Turkiak Siriarekiko mugako pasabide gehienak itxi ditu berriz

Ankarak, errefuxiatuen sarrerari oztopoak paratzeaz gain, saihestu egin nahi du iparraldeko kurduak Estatu Islamikoaren aurka borrokara joatea mugaz bertzaldeko Kobane barrutia babesteko
Siriako errefuxiatu kurduak, Turkiaren menpeko Kurdistango Sanliurfa hirira igarotzeko esperoan.
Siriako errefuxiatu kurduak, Turkiaren menpeko Kurdistango Sanliurfa hirira igarotzeko esperoan. ULAS YUNUS TOSUN / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 23
IS Estatu Islamikoaren aurkako gerra zabalak Turkiaren eta Siriaren arteko mugan dauka arreta gune nagusia egunotan, Kurdistan iparraldea eta mendebaldea banatzen dituen mugan, hain zuzen. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Ankarak itxi egin ditu Siriako kurduei irekitako mugako bederatzi postuetatik zazpi. ISk Kobane barrutian egindako erasoalditik ihesi doaz kurdu horiek iparralderantz, eta, Turkiako Gobernuaren arabera, asteburuan 130.000k gurutzatu dute muga. Mugaren bi aldeetako kurduak, ordea, hagitz haserre daude Turkiarekin, IS babestea leporatzen baitiote. Izan ere, Turkiak ez du muga itxi soilik errefuxiatu uholdearen sarrera oztopatu nahi duelako; iparraldean muga gurutzatu eta ISren aurka borrokara joateko prest dauden ehunka kurduri ere ez die utzi nahi Siriako aldean sartzen. Kurdistango mugetan sortutako auziaz gain, Turkia gatazkaren erdigunean kokatu da, AEBak presio egiten ari baitzaizkio ISren aurkako koalizioarekin batu dadin.

YPG Herriaren Babeserako Unitateek (Siriako kurduen miliziek) Kobanen daukaten buruzagi Esmat Hassanek Espainiako Efe agentziari adierazi dionez, Kobane hiriari (barrutiko hiriburuari) eustea lortu dute miliziek, baina ISren indarrak hiritik hamabi kilometrora hurbildu dira. Hassanen arabera, muturreko islamistek tankeak eta arma astunak erabili dituzte borroketan. YPGren bozeramaile Ridor Khaliliren arabera, astebetean YPGek ISko 232 kide hil dituzte, eta ISk, berriz, 32 miliziano kurdu.

Siriako gerra piztu zenetik, kurduen ordezkariek beti egotzi diote Turkiari muturreko talde islamistak babestea, Siriako kurduen aurka erabiltzeko; bereziki, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak —Siriako kurduen indar nagusiak—, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak —Turkiako kurduen gerrillak— eta KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak —Turkiako kurduen burujabetzaren aldeko eragileen plataformak—. Akusazio horien arabera, Ankarak muturreko islamistak lagunduko lituzke Siriako kurduen burujabetza oztopatzeko, Turkiako kurduentzat eredu bihurtzeko aukeraren beldur delako. ISk hil honetan zeharo gogortu du Siriako kurduen Kobane barrutia hartzeko erasoaldia, eta, milaka herritarrek ihesi egin arren, Turkiak ez zien muga ireki joan den ortziralera arte.

Turkiako lehen ministrorde Nurman Kurtulmusek erran duenez, 450.000 errefuxiatu hartzeko prestatzen ari dira, baina UNHCRk erran du Ankarak mugako pasabide gehienak itxi dituela berriz ere. Turkiako hedabide handienek atzo argitaratu zuten IS mugatik bortz kilometro eskasera zegoela, baina Nauaf Khalil PYDko bozeramaileak gezurtatu egin zuen hori. Haren ustez, bertsio horrekin Turkiak justifikatu egin nahi du muga ixtea. Hassan YPGren Kobaneko bozeramaileak, aitzineko egunetan ordezkari kurdu gehiagok egin bezala, esku hartzeko eskatu dio nazioarteari. Oraingoz, ordea, laguntza bakarra herrikide kurduengandik jaso dute.

PKK gerrillak egunak daramatza iparraldeko gazte kurduei eskatzen lagundu dezatela mugaz hegoalderako herrikideen defentsan. Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoak ere gauza bera eskatu die. «Rojavako [Kurdistan mendebaldeko] herriaz gain, iparraldeak eta Kurdistango gainerako eremuek ere bat egin beharko lukete», adierazi du Mazlum Dinç abokatuak Ocalanen izenean —buruzagi historikoa Imrali uhartean dauka preso Turkiak—. Azken lau egunotan, Turkiaren menpeko mugaren aldean istilu larriak izan dira Siriako aldera igaro nahi duten kurduen eta Turkiako Poliziaren artean. Kurdistango Firat agentziaren arabera, Poliziak balak ere jaurti dizkio jendetzari.

AEBen deia Turkiari

Turkiak ez du bat egin nahi izan ISren aurkako nazioarteko koalizioarekin. Orain arte argudiatu izan du ISk Turkiako herritartasuna duten 46 gatibu zeuzkala, baina negoziazio baten ondoren muturreko islamistek aske utzi zituzten, joan den larunbatean. NATOko kidea da Turkia, eta AEBen aliatu estua Ekialde Hurbilean. John Kerry AEBetako Estatu idazkariak erran du gatibuak askatu ondoren espero duela Turkiak bat egitea ISren aurkako koalizioarekin. Reutersen arabera, berriz, Iranek elkarlana proposatu die AEBei programa nuklearraren inguruko presioa baretzearen truke. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak, ordea, bi auziak ez dituztela lotuko erran die kazetariei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna