Errusiak gas emaria irekiko du

Gasaren gerraren azken atala itxi dute Kievek eta Moskuk, martxora arte.

Ukrainak 2.470 milioi euroren zorrak kitatu beharko ditu urte bukaera baino lehen.

EBren finantza laguntza izango du

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 1
Europa ekialdean ez dute hotzik pasatuko neguan. Errusiak eta Ukrainak gasaren inguruko akordioa sinatu dute, EB Europako Batasunaren bitartekaritzarekin. Hurrengo urteko martxora arte behintzat, gas emariak ez du etenik izango Ukraina zeharkatzen duen gas hodian. Baina, horretarako, zorrak kitatu eta gasa aurretik ordaindu beharko du Kievek. Hasteko, 2.200 milioi dolar —1.755 milioi euro inguru— pagatu beharko ditu Errusia gasa garraiatzen hasteko. Ordainketa egin eta bi egunera irekiko du gas jarioa Gazprom Errusiako energia konpainiak. «Hurrengo astean izan daiteke», azaldu du Aleksei Miller Gazpromeko aholkulari nagusiak. Martxoan berriro negoziatu beharko dute.

Urte bukaera baino lehen, guztira 3.100 milioi dolar —2.470 milioi euro— ordaindu beharko ditu Kievek atzeratutako gas ordainketengatik. Naftogaz Ukrainako energia konpainiak urte bukaera baino lehenago zorrak kitatzen ez baditu, Moskuk berriro itxiko du gas emaria. Bi zatitan ordainduko du Kievek. Lehenengo, 1.562 milioi euro iazko azaroan, abenduan eta 2014 hasieran erositako gasarengatik. Bigarren ordainketa 1.315 miloi eurokoa izango da, aurten inportatutako gasarengatik. EBren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren finantza laguntza izango du Kievek, eta horri esker ordaindu ahalko du. Bestalde, gaur sartuko da indarrean Ukraina eta EBren elkartze akordioa.

Hala ere, auzia ez da guztiz itxi, Errusiak dioenez 4.230 milioi eurokoa delako zorra, orduan Kievek gasarengatik pagatu behar zuen prezioa garestiagoa zelakoan. Stockholmeko Arbitratzeko Auzitegiaren esku utzi dute afera.

Aurrerantzean Kievek ordainduko duen prezioa ere zehaztu dute. 378 dolar —301 euro— mila metro kubikoko urte bukaera arte. Hurrengo urteko lehen hiru hilabeteetan, berriz, 291 euro. Mila metro kubikoko 100 dolar jaistea onartu du Errusiak.

Gasaren gerraren azken atala itxita, EBk ziurtatu du neguan ez duela izango gas eskasiarik. Garrantzitsua da akordioa EBrentzat, handia baita Errusiarekiko duen gas mendekotasuna. Europan kontsumitzen den gasaren herena Errusiari erosten dio, eta zati handiena Ukrainako gasbidetik jasotzen du. Ekainaren 16an, Moskuk emaria itxi zion Kievi, prezioaren eta zorren inguruko desadostasunengatik.

Luze eta gogorrak izan dira negoziazioak, Ukrainako ekialdeko gatazkaren itzalean eginak. Hilabeteak eman dituzte hizketan Ukrainak eta Errusiak, Europako Batzordeko Energia mandatari Gunther Oettingerren bitartekaritzarekin. Gaurtik aurrera Ekonomia Digitaleko mandataria izango da Oettinger. Azken bilera sorta asteazkenean hasi zuten, eta, azkenean, herenegun gauean eman zuten akordioaren berri.

Hamar hilabeteko gatazka

Orain hamar hilabete irekitako arrakala ixtea lortu dute, behin- behinean behintzat. 2013ko abenduan, Errusiak 10.900 milioi euro erosi zizkion Ukrainari zor bonutan, eta gasaren prezioa herena merkatu —mila metro kubiko 200 euro ordaintzen zuen—. Ondorioz, Viktor Janukovitx orduko Ukrainako presidenteak EBri bizkarra eman eta elkartze akordioa ez sinatzea erabaki zuen, eta presidentea kanporatu zuten protestak piztu ziren.

Kolpearen ondotik eratutako gobernuari lehentasunezko tratua emateari utzi zion Moskuk. Apirilean, gasa eteteko lehen mehatxua egin zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Kievek ordura arte pilatutako zorrak kitatzen ez bazituen. Bide batez, gasa %40 garestitu zion.

Askoren ustetan, adabaki bat besterik ez da lortutako akordioa, hurrengo urteko gatazkaren oinarria. Hala esan dio Juri Koroltxuk Ukrainako Energia Estrategien Institutuko adituak Ria Novosti agentziari. «EBko finantza baliabideak amaitu ditu Ukrainak, eta negoziazio sorta honetan ikusi da Europak ez duela beti aterako diru zorroa».

Ugariak izan dira Ukrainaren eta Errusiaren arteko liskarrak gasaren inguruan. 2009ko urtarrilean, gas emaria itxi zuen Errusiak hamahiru egunez. 2006an ere, prezioaren inguruko liskarrek emaria ixtea eraman zuten. Europa da Errusiaren gas inportatzaile handiena, eta gisa horretako arazoak saihesteko eta gas emaria ziurtatzeko beste gasbide alternatiboak eraikitzeko proiektuak abiarazi ditu, South Stream-ena, kasurako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna