Ekialde Hurbila. Palestina

Lehen Gaza, orain Jerusalem

Meskiten Zelaiko tiroketaren ondorioz, Al-Aqsarako sarbide guztiak itxi ditu Israelgo Gobernuak, Bigarren Intifadaz geroztik lehen aldiz.

Palestinarrek Haserrearen Egunera deitu dute gaurko
Israelgo Polizia, eskuin muturreko juduak atxilotzen, Al-Aqsako eremura baimenik gabe sartzen ahalegintzeagatik.
Israelgo Polizia, eskuin muturreko juduak atxilotzen, Al-Aqsako eremura baimenik gabe sartzen ahalegintzeagatik. OLIVER WEIKEN / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 31
PAN Palestinako Aginte Nazionalak hitzetara itzuli du azken egunotako irudiek erakusten zutena: Ekialde Hurbileko tentsioa «gorenean» dela berriz, Gazako gerra baretu eta hilabete gutxira. Orain, Jerusalemen gaiztotu da giroa, eta hiriko gune gatazkatsuenean lehertu da: Meskiten Zelaian.

Asteazkenean, Israelgo alderdi eskuindarrenek lege polemiko bat proposatu zuten parlamentuan, eremu horretako Al-Aqsa meskitarako sarbidea banatzeko —denboraz eta espazioz—, eta zati bat juduen errezoetarako uzteko. Auzi horrek lehenago ere eragin izan ditu istiluak; muturreko hainbat talde eskuindar eta ultraortodoxo gerturatu izan dira Al-Aqsara, errezoan ari ziren musulmanak probokatzera. Asteazken iluntzean, gazte batek talde horietako kide ezagun bat tirokatu zuen, Yehuda Glick kolono ortodoxoa. Palestinako hedabideen arabera, erasotzailea Muatnaz Hijazi izeneko preso ohia da; Bigarren Intifadan parte hartzeagatik 11 urte igaro zituen Israelgo espetxeetan, eta duela bi geratu zen aske. Israelgo segurtasun indarrek atzo goizaldean atzeman zuten Jerusalem Ekialdean, teilatuetatik ihes egin nahian ari zela: tirokatu eta lekuan bertan hil zuten. Maan berri agentzia palestinarraren arabera, bizilagunak ahalegindu ziren eria ospitalera eramaten, baina poliziek tiroz uxatu zituzten, haietako hamabost zaurituz.

Hamasek txalotu egin du Glicken aurkako erasoa: «Israelek Al-Aqsa meskitaren aurka etengabe egiten dituen erasoekiko erantzun natural bat izan da». PANek Tel Aviveko gobernuari egotzi dio istiluon ardura. «Israelek propio gaiztotu du tentsioa», adierazi du Mahmud Abbas presidentearen bozeramaile batek: «Gerra aitorpena egiten ari zaie Palestinako herriari, haren leku sakratuei eta nazio arabiar eta islamikoari».

Asteazken gaueko gertakari larrien ondotik, Benjamin Netanyahuren gobernuak guztiz itxi zuen meskitarako sarbidea bisitari guztientzat. Ehunka fededunek eraikinaren kanpoaldean egin zuten atzo goizaldeko errezoa, poliziaz inguratuta. Atzo iluntzerako berriro zabaldu zuten meskita —AEBetatik eta hainbat herrialde arabiarretatik heldu zitzaizkion Tel Avivi horretarako eskaerak—, baina gaur eguerdiko errezorako muga ipinita: gizonezkoetan, soilik 50 urtetik gorakoak sartu ahal izango dira. Ostirala izanik, istiluak gerta daitezkeela argudiatu du Israelgo Poliziak; Al-Fatah alderdiari lotutako mugimenduek Haserrerean egunera deitu dute.

Meskiten Zelaia islameko hirugarren leku sakratuena da. Jerusalem Ekialdeko alde zaharrean dago, eta horrek are garrantzitsuago bihurtzen du palestinarrentzat: Israelek militarki okupatuta daukan hiriburuaren erdian dago. Horregatik, gatazka larrien detonatzailea izan ohi dira bertako istiluak. Bigarren Intifadari, esaterako, Al-Aqsa Intifada ere deitzen diote, han lehertu zelako, Ariel Sharonek —artean oposizioko buru zela, eta ez oraindik lehen ministro— palestinarren gune sakratua zapaldu zuenean. Harrezkero, lehenbiziko aldiz itxi dute Meskiten Zelaia. PANen ustez, erabaki «arriskutsua» izan da, «tentsio eta desegonkortasun gehiago eragingo dituelako».

New Yorketik, berririk ez

Palestinako agintaritzak laguntza eskatu dio nazioarteari, «erasook gelditu» eta istiluak baretzeko. Azken asteotan, hainbat herrialdetatik hartu diote kargu Israeli Jerusalem Ekialdean kolonia gehiago eraikitzeko asmoarengatik, baina, oraingoz, Netanyahuk bereari eutsi dio, eta geroz eta haserreago agertu da delituari buruzko ohartarazpen bat ailegatu zaion bakoitzean.

Jerusalem alerta egoeran zegoen bitartean, New Yorken ezohiko bilera egiten ari zen Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordea. Hainbat kide Israelgo kolonizazio politikaren aurka mintzatu ziren, baina ez zuten hari ardura eskatzeko ebazpen ofizialik adostu. Washingtonen dago gakoa: AEBek beto eskubidea erabili izan dute Palestinako kolonien aurkako agiriak eragozteko; azkena, 2011n. Dena den, ahoz bada ere, ohi baino zorrotzago mintzatu zaizkio Mendebaldeko erakunde nagusiak Tel Avivi. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak gogorarazi dio koloniak legez kanpokoak direla nazioarteko arauen arabera: «Bi estatuko irtenbidearen aurka doaz».

Udan ere kritika ugari jaso zituen Israelek nazioartetik, Gazako gerra zela medio. 50 egunetan erabat suntsitu zuen 360 kilometro koadroko lurraldea, baina ez zuen esperotako emaitza politikoa lortu: Hamas ahuldu beharrean, erresistentziarako erreferente bihurtu zen Palestina osoan, eta okupazioaren aurkako ekintzak lurralde guztietan areagotu ziren.

Orain, Tel Avivek Zisjordania eta Jerusalem jarri ditu jo mugan, eta errepresio kanpaina gogorra abiatu du erresistentzia mota ororen aurka. Hango hedabideen arabera, gobernuak hiriburuko presentzia militarra handitu du, eta Poliziak kanpaina mediatiko zabala abiatu du Israelgo hedabideetan, gazteak errekrutatzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna