«Aniztasunean, batasuna»

Kataluniako hauteskunde plebiszitarioetarako ahalik eta proposamen subiranista zabalena eskatu du Junquerasek, independentzia nahi duten guztiek bat egiteko modua izan dezaten
Bi mila lagun baino gehiago bildu ziren atzo Bartzelonako Kongresuen Jauregian, tartean zen Mas presidentea.
Bi mila lagun baino gehiago bildu ziren atzo Bartzelonako Kongresuen Jauregian, tartean zen Mas presidentea. TONI GARRIGA / EFE

Samara Velte, Berriemaile berezia -

2014ko abenduak 3
Kataluniako Estatu independente bat eraikitzeko, «ahalik eta proposamen zabalena eta leunena» egin behar dela esan du Oriol Junquerasek, ERCko presidenteak: «Kontua erabat argi dutenek ere bat egiteko moduko proposamena egin behar dugu, jende askoz gehiagorengana iritsi behar dugulako».

Espero baino gogorrago erantzun dio Artur Mas presidenteak joan den astean proposatutako bide orri subiranistari. Datorren urte hasieran hauteskundeetara deitzeko prest agertu zen hura, baldin eta independentziaren aldeko alderdiek zerrenda bakarra osatzen bazuten. «Ezin da zalantzarik sortu hauteskunde horietan bozkatzen ari garenaren inguruan», esan zuen: «Gobernua edo eserlekuen banaketa aldatzeko baldin badira, ez ditut aurreratuko bozak».

Masek lehenbiziko aldiz zerrenda bakarra aipatu zuenetik, ERCk bereari eutsi dio, argudiatuz hautagaitza batekin baino gehiagorekin ere lor litekeela jende guztiak aitortzeko moduko gehiengo independentista; esate baterako, hautagaitza guztien izenaren zati bat adostuta, eta guztien hauteskunde programako puntu nagusia independentzia aldarrikapena izanda. «Ahalik eta batasun handieneko gobernua behar dugu, ahalik eta aniztasun handiena batuko duena. Etorkizuneko parlamentu batean gehiengo independentista bermatzeko modu onena hori da: independentista bakoitza prozesuaren parte sentitzea. Bakoitzak erosoena zaion erreferente politiko, kultural eta ekonomikoa topatu behar du». Nolanahi ere, zabalik utzi du Masen asmora gehiago gerturatzen den beste aukera bat: «Posible da, halaber, alderdi guztiek gizartean erreferenteak diren pertsona batzuk adostea, eta haiek egitea batasunaren bermatzaile lanak».

Junquerasek aditzera eman duenez, bi dira ERCren kezka nagusiak. Alde batetik, independentista konbentzituak ez direnek zerrenda hori babestu nahi ez izatea: «Posible da hauteskundeetan guztiok ez bozkatzea independentziaren alde. Baina gerta liteke, independentziaren onurez konbentzitu gabe ere, prest egotea ondorengo herrialdea eraikitzeko prozesuan parte hartzeko». Bestetik, ERCri beldurra ematen dio Masen proposamenak independentzia aldarrikapen bakartzat hartu eta beste gaiak alde batera uztea, eta alderdi unionistak horietaz jabetzea. Hitzaldian, Junquerasek arreta berezia eman die gizarte zerbitzuei eta ustelkeriaren aurkako neurriei. «Askorentzat, traizioa litzateke independentistak ez direnen esku utziko bagenu ustelkeriaren aurkako borroka».

ERCren plana

Independentziari buruzko erreferenduma ordezkatuko duten hauteskundeetara deitzea «beharrezkoa» eta «presazkoa» iruditzen zaio Junquerasi; horraino, ados dago Masen proposamenarekin. Boz horietatik sortutako gobernuak, ordea, lehenbiziko egunetik jardun behar luke estatu burujabe baten moduan. «Independentzia gauzatzeko, estatu egitura batzuk beharko ditugu, eta haiek sortzeko modu bakarra horixe da: independente gisa jardutea». Horregatik, trantsizio juridikorako legea sortzea proposatu du: «Espainiako egiturek indarrean jarraituko dute, harik eta gu sortzen goazen legeek ordezkatzen dituzten arte». Ogasuna eta Gizarte Segurantza nazionala aipatu ditu; eta, bitartean, prozesu konstituziogilea ere gauzatu beharko dute. Ordurako, independentziaren alde bozkatu ez dutenen babesa ere bilatu nahi du Junquerasek: «Prozesu horrek erabat zabala izan beharko du, guztioi eragingo digulako. Estatuaren eraikuntzak askoz babes handiagoa jasoko du Estatuaren aldarrikapenak berak baino».

Masen proposamenak 18 hilabeteko agintaldi berezi bat zekarren: hura amaitutakoan, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetara deituko lukete berriz, eta haiekin batera independentzia berresteko erreferendum ofiziala egingo lukete. Junquerasen ustez, zentzugabea da ordura arte eraikitakoa berriz zalantzan jartzea: «Bigarren erreferendumak ezin du izan independentzia berresteko. Izatekotan, prozesu konstituziogileari babesa adierazteko izan behar du. Kataluniako Errepublikaren Konstituzioa berresten dugunean, de facto prozesu osoa berresten ariko gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna