esklusiboki eraikitako eraikinean deklaratuko dutenen artean. Eta handiena, guztira 486 akusaturen lekukotzak entzungo dituelako epaileak. Gehienak militarrak dira, baina zibilak ere badaude akusatuen artean. Fethulla Gulen, esaterako, duela urte batzuk arte Erdoganen aliatua zena, 1999tik AEBetan bizi den predikatzaile islamista ospetsua, Istanbulen esanetan kolpearen hauspotzaile nagusia izan zena. Ez da, ordea, epailearen aurrean agertuko, AEBek, beste behin, ez baitute onartu Turkiaren estradizio eskaera. Gulenek behin baino gehiagotan adierazi izan du ez zuela inolako loturarik eduki matxinadarekin.

Epaiketaren aurreneko egunean ehunka lagunek protesta egin zuten kartzelaren bueltan. Bien bitartean, Istanbulera iritsi zen HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa koalizio kurduak Kontzientzia eta justizia lelopean antolatutako mobilizazioa. Joan den astean hasi zen, Diyarbakirren, Turkiaren menpeko Kurdistango hiri nagusian, kurduen aurkako errepresioaren areagotzea salatzen duen protesta, eta Sirri Sureyya Onder parlamentariak atzo jakinarazi zuen herrialdearen ipar-mendebaldera eta hego-ekialdera hedatzeko asmoa daukatela. Azken hilabeteotan, HDPko hainbat parlamentari kartzelatu ditu Erdoganen gobernuak —alderdiak 59 aulki dauzka legebiltzarrean—.

Ankaran epaitzen hasi diren akusatuen artean, 461 daude badaezpadako atxiloaldian, hemezortzi baldintzapeko askatasunean, eta zazpi, berriz, ihes eginda. Fiskaltzak akusatzen ditu, besteak beste, konstituzioa urratzeaz eta Erdogan presidentea hiltzen saiatzeaz, eta saialdiaren buruzagitzat hartutako 45 akusatuentzako bizi osorako kartzela zigorra eskatzen du. Ordu batzuk baino ez zituen iraun saiakerak, eta, gobernuko iturrien arabera, 249 lagun hil zituzten kolpistek; horietako gehienak zibilak. Kolpistei dagokienez, gobernuaren aldekoek 35 hil zituzten.

Gau hartan gertatutakoaz hitz egingo dutenen artean dago armadako aireko indarraren buru zena, Akin Ozturk jenerala. Erdoganen aldekoek kolpea zuzentzea leporatzen diote, baina hark ukatu egiten du. Aire erasoak egin zituzten militarrek orduan: parlamentuari hainbatetan eraso zioten, zerbitzu sekretuen egoitzak, Ankarako presidentearen jauregia, eta Erdoganek Egeo itsasoan Marmarisen daukan oporlekua ere bonbardatu zuten. Hori gertatu baino ordu pare bat lehenago alde egin zuen presidenteak handik.

Gobernuaren eta armadaren arteko harremanak beti izan dira zailak Turkian, eta «konstituzioa, demokrazia eta eskubideak» berriro ezartzeko eskatu zuten militarrek orduan. Ekintzak koordinatu zituen, ustez, Adil Oksuz teologoak, eta hura ere akusatuetako bat da. Baina hasieran atxilotu zuten arren, behin aske geratu eta gero alde egin zuen, eta atxilotze agindua dauka.

Dena dela, 486 horiek ez dira asko, Erdoganek hasitako purga politiko eta militarreko zenbakiak kontuan hartuz gero, behintzat. Turkiako Barne Ministerioak berak eman berri ditu datuak. Joan den astean bertan 593 atxilotu zituzten Gulenekin loturaren bat izatea leporatuta; beste 243 PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremanen bat dutelakoan; 57 EI Estatu Islamikoarekin, eta 28 «ezkerreko talde terroristekin». Azkeneko urtean atxilotutako funtzionarioak 50.000 baino gehiago dira, eta kargugabetutakoak 150.000tik gora.

CHPri babesa eskatuz

PKKrekin loturaren bat dutelakoan, Turkiako Gobernuak HDP alderdiko hainbat parlamentari atxilotu ditu azken hilabeteotan. Fiskaltzak ehunka urteko kartzela zigorra eskatzen du haientzat. Horren harira, Serpil Kemalbay diputatuak babesa eskatu dio CHP Herrien Alderdi Errepublikanoari, Istanbulen egindako protestaren aurreneko egunean. Izan ere, Enis Berberoglu CHPko kideari 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta HDPk horren aurka protestatzeko Istanbul eta Ankara lotu zituen martxan parte hartu zuen, aurreko hilean. «Elkartasun hau indartsuagoa bilakatzea espero dugu. Demokraziaren alde dauden guztiek eman beharko lukete guk eman genuen sostengu bera», esan zuen Kemalbayk, CHP aipatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.