ERCren ustez, Sanchezek ez, Junquerasek behar luke presidentegai

Errepublikanoen iritziz, JxCk uko egin dio aurreko gobernua berrezartzeari. Puigdemontek erantzun die orain bi talde parlamentario direla. Madrilek ateak itxi dizkio Sanchezen inbestidurari
Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren zerrendaburua, atzo Rac1 irratiko <em>El Mon</em> programari emandako elkarrizketan.
Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren zerrendaburua, atzo Rac1 irratiko El Mon programari emandako elkarrizketan. EFE

Igor Susaeta -

2018ko martxoak 3
JxC Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana Kataluniarentzako gobernu akordioa lotzear daude; edo hori zirudien, behintzat atzo arte. Carles Puigdemont JxCren zerrendaburuak iragarri zuen herenegun iluntzean Generalitateko presidente izateko hautagaitzari uko egin diola «behin-behinean», eta Jordi Sanchez JxCren zerrendako bigarrena proposatu du. Baina ERC ez dago ados aukeraketarekin. Hala jakinarazi zuen atzo Catalunya Radion Sergi Sabria bozeramaileak: «JxCren hautagaia da; akordioa ez dugu lotu oraindik». Sanchez proposatuta, JxCk 155.aren aurreko Kataluniako Gobernua berrezartzeari uko egin diola iruditzen zaie errepublikanoei. «Legitimitatearen logikari jarraituz, Puigdemont hautagaia ez baldin bada, Oriol Junquerasek izan beharko luke». Presidenteordea zen Junqueras ERCkoa, eta Auzitegi Gorenak matxinada leporatuta, behin-behineko espetxealdian dago joan den azaroaren 2tik.

Puigdemontek apur bat geroago erantzun zien Sabriaren adierazpenei, RAC1 irratian egindako elkarrizketan. Bezperan, iragarpena egin zuenean, zehaztu zuen Sanchez «JxCren hautagaia»zela, eta atzo, erabakia justifikatzeko, aurreko legegintzaldian ez bezala bi indar subiranistek ez dutela koalizio bat partekatzen nabarmendu zuen. «Hau ez da Junts Pel Si». Areago joan zen aurreko presidentea: «Bi talde parlamentario gara orain, eta ez guk hala nahi izan genuelako». Izan ere, Espainiako Gobernuak inposatutako hauteskundeetan parte hartzea erabaki zutenean, PDeCATek zerrenda bateratu bat osatzea proposatu zien ERCri eta CUPi. Errepublikanoek eta antikapitalistek ez zuten onartu, ordea.

Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia, Junqueras bezalaxe, behin-behineko kartzelaldian dago Kataluniako prozesu subiranistaren harira Gorenak matxinada delitua egotzita. Pablo Llarena magistratuak nekez utziko die, batari zein besteari, presidentegai izaten eta inbestidura saiora joaten. Eta, hain zuzen ere, Espainiako Estatuaren jazarpen judiziala dela medio gobernu «eraginkor bat» osatzearen alde agertu izan da eta agertzen da ERC, eta hori dela-eta atzeratu zuen, lehengo urtarrilaren 30ean, Puigdemonten inbestidura; bide batez, horregatik erabaki zuen Junqueras presidenteordetzarako ez proposatzea. Baina Junquerasen aukerari heldu dio orain, argudiatuz JxCk gobernu legitimoa berrezartzearen aldeko kanpaina egin zuela bozen aurretik, eta hori kontuan hartuta presidenteorde zenari dagokiola hautagai izatea. Sanchez ez zen gobernuko kide.

Espainiako Gobernuak Sanchezen hautagaitza izan zuen hizpide, atzo, ostiraleroko ministroen kontseiluan. Horri buruz galdetu zioten ondorengo agerraldian Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileari, eta aho bizarrik gabe hitz egin zuen horri buruz: «Gobernuak ez du fartsarik onartuko». Aukera horri ateak itxi nahi dizkiola, alegia. Rafael Catala Justizia ministroa diplomatikoago agertu zen: «Parlamentuari dagokio hautagai bat proposatzea. Ez dugu esateko ezer. (...). Epaileak erabakitakoari adi egongo gara, eta erabakia errespetatuko dugu». Catalak jakinarazi zuen, bide batez, ez dituztela inpugnatuko herenegun Kataluniako Parlamentuan onartutako «borondateen ebazpenak».

Puigdemontek azpimarratu zuen, bestalde, ez dagoela «legerik» Sanchezen inbestidura eragozteko. Eta atzoko elkarrizketa aprobetxatu zuen atzera begiratzeko. Pentsatzen du, adibidez, joan den urriaren 10ean, parlamentuan independentzia deklaratu eta eten zuenean, «huts egin» zuela. «Errepublika ezarri behar genuen. Uste dut jarrera hori oso ondo defendatu ahal izango genuela».

ANC haserre dago

Bien bitartean, Puigdemonten erabakia kritikatu zuen ANCk, atzo, komunikatu batean. «Ez da milaka katalanek espero zutena». Azken asteotan «ikuskizun deitoragarria» ematen ari direla leporatu die elkarte zibilak alderdiei. Horietako batek, ERCk, dio «xehetasun batzuk» baino ez direla falta gobernu akordioa lortzeko. Sabriaren esanetan, topatuko dute «Puigdemont presidentearen» eta «etorkizuneko Kataluniako presidente autonomikoaren» funtzioak bateratzeko modua. Puigdemontek The Guardian egunkariari esan dio Bruselan sortu asmo duten Errepublikaren Kontseilua «erbesteko gobernu baten modukoa» dela. «Nahiago dugu mehatxurik eta jazarpenik gabeko eremu libre batean lan egin».

ERCk aipatutako gobernu autonomikoaren harira —Puigdemontek ere izan zuen ahotan herenegun—, Natalia Sanchez CUPeko diputatuak berretsi zuen ez dutela horren alde egingo, eta ERCri eskatu dio «argitasunez» hitz egiteko Junqueras hautagai izatea nahi baldin badu. CUPen Kontseilu Politikoa gaur da biltzekoa, eta horretan ERCk eta JxCk helarazi dieten gobernu programaren zirriborroa eta Sanchezen hautagaitza izango dituzte hizpide.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna