'Lula auziak' Brasil banatu du

Presidente ohiaren espetxeratzearen aldeko eta aurkako protestek hirietako kaleak hartu dituzte. Lularen espetxeratzearen inguruko erabakia hartzekoa zen atzo Brasilgo Auzitegi Gorena

Lularen jarraitzaileak, Auzitegi Gorenaren bilerari adi-adi, Sao Paulon, atzo. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Brasilgo presidente ohi Luiz Inacio da Silva Lula-ren aurkako epaiketak bitan banatu ditu Brasilgo herritarrak. Inkestek urriko presidentetzarako hauteskundeak irabazteko faboritotzat ematen dute, baina ugari dira azken egunetan haren aurka kalera atera direnak, presidente ohia presondegira bidaltzeko presio egiteko asmoz. Izan ere, Brasilgo Auzitegi Gorena atzo zen erabakitzekoa Lula espetxeratu edo ez, hark eskatutako habeas corpus-aren inguruko ebazpena emanda.

Presidente ohia zazpi ustelkeria kasutan inputatuta dago. Horietako baten ondorioz, bederatzi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen lehen istantziako auzitegiak, ustelkeriagatik eta diru garbiketagatik, Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jatooperazioaren barruan. Bederatzi urteko zigorrak, ordea, gora egin zuen bigarren instantziako auzitegian, hamabi urtera arte. Bigarren epai horrek espetxeratzea ekarri behar zukeen presidente ohiarentzat, orain arte epaileek jarraitu duten jurisprudentziak hala adierazten duelako, baina Lularen defentsak habeas corpus bat eskatu zuen, eta Auzitegi Gorenak aztertzea onartu. Beraz, Lula preso sartu edo ez erabaki behar zuen atzo Gorenak, eta erredakzio hau ixteko orduan berdinduta zeuden aldekoak eta aurkakoak. Aurkezteko aukera duen azken bi helegiteen ebazpenak eman bitartean sartuko litzateke preso presidente ohia. Lehena Auzitegi Nagusian, eta bigarrena Gorenean bertan. Hortik aurrera ebazpen horien menpe egongo litzateke, behin betikoak izango baitira. Prozesu horrek, ordea, bi urte iraun dezake.

Epaileek har zezaketen erabakiak kanpoan ere eragin nabarmena izan du azken egunetan, eta atzo bereziki. Lularen aurkariak eta defendatzaileak kalera irten ziren, eta lasaitasuna eskatzera atera behar izan zuen Goreneko presidente Carmen Lucia Antunesek: «Biolentzia ez da justizia».

Brasilgo armadatik ere iritsi ziren erantzunak. Eduardo Villas Boas komandantea izan zen lehena: «Nazioari adierazten diot Brasilgo armadak bat egiten duela inpunitatea arbuiatzen duten borondate oneko herritarren grinarekin». Villas Boasekin bat egin zuten beste hiru jeneralek ere, baina hainbat politikarik Auzitegiari Lularen aurkako presioa egiteko tresna gisa ikusi zuten adierazpena, baita estatu kolpe mehatxutzat ere. «Demokrazian, armadako komandante batek ezin dio mezurik bidali errepublikako botereetako bati», adierazi zuen PSOL alderdi sozialistako Chico Alencarrek.

Da Silvaren PT Langileen Alderdiak, berriz, ez zuen epaitegiaren erabakiarekin lotu nahi izan, eta Globo hedabide taldeari leporatu zion hori egin izana. PTko presidente Gleisi Hoffmannen arabera, 1964ko estatu kolpean gertatukoa errepikatzea nahi dute hedabide horiek, «buru militarrak gobernu konstituzionalaren aurka bultzatu zituztenekoa».

Presidente ohiak berak gertukoen aurrean bizi nahi izan zuen epaileen eztabaida eta ebazpena. Lulak Sao Pauloko metalurgia sindikatuaren egoitzan ikusi zuen, sindikalismoan eta politikan hasi zen lekuan. Han bildu zen Dilm Rousseff presidente ohiarekin.

Erabaki eztabaidatsua

Kalean bezala, gaia eztabaidatsua izan da auzitegietan ere. Habeas corpus-a aztertu eta ebazpen bat emateko ardura duela bi aste hartu zuen Auzitegi Gorenak, aldeko sei botorekin eta aurkako bostekin. Epaimahaia osatzen duten hamaika epailetik bost 2016. urtean ezarritako jurisprudentzia jarraitzearen alde agertu ziren bileraren aurretik, eta beste hainbeste aurka, 1988ko konstituzioaren kontrakoa dela adierazita. Beraz, emaitza azken magistratuaren menpe egotea espero zen, Rosa Weberren esku. Weberrek adierazi izan du apelazio aukerak dauden bitartean inor preso sartzearen aurkakoa dela, baina orain arte 2016an ezarritako jurisprudentzia jarraitu du.

Horiek horrela, Lularen aurkako erabakiak haren kontrako espetxeratze agindua ekarriko luke, ordu edo egun gutxitan iritsi beharko litzatekeena. Bestela, libre geratuko litzateke, geratzen zaizkion helegiteen ebazpenek aurkakorik esango ez balute.

Azken erabaki horrek, ordea, ustelkeriagatik eta beste hainbat krimenengatik kondenatutako presoen egoera aldaraz lezake, nahiz eta Goreneko presidenteak azaldu zuen ebazpenak Lularen kasuan bakarrik eragingo duela. Izan ere, Auzitegi Goreneko Gilmar Mendes epaileak atzo behin eta berriz aipatu zuen eztabaidaren atzean beharko lukeena jurisprudentziaren oinarria dela, eta ez Lularen kasua bakarrik.

Hori guztia urriko presidentetzarako hauteskundeen atarian gertatu da. Bigarren instantzian kondenatutako edonor kargu publiko batera aurkeztea debekatzen du araudiak, baina Lulak adierazia du bere burua aurkeztuko duela. Gainera, garaipenerako faborito nagusia da, inkesten arabera. Hor ere, berriz ikus daiteke aurrez aurre Weber epailearekin, Hauteskunde Auzitegi Nagusia zuzenduko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.