NATOtik gero eta hurbilago

Ukrainako Parlamentuak uko egin dio neutraltasun estatusari, eta Aliantza Atlantikora batzeko lehen baldintza bete du.

Mosku haserrarazi du erabakiak, eta etsaitzat har lezakeela ohartarazi dio
Ehunka herritar bildu ziren atzo parlamentuko atarian, legebiltzarkideak bilduta zeudela.
Ehunka herritar bildu ziren atzo parlamentuko atarian, legebiltzarkideak bilduta zeudela. SERGEY DOLZHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 24
Kieven eta Moskuren arteko harreman jada gatazkatsuan azken oztopoa jarri zuen atzo Ukrainako Radak (Parlamentuak). Herrialdearen neutraltasun estatusari uko egitea adostu zuen legebiltzarrak gehiengo osoz. Bloke militarretan sartzeko debekua kenduta, Ukrainak NATOn sartzeko baldintza nagusia bete du. Hori da, hain zuzen ere, Kieven azken helburua; Errusiari bizkarra eman, haren eraginpetik atera, eta babes bila Mendebaldera jotzea.

«Ukrainaren aurkako Errusiaren erasoak; Krimeako Errepublika Autonomoa legez kanpo bere egitea; gure herrialdearen aurkako gerra hibridoa deiturikoa; ekialdeko eskualdeetako interbentzio militarra; eta etengabeko presio politikoa, militarra eta ekonomikoa dela eta, gure independentzia, burujabetza, segurtasuna eta lurraldetasuna bermatzeko beste bide batzuk bilatu behar ditugu», dio legebiltzarrak onartutako ebazpenak. 303 diputatuk bozkatu dute alde, legeak aurrera egiteko beharrezkoak direnak baino 76 gehiago. Soilik Oposizioaren Blokeko zortzi legebiltzarkidek egin dute aurka.

Bestalde, ebazpenak jasotzen du NATOrekin elkarlanean aritzeko eta erakunde militarraren irizpide guztiak betetzeko arau bat. Horrez gain, Ukrainaren «lehentasunezko interes nazionala» definitzen du: Europako espazio politikoan, ekonomikoan eta juridikoan sartzea, EB Europako Batasuneko eta NATOko kide bihurtzeko. Petro Poroxenko presidenteak maiatzean hauteskundeak irabazi zituenean iragarri zuenez, erreferendum bidez erabakiko dute herritarrek Aliantza Atlantikora batzea.

Halere, urteak igaroko dira oraindik Ukraina NATOko kide izan arte, aliantzako bozeramaile batek Reuters agentziari esan dionez. «Gure ateak zabalik daude Ukrainarentzat, sartzeko eskaera egiten badu eta baldintza, irizpide eta printzipio guztiak betetzen baditu».

Moskuren haserrea piztu du Ukrainak emandako pausoak. Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroak azaldu du Ukraina balizko etsaitzat hartzera eramango duela parlamentuaren erabakiak. Facebook sare sozialean argitaratutako oharrean, AEBei ere ohartarazi die hurrengo hamarkadetako harremanak «pozoitu» egingo direla.

Medvedeven iritziz, neutraltasun estatusari uko egitea NATOko kide izateko eskaera egitea da berez. «Ondorio ezkorrak izango ditu». Gas emaria moztea mehatxatu zuen Errusiak atzo bertan, Ukrainak urtarrileko gasarengatik aldez aurretik ordaintzen ez badu. 1.650 milioi dolar — 1.354 milioi euro— aurreratu behar ditu Kievek. Sergei Lavrov Atzerri ministroak Itar Tass agentziari esan dionez, bi herrialdeen arteko liskarra handituko da. «Horrelako legeekin Ukrainako gatazka konpon daitekeen ilusioa sortzen da. Hobe luke Kievek estatu kolpea eman zutenean kontuan hartu ez zituzten herritar horiekin hitz egitea».

«Aro berri baten hasiera»

Gerra Hotza amaitu zenetik, NATO etengabe hedatu da ekialderantz, eta Moskuren eraginpean zeuden herrialde asko batu dira aliantza militarrera. Errusiak segurtasun mehatxutzat du haren zabalkundea. Ukrainak lehenago ere egin zuen NATOn sartzeko keinua, Viktor Justxenko presidente ohiaren eskutik. Aliantza Atlantikoak 2008ko Bukaresteko bilkuran onartu zuen Ukrainari erakundera sartzeko baimena ematea, baina Viktor Janukovitx aurreko presidenteak geratu egin zuen prozesua, eta 2010ean konstituzioan ezarri zuen herrialdearen neutraltasuna, edozein bloke militarretara sartzea galarazteko.

«Europako segurtasun kolektiboan aro berri baten hasiera da». Samapomitx (Autolaguntza) alderdiko parlamentuko bozeramaile Oleh Bereziuk-ek pozarren hartu du ebazpena, parlamentari gehienen antzera. «Ukrainak jada prezio altuegia ordaindu du neutraltasunari eusteagatik, baina legeak nazioari hori aldatzeko tresnak emango dizkio», azaldu du Hrihorii Nemiriak, Batkivstxina (Aberria) alderdiko ordezkariak. Pavlo Klimkin Atzerri ministroaren arabera, legearen helburua Europa eta Mendebaldera begira jartzea da. «Gure kanpo politika garatzeko beste mekanismo batzuk emango dizkigu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna