«Bost iraultzetako» gidariak hautatu ditu Madurok, gobernua egokituta

Rafael Ramirez Kantzilertzara aldatu du, eta gobernuko presidenteorde politikoa izango da.

Madurok esan du «beharrezko aldaketak» egin dituela iraultza bolivartarraren erronkei eusteko
Nicolas Maduro, asteartean, gobernuan egin dituen aldaketen berri emateko agerraldian.
Nicolas Maduro, asteartean, gobernuan egin dituen aldaketen berri emateko agerraldian. EFE

Iñaki Petxarroman -

2014ko irailak 4
Prozesu bolivartarraren erronka nagusiei egoki erantzuteko —Nicolas Madurok bost iraultza deitu die— Venezuelako gobernua egokitu du presidenteak. Presidenteorde ekonomikoa zen Rafael Ramirez, eta kantziler izendatu du Madurok, petrolioaren industrian azken hamar urtean izan duen arduratik kenduta. Jorge Arreazak Maduroren konfiantzazko gizon izaten jarraituko du, presidenteorde karguan.

Jasotako kritikei erantzunez, Madurok ekainaren 27an esan zuen beharrezko aldaketak egingo zituela gobernuan prozesu bolivartarrak bere buruari ezarri dizkion bost iraultzak egiteko. Bost atal hauetan egin beharreko lanak jo zituen helburu nagusitzat gobernuko buruak: ekonomian, ezagutzaren eremuan, gizarte politiketan, estatuaren politikan eta lurraldeetako sozialismoan.

Hitz handiak erabili zituen Nicolas Madurok, astearte iluntzean —asteazken goizaldean, Euskal Herrian—, aurrean duten egitasmoa definitzeko: «Iraultzaren barruko iraultza egitea da helburua. Iraultza batek aurrera egin dezake, baldin eta estatuaren erakundeen eta gizarte indarren buru ari garen gizon-emakumeok herriari eta historiari zor bagatzaizko».

Elias Jauak, orain arteko kantzilerrak, Lurralde Sozialismoko presidenteordetzaren ardura hartuko du. Hain zuzen ere, ministerio berria da hori, hari baitagokio bost iraultzetako baten jarraipena egitea. Orain arteko Ekonomiako ministroak, Marcos Torresek, bere karguan jarraituko du, eta, bide batez, Ramirezek utzitako presidenteordetza ekonomikoaren ardura hartuko du bere gain. Aldi berean, Asdrubal Chavezek —Hugo Chavez buruzagi ohiaren lehengusua— Petrolio eta Meatzaritzako Ministerioko ardura hartuko du.

Bitartean, Petroleos de Venezuela SA enpresako presidente Eulogio del Pino izendatu du Madurok, eta Merkataritza Ministerioa zuzentzeko eskatu dio Isabel Delgadori —orain arte Mercosurreko enbaxadorea—. Dante Rivas Tramite eta Baimenetako Agintaritza Nazional Bakarreko erakundeko burua izango da. Hain zuzen ere, egitura berria da hori, eta «burokratismoari» aurre egiteko sortu du Madurok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna