Siriako gerra. Mendebaldearen erasoa

Europako Batasunak ez dio babes esplizitua eman Siriako erasoaldiari

AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren bertsioa ontzat jo dute 28 estatuek, baina batzuek ez dute ekintza babestu nahi izan, NBEren oniritzirik gabe egin zutelako. Errusia zigortzeko uzkur agertu dira
KKE Greziako Alderdi Komunistak Siriako esku hartzearen aurkako protestara deitu zuen atzo Atenasen, eta istiluak sortu ziren Poliziarekin.
KKE Greziako Alderdi Komunistak Siriako esku hartzearen aurkako protestara deitu zuen atzo Atenasen, eta istiluak sortu ziren Poliziarekin. ORESTIS PANAGIOUTOU / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko apirilak 17
AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak joan den larunbatean Sirian egindako bonbardaketek soka luzea ekarri dute, espero bezala. Gerra fronteen egoera ez da aldatu, baina gatazkarekin zerikusia duten aldeek eta nazioarteko eragileek jarrerak zehazten jarraitu dute erasoak gertatu eta bi egunera ere. EB Europako Batasuneko 28 estatuen Atzerri ministroak atzo elkartu ziren, Luxenburgon; horien artean, erasoan parte hartu zuten bi herrialderen ordezkariak: Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroa eta Jean-Yves Le Drian Frantziakoa. Horien eta AEBen bertsioa ontzat jo zuten gainerako 26 Atzerri ministroek, baina ez zuten guztiz babestu ekintza hori egin izana, estatu batzuek desadostasunak jakinarazi zituztelako. Horregatik, formula diplomatikoago bat adostu zuten adierazpena egiteko: «Kontseiluak ulertzen du Estatu Batuek, Frantziak eta Erresuma Batuak Siriako azpiegitura kimikoen aurka egin zituzten aire erasoak neurri zehatzak izan zirela Siriako erregimenari eragozteko arma eta gai kimikoak erabiltzea bere herria hiltzeko».

Berri agentzien arabera, Irlandako eta Zipreko errepublikek eta Suediak jakinarazi zituzten desadostasunak, erasoaldia NBE Nazio Batuen Erakundearen baimenik gabe egin zutelako. «Uste dut denek nahiago luketela Segurtasun Kontseiluak ekintza erabakigarriak agindu izan balitu NBEren aginte osoarekin. Baina ez da posible izan», adierazi zuen Simon Coveney Irlandako Errepublikako Atzerri ministroak.

Ekinaldi militarra larunbateko erasoetara mugatuko dela errepikatu dute behin eta berriz AEBetako, Erresuma Batuko eta Frantziako gobernuek. AEBek, ordea, Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezartzeko aukera aipatu dute, presio neurri gisa —Moskuri leporatzen diote Siriako armadak ustez egin dituen eraso kimikoak babestea—. EBko estatu gehienek berriki Errusiako hainbat diplomazialari kanporatu dituzte Sergei Skripal espioi ohiaren pozoitzeta dela-eta Erresuma Batuari elkartasuna erakusteko, eta 2014az geroztik zigor ekonomiko eta diplomatiko gehiago ezarria dizkiote Moskuri Ukrainako gatazkarengatik. Siriako erasoaren ondoren AEBek iragarritako asmoekin, ordea, zuhurrago agertu ziren atzo. «Irtenbide bakarra Segurtasun Kontseiluaren bidezko bake prozesu bat da», adierazi zuen Stef Blok Herbehereetako Atzerri ministroak. Herbehereak eraso bat egiteko aukeraren alde mintzatu ziren joan den astean, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin elkartu zen Blok operazio militarra hasi baino ordu batzuk lehenago.

Alemaniako Gobernuan, berriz, aldaketa bat eskatzen duten ahotsak agertu dira. «Zigorrak ez dira helburu bat bere horretan», idatzi du Michael Roth EBrako ministroak Die Welt egunkarian. «Jendea animatu beharko luke arrazoizko irtenbideei buruz negoziatzera [...]. Errusiaren aurkako bat-bateko erreakzioak Errusiako lidergoaren kutsu nazionalistako politikak erlatibizatzea bezain gauza arriskutsua eta inozoa dira». EBko estatuei eskatu die estrategia bat egitea Errusiarekiko harremana hobetzeko.

OPCW, Douman sartu gabe

Herenegun, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak bere herrialdeko politikariei eskatu zien ez irudikatzeko «Errusia eta hango herritarrak etsai gisa». Steinmeierren ustez, «gustatu ala ez, Siriako gatazka ezin da konpondu Errusia gabe».

Erresuma Batuko eta Frantziako gobernuek, berriz, bonbardaketak egiteagatik azalpenak eman behar izan zituzten atzo haien herrialdeetako parlamentuetan, baina egoera ezberdinean. Theresa May lehen ministroak ez du Emmanuel Macron presidenteak bezain babes zabala, eta oposizioko alderdiek estu hartu zuten erasoaldia parlamentuaren oniritzia eskatu gabe agintzeagatik. «Ez dugu egin Trump presidenteak agindu zigulako, egin beharreko ekintza zuzen bat zelako baizik», azaldu zuen Mayk.

Sirian bertan, OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak hasi du hilaren 7an oposizioko taldeek salatu zuten eraso kimikoaren ikerketa, baina atzo jakinarazi zuen ikerlariak oraindik ezin izan zirela Doumara joan, Siriako eta Errusiako gobernuek erran zietelako «segurtasun kontu batzuk» konpontzeko zituztela. Errusiako Defentsa Ministerioak hitzeman die bihar utziko diela hirian sartzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna