Su-etena adostu dute Ukrainan, aldeek beren jarrerei eutsi arren

Poroxenkok dio lurralde batasuna akordioaren oinarria dela.

Matxinoek, berriz, ohartarazi dute ez diotela uko egingo independentziari.

Giza korridoreak ireki eta gatibuak trukatuko dituzte
Ukrainako armadaren zaintza postu bat, Donetsk eskualdean.
Ukrainako armadaren zaintza postu bat, Donetsk eskualdean. ROMAN PILIPEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 6
Su-etena adostu dute Ukraina ekialdean Kievek eta matxinoek, Minskeko elkarrizketetan bi aldeak ados jarri eta hamabi puntuko protokoloa sinatu ostean. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak armadari agindu dio erasoaldia bertan behera uzteko. Era berean, Andrei Purgin Donetsk eskualdeko errusiazaleen buruzagiordeak operazio militarrak eteteko agindua eman die «milizianoen unitate guztiei». Itar Tass agentziak aipatutako matxinoen gertuko iturri baten arabera, menia errespetatu dute aldeek: «Su egiteari utzi diote. Ez dago borroken inguruko berririk».

Hala eta guztiz ere, alde bakoitzak bere helburu politikoei eutsi die, eta adierazi dute ez dutela amore emango. Batetik, Igor Plotnistski Luhansk eskualdeko matxinoen buruak ohartarazi du «odolustearekin amaitzeko beharrezko neurri horrek» ez duela esan nahi independentziari uko egingo diotenik. Bestetik, Poroxenkok argi utzi du akordioa Ukrainaren lurralde batasunean oinarritzen dela. Elkarrizketa gehiago egingo dituzte, eta, bitartean, euren posizio militarretan jarraituko dute.

Protokoloaren arabera, nazioarteak su-etena betetzen ote den ziurtatuko du, eta bi aldeek gatibu hartutakoak trukatuko dituzte, besteak beste. «Espero dut su-etena iraunkorra izatea eta gatibu guztiak trukatzeko akordioak zorrotz betetzea», azaldu du Poroxenkok. Gaur bertan trukatu nahi ditu gatibuak presidenteak. Alde bakoitzak besteari helarazia dio preso dituen borrokalarien zerrenda. Gainera, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen arabera, aldeek arma astunak erretiratzea onartu dute. Bitartekari gisa aritu da erakundea, Errusiarekin batera.

Horrez gain, giza korridoreak irekiko dituzte, laguntza banatzeko. Bestalde, politika arloan deszentralizazio prozesua hasiko du Kievek, eta «hizkuntz eta kultur eskubideak» errespetatuko dituzte, Poroxenkoren hitzetan. Presidenteak sinbolikotzat jo du NATOren gailurra egin bitartean lortzea akordioa. «Ukraina ekialdeko egoera guztiz onartezina bihurtu da XXI. menderako».

Su-etena egiaztatzeko, ESLAk 500 behatzaile hedatuko ditu gatazka eremuan. Ukrainako ESLAko misioak gehienez 500 ikuskari izango direla aurreikusten du, baina egun 260 besterik ez dago, segurtasun arazoak direla eta.

Kremlinek akordioa txalotu du, Vladimir Putin presidenteak proposaturiko bake planak aurrera egingo duelakoan. Besteak beste, plan horrek jasotzen du Ukrainako armadak setiopean dituen hirietatik urruntzea. Gobernuko bozeramaile Dimitri Peskovek esan du negoziazioek aurrera egingo dutela, gatazkari «behin betiko» irtenbidea emateko. Baina Ukrainako lehen ministro Arseni Jatseniukek berretsi du Poroxenkoren bake planean oinarritu behar duela prozesuak. Plan horrek matxinoen baldintzarik gabeko errenditzea jasotzen du.

Mendebaldea, zuhur

Mendebaldeko mandatariak zuhurrago agertu dira. Su-etena «fede onean» ezartzea espero du NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek. Aurretik adostu diren baina errespetatu ez dituzten meniak gogoratu ditu. «Espero dut benetan ezartzea». Bestalde, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ohartarazi du krisitik ateratzeko ezinbestekoa dela «benetako aurrerapenak» egitea.

Barack Obama AEBetako presidentearen ustetan, Errusiak akordioa goraipatzearen arrazoi nagusia da Mendebaldeak ezarritako zigorrek izandako eragina. «Putini nazioarteko legeak errespetatu eta nazioartera itzultzeko gonbita egiten diot». Obamak gogoratu du Aliantza Atlantikoko kideek «Ukrainaren independentzia, lurralde batasuna eta defendatzeko eskubidea» babesten dutela. Galesen egin duten NATOko bilkuran, kideek Errusiari ezarritako zigorrak eustearen alde egin dute. Bilkura horretan onartu dute Ekintza Azkarrerako Plana, «mehatxu berriei» buru egiteko. Bi eta bost egunen artean, munduko edozein lekutan heda daiteke erantzun azkarreko indarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna