133 eguneko amesgaiztoa

Siria barneko Kurdistango Kobane hiria askatu dute YPG miliziek.

Lau hilabetez izan du setiatuta Estatu Islamikoak, eta kurduentzat sinbolo bihurtu da hiria

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 27
Besta eta ospakizun eguna izan zuten atzo Kurdistango herri eta hiri anitzetan. Bandera nazionalak eta Kurdistango herriaren burujabetza helburu duten taldeen ikurrak harro astintzeko eguna. 133 eguneko setioari aurre egin ondoren, Siriako kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateek lortu dute EI Estatu Islamikoa Kobane hiritik bidaltzea. «Harro adierazten dugu Kobane hiria erabat askatu dugula», jakinarazi zuen atzo arratsaldean Twitter bidez PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak (Siriako kurduen indar nagusiak). Irailean hasitako amesgaiztoa oraingoz bukatu da Kobaneko herritarrentzat, baina segur aski gerra bukatu arte itxaron beharko da 2015eko urtarrilaren 26a kurduentzat egun historikoa bihurtuko ote den ikusteko.

Kurdistango Firat agentziak arratsaldean jakinarazi zuen herritarrak EI Estatu Islamikoaren aurkako garaipena ospatzen ari zirela, eta PYDk geroxeago egin zuen berrespen ofiziala. «Zorionak gizateriari, Kurdistani eta Kobaneko herriari Kobane askatzeagatik», idatzi zuen Twitterren Polat Can YPG milizietako bozeramaileak. Kobane barruti autonomoko presidente Anwar Muslimek Erresuma Batuko BBC kateari erran zionez, hiria askatu ondotik YPGek «azken garbiketa» egiten jarraitu zuten kanpoaldeko eremuetan. Muslih Zebari pexmergen komandantearen arabera, kanpoaldeko herrixka bakarra zegoen EIren menpe, berreskuratzeko «erraza». AEBak zuhurrago mintzatu dira. «Ezin dut erran borroka irabazita dagoenik. Borroka ez da amaitu», adierazi du Steve Warren koronelak. «Baina, oraingoz, babesten ditugun indarren aldekoa da egoera». AEBek azken bi egunetan hamazazpi aire eraso egin dituzte Kobanen EIren aurka. Pentagonoak ortziralean adierazi zuen hiriaren %70 berreskuratuta zeukatela YPGek.

2014aren hasieran Siriako kurduek hiru barruti autonomo egituratu zituzten, Siriako Gobernuaren eta matxinoen kontroletik at. Horietako bat zen Kobane. Irailaren hasieran barrutia hartzeko erasoaldia hasi zuen EIk, eta hil horren 16an setioa ezarri zion hiriburuari. Jatorrian 60.000 biztanle inguru zeuzkan hiriak, baina setioa hasi zenean barruti osoko dozenaka mila errefuxiatu zeuden han. Kalkuluen arabera, 200.000 inguru dira lau hilabeteotan Turkiaren menpeko Kurdistanera babes bila muga gurutzatu dutenak. Turkiaren jarrerak, ordea, gaitzespen eta amorru handia sortu du kurduen artean.

Setioaren hasieratik Turkiak oztopatu egin du Kobane babestu duten miliziei inolako laguntzarik ailegatzea: ez armak, ez hornigaiak, ezta borrokara joan nahi zuten boluntarioak ere. Kurduen burujabetzaren aldeko mugimenduak Turkiari leporatu dio EIri laguntzea kurduen mugimendu nazionala ahultzeko. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berak erran zuen YPGak EI «bezain terroristak» direla. Atzo bertan, Firat agentziak argitaratu zuen Turkiako armadak muga gurutzatzen utzi ziela Kobanetik ihesean zihoazen EIko zenbait kideri —lekukoak aipatu zituen iturritzat—.

Turkiaren jarrerak Kobanerekiko elkartasun mugimendu zabala sortu du Kurdistan osoan; irailean eta urrian, Turkiaren menpeko aldean gutxienez 43 lagun hil ziren protesta horietan sortutako istiluetan. Hori guztiagatik, pentsatzekoa da Bulent Arinç Turkiako lehen ministrordeak egindako adierazpenak ez dituztela ongi hartuko burujabetzaren aldeko kurduek. «Turkiak Kobaneri emandako laguntza ez litzateke ahantzi beharko», erran du Arinçek, eta gaineratu Turkiaren menpeko Kurdistanen Kobaneren askapena ospatzeko egindako manifestazioak «terrore ekintzak» izan direla. YPGek AEBen aire erasoen eta Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmerga talde baten laguntza izan dute Kobanen. Laguntza hori, ordea, ez zen berehalakoan etorri; interes talkek trabatutako lan diplomatiko nekez baten ondorio izan zen.

Iraken ere aurrerapena

Kurduek Kobane askatu duten egun berean, Irakeko indarrek adierazi dute Diyala probintziatik bidali dutela EI —Bagdaden ipar-ekialdean—. Yamil al-Xabari probintziako Poliziaren buruaren arabera, armadak, milizia xiitek eta tribuen miliziek parte hartu dute EIren aurkako kontraerasoan. Milizia xiiten artean parte hartu du boteretsuenak, Badr-ek. Hami al-Amri miliziako buruzagiak erran du iparraldera jotzeko asmoa daukatela orain, Tikritera lehenik, eta Kirkukera gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna