Poliziak ia 3.000 etorkin hartzen zituen kanpalekua hustu du, Parisen

Etorkin eta iheslariak sorospen etxe baten inguruan antolatutako kanpalekuan zeuden, oso egoera kaskarrean. 2015etik hustu duten 34. kanpalekua da, eta, guztira, 27.375 pertsonei eragin die

Bi etorkin, Parisko kanpalekuan, Poliziak hustu eta gero. ETIENNE LAURENT / EFE.
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak eta zerbitzu sozialek 2.771 errefuxiatu eta etorkin hartzen zituen kanpaleku bat hustu zuten atzo Parisen. Kanpalekua Paris iparraldean zegoen, eta azaroan irekitako Port de la Chapelle sorospen zentroaren inguruan antolatuta zegoen. Ireki zutenetik, 400 etorkin heltzen ziren astero. Kanporatuak autobusetan sartu eta behin-behineko babesleku gisa erabiliko dituzten eskoletara eraman zituzten. Azken asteetan, zubi azpian edo bide ertzean lo egiten zuten etorkinek, eta ia urik, janik eta zerbitzu medikorik gabe zeuden. 350 poliziak parte hartu zuten operazioan, eta Prefeturak «behin-behineko ostatua» emango zaiela ziurtatu zien lekualdatuei. «Behin babesa dutela, nahi dutenei orientazio proposamen bat egingo zaie, haien egoeraren arabera zein lekutan jasoko dituzten erabakitzeko», adierazi du ohar batean Prefeturak. Anne Marie Bredan Utopia 56 elkarteko boluntarioak adierazi duenez, «hustea lasaitasunez» egin dute, eta ez da «istilu larririk» gertatu. Frantziako agintariek «legez kanpoko» kanpaleku horiek segurtasunerako eta osasunarentzako «arriskutsuak» direla esanez justifikatu dute operazioa, eta legeak horiek eraisteko baimena ematen duela gaineratu.

Guillaume Schers Frantziako Asilo Lurraldea GKE gobernuz kanpoko erakundearen arduradunak esan zuen Frantziak babes etxeak arautuko dituen plan «iraunkor, egonkor eta estrategiko» bat behar duela, eta ohartarazi du uda honetan Frantziara helduko den etorkin kopurua ez dela jaitsiko. Bestalde, Frantziako Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko zuzendari Corinne Torrek jakinarazi du, iheslariek eta errefuxiatuek arazo larri bati aurre egingo diotela: pairatu dituzten traumek sortutako arazo mentalak. «Jende gehiena Libia zeharkatuz etorri da. Askok indarkeria, tortura, tratu txarrak eta sexu indarkeria sufritu dute», gaineratu du. 2015etik, 34 kanpaleku hustu ditu Frantziako Poliziak, eta 27.375 pertsonari eragin.

Calaisko kanpalekua joan den urrian hustu zuten, eta atzo mugiarazi zituzten asko handik zetozen. Calaisen ere milaka bizi ziren, eta gehienek Erresuma Batura heltzeko itxaropena zuten. Kanpalekua suntsitu eta gero, 5.600 pertsona aterpetu zituzten, baina ehunka aterperik gabe geratu ziren, eta tartean umeak zeuden. Somaliatik ihes egin eta Calaisen egondako Somaliako 25 urteko ikasle bat The Guardian egunkariari han bizitakoaz mintzatu zaio: «Kalean bizitzeaz leher eginda nago. Ez dakit nora eramango gaituzten gaur. Gizaki gisa tratatuko gaituzten leku batera eramatea nahi dut, besterik ez» esan zion hedabide britainiarrari.

EB Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetako Barne ministroek bilera bat egin zuten, ostegunean, Tallinnen (Estonia), Mediterraneo Itsasoko etorkinen krisiaren inguruan portaera araudi bat babesteko. Araudiak GKEei «arau argi» batzuen barruan lan egin behar dutela esaten die, besteak beste. Espainiako bost GKEek osatzen duten Migreurop taldeak bileran hartu ziren erabakiak kritikatu zituen, atzo. Araudiak erakunde horiek «kriminalizatu» eta etorkinen kontrako «gorrotoa» sustatzen dutela salatu dute. GKEak arautzeko planak «heriotza gehiago» ekarriko duela azpimarratu zuten, eta Europako politika migratzailearen «porrota» agerian geratu dela adierazi. Italiatik etorkinen «presazko» etxeratzearen moduen ezarpena ere gaitzetsi dute.

Italia-Austria krisia

Bestalde, aste honen hasieran bertan, Italiaren eta Austriaren arteko tirabira bat gertatu da. Asteazkenean, Kronenzeitung hedabide austriarrak jakinarazi zuen Austriako Gobernuak Italiarekiko mugan zaintza neurriak hartu behar zituela, etorkinak etengabe ari zirelako heltzen. Hans Peter Doskozil Austriako Defentsa ministroak adierazi zuen egitekoa «beharrezkoa» zela etorkinen etorrera kopuruak behera egiten ez bazuen. Horren ondorioz, Marco Minniti Italiako Barne ministroak esan zuen Doskozilen esanek «erabat harritu» zutela, bi herrialdeen arteko harremanak «onak» baitira. «Azalpenik gabeko ekinbidea da, eta, ez badute berehala atzera egiten, bi herrialdeen arteko segurtasunerako harremanak ondorio larriak izango ditu» gaineratu zuen. Egun bat geroago, baina, Austriako kantziler federal Christian Kernek eta Doskozil ministroak elkarrekin egin zuten agerraldian argitu zuten ez zutela arrazoirik ikusten Italiarekin duten mugan neurriak areagotzeko. Tentsioa gutxitzeko,garrantzitsuena «lagun italiarrekin» duten harremana dela azaldu zuten , baina jadanik hasiak direla laguntza militarra antolatzen, egoera «okerrera» joan bailiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.