Gatazkak bateratzeko bidean

Turkiaren menpeko Kurdistanen bertze polizia bat hil dute, eta PKK-k bere gain hartu du Estatu Islamikoaren jarraitzaile baten hilketa.

Siriako kurduen auziaren eragina handitzen ari da iparraldean

Mikel Rodriguez

2015eko uztailak 24
Joan den astelehenean ustez EI Estatu Islamikoak Suruçen egindako eraso suizidak soka luzea ekarri du Turkiaren menpeko Kurdistanen, eta mugarri bat bilakatu liteke Ankararen eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren arteko gatazkan. Diyarbakir hirian polizia bat hil zuten atzo tiroz, eta PKK-k oraingoan adierazpenik egin ez duen arren, Turkiako hedabideek azken egunotako erasoekin lotu dute hilketa. Asteartean izandako bertze hilketa bat, ordea, bere gain hartu zuen atzo PKKren gazte erakundeak: EI Estatu Islamikoaren laguntzailetzat jotako gizonezko bat tirokatu du Istanbulen, eta ohartarazi du EIko kideak hiltzeko kanpaina bat hasiko duela. Diyarbakirgo erasoa nork egin duen berrestearen faltan, herenegun Ceylanpinarren hildako bi poliziekin hiru lirateke aste honetan PKK-k bere gain hartutako hilketak. Guztietan, Suruçeko sarraskia mendekatzeko asmoa agertu du PKK-k, Turkia egiten baitu atentatu horren erantzule. Funtsean, azken gertaerek erakutsi dute Siriako kurduen eta Turkiakoen gatazkak gero eta elkartuago daudela, alde bakoitzean gertatzen denak gero eta ondorio sakonagoak uzten baititu mugaren bertze aldean.

PKK-k 2013ko martxoan eman zuen su-etena, aitzinetik Turkiako Gobernuarekin harremanak izan ondotik. Meniak helburu zuen gatazka nazionala konpontzeko bake prozesu bat hastea. Bi urteotan, ordea, ez dute aurrerapauso handirik eman, eta mamitu ez den prozesu hori une kritikoan sartu da azken egunotan. Hala ere, PKK-k ez du erran su-etena bukatutzat ematen duenik.

Poliziaren aurkako atzoko erasoa Diyarbakir hiriko Yenisehir barrutian egin zuten. Hurriyet egunkariaren arabera, Poliziak auto istripu baten deia jaso zuen, eta trafikoko bi polizia ustezko ezbeharra zegoen tokira hurbiltzean, aurpegia estalitako bi armadunek tirokatu zituzten. Larri zauritu ziren biak, eta bat ospitalean hil zen.

Herenegun ez bezala, atzoko erasoa inork ez du hartu bere gain. PKK-ren adar armatu HPG Herriaren Defentsarako Indarrek hartu zuten beren gain Ceylanpinar hiriko bi poliziaren hilketa —Kurdistan Turkiaren eta Siriaren artean banatzen duen mugan dago hiri hori—. HPGek erran zuten Suruçeko sarraskiarengatik «mendeku hartzeko» eta polizia horiek «Estatu Islamikoari» laguntzen ziotelako egin zutela erasoa. Bezperan, Istanbulen Mursel Gul xaboi saltzailea hil zuten lau tirorekin. YDG-H Gazte Mugimendu Abertzale Iraultzaileak hilketa hori egin izana bere gain hartu zuen atzo, Turkiako hedabideetara bidalitako agiri batean. PKK-ren gazte erakundea da YDG-H. Talde horren arabera, Gulek YPG Herriaren Babeserako Unitateen aurka borrokatu zuen Sirian —Siriako kurduen miliziak dira YPGak—. Turkiako hedabideen arabera, Poliziak ere berretsi du Gulek «EIrekin lotura» zuela, eta Sirian izana zela. YDG-Hk adierazi du Suruçeko sarraskiarengatik mendeku hartzeko «EIko kide gehiago» hilko dituela. Hurriyet egunkariaren arabera, Gul hil eta biharamunean (herenegun), 33 urteko bertze gizonezko bat tirokatuta hil zuten bere etxean, Adana probintzian (Kurdistandik kanpo), EIko jarraitzaile zelakoan.

«AKPk egin zuen sarraskia»

Suruçeko atentatuak amorru erreakzio zabala sortu du Kurdistanen baita handik kanpo ere. Erasotzaile suizida batek lehergailu bat zartarazi zuen kultur etxe batean, Turkiako SGDF Gazte Sozialisten Elkarteen Federazioko 300 bat kide elkartuta zeudenean. 32 hil zituen. Siria barneko Kurdistango Kobane hirira joatekoak ziren, berreraikuntza lanetan laguntzera. Poliziaren arabera, suizida EIko 20 urteko kurdu bat zen. Kurdistango burujabetzaren aldeko eragileek, ordea, Turkiako Gobernua eta zehazki AKP Justizia eta Garapena Alderdia egin dituzte erantzule. «AKPk egin zuen sarraskia eta EI aitzakiatzat erabiltzen du. Eta orain izututa dago jendeak argi duelako AKPk Pirsusen [Suruç, kurdueraz] izan duen rola», adierazi du PKKren Batzorde Eragileak Firat agentziara bidalitako ohar batean. Gerrilla adierazpen horretan Suruçeko atentatuari buruz mintzatu da soilik.

Ankarak Siriako kurduekiko erakutsi duen jarrerak aspaldian dauzka amorratuta Turkiako kurduak. 2013an, AKPri leporatu zioten Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Fronteari laguntzea YPGen aurkako gerran. Iaz, EIk Kobaneri setioa ezarri zionean jo zuen goia tentsioak. Turkiak mugaren bertze aldeko hiriari laguntza blokeatu zion, eta iparraldeko kurduak matxinatu zitzaizkion horren aurka. Astebeteko liskarretan, 40 lagun hil ziren. Aurten, berriz, tentsioaren hazkundea nabaritu da maiatzean hauteskunde kanpaina azken txanpan sartu zenetik gaurdaino. hauteskundeen bezperan, adibidez, lehergailu batekin eraso zioten kurduen burujabetzaren aldeko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko koalizioaren azken mitinari —lau lagun hil zituzten—.

Turkia eta EI, elkarri tiroka

Turkiak Siriako gatazkan mantentzen duen jarrera ofiziala da EI eta YPGak parekatzea, biak «terroristak» direla erranda. EIren aurka ez du neurririk hartu nahi izan, eta ez zuen bat egin AEBek sustatutako koalizioarekin. Atzo, ordea, gertakari esanguratsu bat gertatu zen: lehenbiziko aldiz, EIk eta Turkiako armadak tiroketa bat izan dute elkarrekin. Armadaren arabera, soldadu bat eta muturreko islamista bat hil dira. Turkiako Kilis barrutiaren eta Siriako Alepo probintziaren mugako gune batean izan da gertakaria. Une berezian gertatu da, kurduekiko tentsioaz gain, hainbat mugimendu esanguratsu gertatu baitira azken aste eta egunotan. Adibidez, Turkiako armadak baliabide kopuru handia pilatua du eremu horretan, eta, atzo Turkiako hedabideek argitaratu zutenez, Ankarak onartu du nazioarteko koalizioak bere baseak erabiltzea EIri erasotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna