Pauso garrantzitsua eman du

Argentinako Kongresuak lege bat onartu du haurdunaldiaren 14. astera arte abortatzea baimentzeko. Ia 24 orduz luzatu da eztabaida, eta estua izan da emaitza. Senatuaren esku dago indarrean sartzea
Kongresuaren eraikinaren kanpoaldean abortuaren aldeko milaka pertsona bildu ziren. Argazkian, onartu dutela ospatzen.
Kongresuaren eraikinaren kanpoaldean abortuaren aldeko milaka pertsona bildu ziren. Argazkian, onartu dutela ospatzen. DAVID FERNANDEZ / EFE

Igor Susaeta -

2018ko ekainak 15
Zenbaki ofizialik ez dago, baina gobernuz kanpoko erakunde batzuek egindako datu bilketaren berri eman zuen Adolfo Rubinstein Argentinako Osasun ministroak joan den astean. Argentinan, 350.000-400.000 emakumek abortatzen dute urtero modu klandestinoan. 2016an, 47.000 ospitaleratu behar izan zituzten haurdunaldia etetearen ondorioz sortutako arazoengatik, eta 43 hil egin ziren.

Ordea, hori guztia eragozteko ahaleginean pauso garrantzitsua eman zuten atzo Argentinan, Latinoamerikako potentzietako batean, eliza katolikoaren presentzia oso nabarmena den herrialde batean. Haurdunaldiaren 14. astera arte abortatzea despenalizatzea onartu zuen atzo kongresuak, 23 orduz eztabaidatzen jardun ondoren. Iragarpen gehienek zioten ez zuela aurrera egingo, baina azkenean, estu, baina onartu zuten diputatuek: 129k bozkatu zuten alde, 125ek kontra, eta bat abstenitu egin zen. Alderdiek ez zuten modu bateratuan bozkatu; hau da, ez zieten botoa inposatu diputatuei.

Orain, senatuari dagokio lege proiektua onartzea. Hala egingo balu, ezarri egingo litzateke, eta abortua legeztatzen duen hirugarren Latinoamerikako estatua izango litzateke Argentina: Kubak 1965ean legeztatu zuen, eta Uruguaik, orain dela sei urte —Mexiko Hirian ere onartuta dago, 2007tik—.

Historikoa da gertatutakoa. Izan ere, zazpi urte iraun zuen diktadura militarra bukatu zenetik (1983), abortuaren aldekoak zazpi aldiz ahalegindu ziren legeztatzea kongresuko eztabaidetara eramaten, baina atea itxi zieten beti. Cristina Fernandez presidentearen agintaldian (2007-2015), sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu zituzten, eta Argentina pauso hori ematen aitzindaria izan zen Latinoamerikan. Ez zuen abortuari buruzko eztabaidarik ahalbidetu, ordea.

Mauricio Macri oraingo presidente kontserbadoreak bai, aldiz. Martxo hasieran esan zuen bera «biziaren aldekoa» dela, baina ez zuela debatea oztopatuko. Oraindik ere indarrean dagoen legea 1921ekoa da, eta, horren arabera, abortua legeztatuta dago soilik haurdunaldia bortxaketa baten ondorio denean edo emakumearen bizitza arriskuan dagoenean. Kritikatzen dutenen esanetan, Macrik herrialdearen egoera ekonomikotik arreta desbideratzeko asmoz egin du hautu hori. Kongresuak onartutakoari betoa jartzeko eskumena du berez, baina presidenteak esan du ez duela hori egingo.

Argentinar asko daude abortua legeztatzearen alde, eta nabaritu zen, bai, herenegun hasi eta atzo bukatutako eztabaidak iraun zuen bitartean. Izan ere, kongresuaren eraikinaren kanpoaldean milaka pertsona batu ziren, eta pozez lehertu ziren ganberak alde bozkatu zuela jakin zutenean. Haien pankartetan mezu hauek irakur zitezkeen: Nire gorputza, nire erabakia; Atera itzazue zeuen arrosarioak geure obarioetatik; Bakar bat gutxiago ere ez klandestinoki abortatzeagatik. Kontrakoak ere joan ziren kongresuaren kanpoaldera, baina askoz ere gutxiago ziren. «Bizitzari bai», oihukatu zuten.

Abortu Seguru eta Doakorako Kanpaina Nazionalak osatutako testutik abiatuta, 700 hizlari mintzatu ziren Kongresuan apirilean eta maiatzean —zientzialariak, psikologoak, ministroak, ministro ohiak, idazleak, zinemagileak...—, eta aldeko eta kontrako argudioak eman zituzten. Diputatuen txanda izan zen atzo, eta argi asko ikusi ahal izan zen alderdiak berak, ezkerra kenduta, zatikatuta zeudela bozkatzerakoan. Dario Martinez oposizioko Alderdi Justizialista kirchnertarrekoak Uruguai jarri zuen eredu gisa. «2012tik, abortu kopurua jaitsi egin da, abortuak eragindako hildako kopurua, han badelako estatu bat arazo honi irtenbide bat eman nahi diona. Erabaki politiko bat da». Kontrako iritzia plazaratu zuen alderdi bereko Silvana Franak, eta adierazi «beste modu batera» konpondu behar dela auzia. «Abortuak legeztatzerakoan, ohiko praktikatzat hartzen da, eta hori da partekatzen ez dudana».

Gauza bera gertatu zen Cambiemos boterean dagoen koaliziokoen artean. Karina Molinarentzat «zentzugabekeria» da emakumezkoek abortatu ahal izatea. «Aborturako bideratu ahal izango den dirua bideratu beharko litzateke nahi ez duten haurdunaldi hori igaro behar duten emakumezkoei eusteko». Bestalde, diskurtsorik txalotuenetako bat haren koaliziokide Silvia Lospenatorena izan zen. Nabarmendu zuen gizartea ez dela «iguala» duela hamarkada batzuetakoarekin konparatuta, eta ez dagoela «atzera bueltarik. Hau gehitu zuen, ia negarrez: «Etxeetan dauden emakumeei, gure amei, gure alabei. Abortua legezkoa izan dadila; izan dadila segurua eta doakoa. Legezkoa izan dadila».

Apaizentzat «mingarria»

Senatuak berresten baldin badu kongresuak onartutakoa, haurdunaldiaren emakumeek abortatzeko eskubidea edukiko dute 15. astetik aurrera ere, hiru kasutan: haurdunaldia bortxaketa baten ondorio bada; haurdun dagoenaren osasuna edo bizitza arriskuan badago; eta umekiari uterotik kanpo bizitzeko ezintasuna diagnostikatzen bazaio.

Senatuan ere Cambiemos da nagusi, baina ez dauka gehiengorik. Miguel Angel Pichetto Alderdi Justizialistaren ganbera horretako buruaren esanetan, atzoko erabakiaren eragina «geldiezina» da, eta senatuak ere onartuko du. Haren ustez, eztabaida bizpahiru astez luzatuko da, eta abuztua baino lehenago egingo dute bozketa. Onartuko ez balute, eztabaida kongresura itzuliko litzateke hurrengo ikasturtean. Bestalde, Argentinako Gotzainen Batzarrak adierazi zuen erabakia «mingarria» dela, eta Senatuari «elkarrizketa» eskatu zion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna