Hauteskundeen antzerkia

Abdel Fatah al-Sisi presidentea areriorik gabe aurkeztu da Egiptoko bozetara, eta erregimen militarrak ez du itxurarik gorde. Errepresioaren ondorioz, abstentzioa bihur liteke protesta ekintza

Herritar bat botoa ematen, Kairoko hautesleku batean. Asteazkenera arte iraungo du presidentea aukeratzeko hauteskunde prozesuak. MOHAMMED HOSSAM / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kaleetan ez da beste argazkirik ikusten. Abdel Fata al-Sisi txoko guztietan dago. Presidentearen pankartez josita daude eraikin-aurreak, kafetegiak eta negozioak. Lider gorenaren gurtzari eskainitako jaialdia dirudi, hauteskunde eguna baino. «Munduari erakutsi nahi diogu herrialde demokratikoa garela eta gure presidentea babesten dugula», adierazi du Mouna izeneko emakume batek. Herritarrek Egiptoko banderak eramaten dituzte hauteslekuetara. Kontsigna patriotikoak behin eta berriz errepikatzen dira: «Inoiz baino indartsuagoak gara. Ikusi ondoko herrialdeetan nagusi den kaosa. Eskerrak guk Sisi daukagula», erantsi du Ahmed izeneko agure batek.

Hiru egun iraungo duten hauteskundeak tramite lasaia izango dira Egiptoko rais-arentzat. Bozetara aurkeztu diren Al-Sisiren arerio politiko guztiek utzi egin dute hautagaitza. «Gustatuko litzaidake hamar politikari prestatuenen kontra lehiatzea; eta onenak irabaz dezala», esan izan du presidenteak nazioarteko hedabideei emandako elkarrizketa bakanetan. Hala ere, haren aurka aurkeztu direnek erregimenaren zigorra jaso dute. Estatu aparatuaren parte ziren Sami Anan jenerala eta Ahmed Xafik lehen ministro ohia izan dira okerren atera direnak. Anan atxilotuta dago, politika eta karrera militarra bat egitea interes gatazka dela argudiatuta. Xafik, berriz, Dubain duen bizitokitik Egiptora deportatu zuten, eta bere burua ez aurkeztera derrigortu.

Ez dira bakarrak. Khaled Ali abokatu progresistak eta Anuar al-Sadatek, izen bereko presidente erailaren ilobak, presioak salatu dituzte, hautagaitzak bertan behera utzi baino lehenago. Aitzitik, inork ezagutzen ez zuen Mousa Mostafa Mousa politikaria aurkeztu da azken orduan bigarren hautagai gisa.

«Guztia hain da lotsagarria, Sisiren arerio bakarra Sisiren jarraitzailea baita», irizten dio Italiara alde egindako Maati Elsandoubi analista egiptoarrak. Horregatik, gizarte zibileko hainbat pertsona famatuk bozei boikota egiteko deia egin dute. «Ez dugu antzerki honen parte izan nahi. Erregimen militarrari zilegitasuna ematea izango litzateke hori», erantsi du Elsandoubik.

Abstentzioa eta protesta

Hala, oposizioa kikilduta dagoela jakinda, parte hartzea izango da herritarren haserrea neurtzeko tresna bakarra. «Ez naiz bozkatzera joango. 2011ko iraultzatik hondamendiz hondamendi egin dugu salto. Zer ekarri du Sisik? Miseria besterik ez. Ez daukat familiari jaten emateko lain», kexu da Mohamed izeneko taxi gidari bat. Baina Sisiren omenezko elkarretaratze baten ondotik pasa denean klaxona jo du, «badaezpada».

Erregimen militarrak era masiboan botoa emateko dei egin die egiptoarrei. Hauteslekuak Al-Sisiren aldeko agertokiak bihurtu dira, auzoetan DJak jarri dituzte eta gobernuko ordezkariek doako garraioa eskaini dute bozkatzera joateko. Halere, Al-Sisiren erregimena beldur da, abstentzioak %50 gainditu dezakeelakoan. «Azalean, badirudi diktadurak lortu duela gizartea kontrolatzea. Anaia Musulmanak isilduta daude, erbestean edo kartzelan. Oposizio ezkertiarrak, berriz, beldur dio errepresio bortitzari. Baina, lehenengo geruzatik harago, herritarrak oso nekatuta daude», azaldu du bere izena publikatzerik nahi ez duen Egiptoko kazetari ezagun batek.

Nolanahi ere, inor gutxi ausartzen da haserrea plazaratzera. 2013ko estatu kolpearen osteko errepresio kanpainaren ondorioz, 40.000 preso politiko daude Egiptoko kartzeletan —haien artean, Mohammed Mursi presidente ohia—. Milaka ekintzaile eta herritarren arrastoa galdu da. Diktadura militarrak hedabide kritikoak itxi ditu, eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak zein kazetariak kanporatu.

Edonola ere, Al-Sisik mezu argia zabaldu du Anaia Musulmanen kontrako 2013ko estatu kolpea eman zuenetik: «Ni edo kaosa». Hauteskunde kanpaina honetan, hedabide gehienek rais-aren proiektu handiak nabarmendu dituzte: Suezko kanala handitzea, Kairoren ondoan bigarren hiri handia eraikitzeko proiektua, Sinai Penintsulan talde jihadisten aurka hasitako gerra...

Gobernuaren bozgorailuek Nasser berria deitu diote. Eta masa propagandak eragina du herritarrengan: «Polizia zabaldu du lehen ahaztuta zegoen Kairo erdigunean, eta saltzaile ibiltarien kontrako kanpaina hasi du; orain seguruago sentitzen naiz», azaldu du Talaat Harb kale ezaguneko ostalari batek.

Krisi ekonomikoa

Baina krisi ekonomikoak oreka hori apur dezake ezinbestean. 2014an Al-Sisik lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenetik, egiptoarren bizitza biziki garestitu da. Inflazioa %30era igo da bi urtean, eta diruaren debaluazioak oinarrizko produktuen gorakada ekarri du. Nazioarteko Diru Funtsak hamabi bilioi dolarreko mailegua eman dio Egiptori, eta horrek murrizketak ekarri ditu; azukreak duela lau urte baino lau aldiz gehiago balio du gaur.

«Eta horri guztiari boom demografikoa gehitu behar zaio», erantsi du Elsandoubik. Izan ere, Egiptoko populazioa 100 milioira hurbiltzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.