Basauriko Edesa zabalduko du CNAk, baina iraungitze datarekin

2015eko lehen hiruhilekoan, termoen ekoizpena abiatuko du talde katalanak Bizkaian, baina urtea amaitu aurretik, jarduera hori Gipuzkoara ekarriko du.

40 lanpostu sortuko ditu negozio lerro berriak
Edesako langileek azaroaren amaieran egindako manifestazio bat, Basauriko lantegia zabaltzeko eskatzen.
Edesako langileek azaroaren amaieran egindako manifestazio bat, Basauriko lantegia zabaltzeko eskatzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2014ko abenduak 17
Fagor Etxetresnekin batera hondoratu zirenetik, ozen eta etenik gabe eskatu dutena izango dute Basauriko Edesako langile bazkideek: planta berriro zabaltzea. Albistea pozgarria izanagatik, ez da langileek nahi zutena; CNA Fagor Etxetresnen jabe berriak iragarri duenez, 2015. urtea amaitzerako Basauriko jarduera Euskal Herriko beste lantegiren batera eramango baitu. Negozio lerro berriak 40 lanpostu sortuko dituela aurreikusi du CNAk —200dik gora aritzen ziren itxieraren aurretik—, eta Basaurin, datorren lehen hiruhilekoan lanpostu horiek hartzen dituztenek bermatua izango dute lanean jarraitzea; non beste kontu bat da.

CNAk oraindik erantzun gabe zuen galdera nagusietako bat zen Basauriko lantegiarekin zer gertatuko zen Fagor berriari dagokionez. Hango langile bazkideek Bizkaiko Diputazioaren babesarekin —Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren parte hartze pertsonalarekin— presio handia egin dute kooperatiba zenaren porrot prozesuak iraun duen bitartean Konfort lerroko negozioaren jarduera gal ez zedin Bizkaian.

Katalanek orain bi aste esan zuten Arrasateko Garagartzan (Galagarza Electrodomesticos enpresa berriaren egoitza) «modu sakonean eta zorrotz» aztertzen ari zirela aukera guztiak Basaurirentzat, eta atzo berretsi zuen termoen jarduerari ekingo diola —aurretik egosketa eta etxetresna txikiak jarri ditu martxan, baita Konfort ataleko Bergarako adarra ere—. Haatik, «katalogoa arrazionalizatzeko beharra» dela eta, CNAk soilik eskaintzaren zati bati ekingo dio Basaurin, eta ekoizpen neurri horrek 40 lanpostu baino ez ditu eskatuko.

60.000 unitate lehen urtean

Jarduera martxan jartzeko Basauriko fabrika egoki jotzen du CNAk, baina, urtea amaitu aurretik, Euskal Herriko beste planta batera eramango du ekoizpena. Basauriko fabrika ez da CNA taldearena, lantegi hori ez baitzegoen Pedro Malagon Donostiako epaileak egindako adjudikazioaren sortan. Fagor berriak sobera dauka espazioa Arrasateko lantegietan, eta ez du zertan alokairu bat pagatu Basaurin espazio handirik eskatzen ez duen jarduera gauzatzeko.

Termoen negoziorako diseinatutako bideragarritasun planaren arabera, lehen urtean 60.000 unitate ekoiztea espero du multinazionalak. Fagor berriak jakinarazi duenez, bi dira lantegiaren irekieraren helburuak. Batetik, produkzio lerroen egoera neurtzea, eta, bestetik, arlo komertziala «lehenbailehen» abiatzea. «Azken hilabeteetan marketin eta salmenta ataleko hogei laguneko lantalde bat aritu da termoen salmenta prestatzen», dio CNAk atzo hedabidetara igorritako oharrean.

Basauriko lantegiaren geroa betiko markatuko duen erabakiak ere bi zutabe ditu CNAk azaldu duenez. «Basauriko instalazioak inbertsio handia eskatzen du segurtasun eta ingurumen arautegira egokitzeko. Inbertsio hori egin beharrak ez luke bideragarri egingo proiektua». Bigarren arrazoia alokairua pagatu beharra da. «Aurreikusitako ekoizpen kantitate txikia dela eta, garestiegia izango litzateke fabrikaren alokairua eta mantentze lana».

Hainbat langile ohik albistea ezagutu eta gero esan dutenez, «espero» zuten horrelako zerbait. «Berri txarra» da askorentzat, Basauri itxiko dela berretsi delako azken finean, eta enplegua lortzen dutenek ere «etxetik urrun» lortuko dutelako. Ospakizunik ez zen atzo Basaurin.

ELA sindikatua, gustura

ELA sindikatua, berriz, «pozik» dago CNA Groupen erabakiarekin, «ahalik eta lerro gehien martxan jartzeko helburuarekin bat» datorrelako. Basauriko lantegia ireki zedin gogor lan egin duela esan zuen atzo sindikatuak ohar batean, eta hala egiten jarraituko duela berretsi zuen irekiera plana bete arte. «Edesako langile guztiak zoriondu nahi ditugu fabrika martxan jartzeko helburua bete delako. Honek erakusten du ekoizpen jarduera Edesan bideragarria eta errentagarria dela epe luzera».

Edesaren negozioaren jabeen iritziz, ez da horrela, eta horregatik eramango du 2015. urtea amaitzerako industria jarduera Gipuzkoara. «Fagor Etxetresnak erosi zuenetik, CNA Groupen asmoa izan da enplegua sortzea, produkzioa Euskal Herrian mantentzea eta berritzea», dio CNAren oharrak. «Horretarako CNA Groupek beharrezkoa ikusten du dituen jardueren jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren alde egitea, produkzio zentroen zatiketa saihestuz eta lantegiak leku batean bilduz». Konfort atalaren beste adarra Bergarako Geyser lantegian dago, eta martxan da. Vaillant multinazionalari fabrikaren %50 erosteko akordiorako oinarria du CNAk lantegi osoa eskuratzeko, eta hura gauzatzean —2015eko lehen hiruhilekoan agian—, Bergaran kokatu daiteke negozio atal osoa.

Basauriko Edesaren lantegiak 65 urte baino gehiago daramatza termoak ekoizten. CNA Groupek dio Edesa markaren alde apustu egingo duela, bezeroak eta nazioarteko merkatuan zuen izen ona berreskuratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna