EBZk pizgarri ekonomikoak luzatu egingo ditu, baina erdira jaitsita

2018. urteko irailera arte jarraituko du banku zentralak zorra erosten, eta oso posible da ondoren ere segitzea, eskala txikiago batean. Epea amaitzen zaien bonuen trukeko dirua berrinbertituko du
Mario Draghi EBZko presidentea, atzo, gobernu kontseiluaren erabakien berri emateko prentsa agerraldian.
Mario Draghi EBZko presidentea, atzo, gobernu kontseiluaren erabakien berri emateko prentsa agerraldian. ARMANDO BABANI / EFE

Ivan Santamaria -

2017ko urriak 27
EBZ Europako Banku Zentralak ekonomiaren susperraldian duen konfiantza «handituz» doa, baina, hala ere, tentuz jokatu nahi du krisiari aurre egiteko asmoz indarrean jarri ziren ezohiko neurrien irteera diseinatzeko orduan. Hala, aktiboak erosteko programa bederatzi hilabetez luzatzea erabaki du, 2018ko irailera arte, baina erritmoa erdira jaitsita. Urtarriletik aurrera 30.000 milioi euro jarriko ditu herrialdeen eta enpresen zorra erosteko. Abendura arte 60.000 milioi izango dira.

Mario Draghi EBZko presidentearen agerraldian bi kontzeptu nabarmendu behar dira. Batetik, erosketa programaren amaierak «irekita» jarraitzen du. Draghik onartu zuen eztabaida eta jarrera ezberdinak zeudela banku zentraleko gobernu kontseiluko kideen artean, baina «gehiengo handi bat» agertu zen itxierarik ez iragartzeko erabakiaren alde.

Bestetik, erosketa programaren amaiera ez da «bat-batekoa» izango. Bi kontzeptuak hartuta, EBZk iradoki du oso litekeena dela heldu den urteko irailetik aurrera ere hainbat hilabetez zorra erosten segitzea, kopurua gehiago murriztuta, eta orduan iragartzea programari nolabaiteko bukaera eramateko asmoa.

Egoera horretan diru politika benetan gogortzen hasteko eta diruaren prezioa igotzeko balizko epea gehiago atzeratu da. AEBetako Erreserba Federalak, esaterako, hamabost hilabete itxaron zituen zorra erosteko programa amaitzetik interes tasak lehen aldiz igo arte. Draghik ziurtatu zuen ezin direla alderatu AEBetako eta Europako egoerak, baina EBZren mezuak argi dio interes tasek berdin jarraituko dutela zorra erosteko programa amaitu eta denbora luze batez, behintzat. Horrek lehen igoera 2019. urteko bigarren erdira eraman dezake, edo atzerago. EBZk interes tasak zerora jaitsi zituen iazko martxoan, eta hala segitzen dute.

Ekonomiari dirua punpatzen segitzeko erabakia justifikatzeko, inflazioari begiratu dio bankuak. EBZren mandatua da prezioen igoera %2ren azpitik baino hurbil egotea. Gaur-gaurkoz, euroguneko inflazioa %1,5 da, baina ez zaio hazkunde jarraitua iruditzen. «Ez dago barne mailako prezioen presiorik, eta inflazioaren bilakaerak diru politikaren beharra du», zehaztu zuen Draghik. Hau da, bankuaren pizgarririk gabe, inflazioa berriro eroriko litzateke.

Bonuak berrinbertituko dira

Banku zentrala pozik dago euroguneko ekonomiak duen portaerarekin. Krisiaren ondoren sei milioi lanpostu sortu dira, eta hazkundea herrialde guztietara hedatu da. Ez du hobekuntza zapuztu nahi, eta susperraldiari emandako makuluek indar nahikoa izango dutela argi utzi nahi du. Hortaz, zorraren erosketa programa —2,1 bilioi euro gastatu ditu dagoeneko horretan— handitzeko eta luzatzeko aukerari eutsiko dio.

Draghik bereziki nabarmendu nahi izan zuen bonuak iraungitzean lortutako dirua —printzipala, ez interesak— berriro ere zorra erosteko erabiliko dutela. Hau da, erosketa programa 30.000 milioi eurora mugatuko bada ere, praktikan berrinbertsio horren bidez diru gehiago jartzen ariko da ekonomian. Bankuak aurreratu du diru kopuru «adierazgarriak» izango direla, eta azaroan komunikatuko du datozen hamabi hilabeteetan zenbat izango den zehazki hilero.

Kataluniaz galdetuta, «adi» daude gaiarekin, Draghiren hitzetan, baina goizegi iruditzen zaio ziurtatzeko finantza egonkortasunerako arriskua dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna