Kobaneren aldeko amorrua

Turkiaren mendeko Kurdistanen matxinada kutsua hartu dute Ankarak Estatu Islamikoarekin daukan jarrera salatzeko protestek.

Siriako kurduen Kobane hirian miliziak etxez etxe eusten ari dira
Manifestari kurduen protesta Europako Parlamentuan, atzo, Bruselan.
Manifestari kurduen protesta Europako Parlamentuan, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 8
Kurduek nazioarteari egindako laguntza eskariek ez dute erantzunik jaso, eta gogor eutsi arren, IS Estatu Islamikoa Kobane hiriko karriketan sartu da. Etxez etxe, karrikaz karrika garatzen ari da Siriaren barneko Kurdistango hiri horretako borroka, Turkiako mugatik kilometro eskasetara. Kobane babesten duten YPG Herriaren Babeserako Unitateek atzo arratsaldean adierazi zutenez, 24 ordutan ISko 67 kide hil zituzten hiri barrenean. «Borrokek gune guztietan diraute oraindik, eta ISko gaizkileak tankeekin eta kanoiekin hiriaren erdiguneari ari dira erasoka». Kurdistango mugaren bi aldeetako taldeek Turkia daukate Kobaneko egoeraren erantzuletzat, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo egindako adierazpenek erregai gehiago bota diote kurduen amorruari, zinikotzat hartu baitituzte. «Hilabeteak pasatu dira, eta ez da deus lortu. Kobane erortzear dago». Istanbulen, Turkiako bertze zenbait hiri handitan eta gehienbat Turkiaren mendeko Kurdistanen matxinada kutsua hartu dute protestek —bortz lagun hil zituzten atzo—.

Pentagonoak atzo emandako gerra partearen arabera, AEBek zuzendutako koalizioak orain arte egindakoak baino aire eraso gehiago egin zituen atzo ISren aurka Kobanen. Kurdistango Rudaw kazetako berriemailearen arabera, hamabortz minutuko tartean bi aire eraso ere egin zituen Turkiako mugatik metro batzuetara. Ekintza horiek, ordea, ISk Kobaneri paratutako setioaren 22. egunean egin ditu, muturreko islamistak jada hiriaren barrenean daudenean. Siriako eta Turkiako ordezkari kurduek salatu dute nazioarteko koalizioak ez diola behar adinako indarrarekin jo ISri, Irakeko eta Siriako bertze gune batzuetan ez bezala. Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundearen Siriarako mandatariak nazioarteari eskatu dio «orain» esku hartzeko.

Hala ere, Kobaneko herritarrei falta ez zaien elkartasuna gainerako kurduena da. Kobaneko mugan Turkiak blokeo gogorra ezarri die kurduei bertze aldera pasa ez daitezen YPG miliziari laguntzeko, baina 400 kilometro ekialderago, Cizre hiriko ehunka herritarrek muga gurutzatzea lortu dute Turkiako soldaduei aurre egin ondoren, eta YPGekin bat egin dute ISren aurka joateko, Kurdistango Firat agentziaren arabera. Cizretik hedatutako irudietan ikusi da jendetzak Turkiako armadaren dorre bat hartu duela.

Hain zuzen, KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak Turkiako kurduei eskatu die «erresistentzia edonora zabaltzeko» —Turkiaren mendeko Kurdistanen burujabetzaren aldeko eragileak biltzen ditu KCK-k—. Dei horri jarraiki, gogortu egin dira azken egunetan Kobanerekiko elkartasunez deitutako protestak.

Sei hildako protestetan

Horren adierazle, sei lagun hil zituzten atzo, Firaten arabera. Iturri horrek dio Kurtalan barrutian alkate islamistak tiro egin diela manifestariei bere sendiko kideekin eta jarraitzaileekin batera. Bi lagun hil dituzte. Kiziltepe barrutian auto batetik tirokatuta hil dute 22 urteko manifestari bat. Bi barruti horietan etxeratze agindua ezarri dute agintariek. Diyarbakirren (Turkiako kurduen hiri nagusian), berriz, bertze bi lagun hil dituzte tiroz: 55 urteko gizon bat eta 19 urteko mutil bat. Kausa Askea Alderdiko jarraitzaileei egotzi diete erasoa —muturreko alderdi islamista bat da, Huda-Par akronimoarekin ezaguna—. Poliziari egotzi dioten hilketa Varto hirikoa izan da —25 urteko gazte bat hil du buruan tirokatuta—.

Europan ere mobilizatu da kurduen diaspora —Londresen, Berlinen, Vienan, Herbehereetan...—. Ehun manifestari inguru Europako Parlamentuaren egoitzara sartu ziren atzo Bruselan, Europako Batasunaren pasibotasuna salatzeko. Martin Schulz parlamentuko presidenteak ordezkaritza bat hartu zuen bere bulegoan, eta ondoren manifestariak egoitzatik atera ziren.

Erdoganen probokazioa

Kobane ISren esku geldituz gero, Siriako kurduek erabat galduko dute urte hasieran sortutako Kurdistan autonomoaren hiru barrutietako bat. Kurdistango burujabetzaren aldeko eragileek azken asteetan salatu dutenez, Turkiaren mesederako da hori, Siriako kurduek autonomia bat eratzea saihestu nahi izan baitu, Turkiakoentzat eredu bilaka ez zedin. Horregatik, sutu egin dira Erdoganen azken adierazpenak aditzean, orain Kobanen ISren aurka esku hartzearen alde agertu baita. «Aireko erasoekin ezinen da konpondu, lurretik mugimendurik egin gabe», adierazi zuen atzo Gaziantep hirian, milaka errefuxiatu siriarren aitzinean. Dena den, ez dirudi Erdoganek berehala esku hartu nahi duenik Kobanen, hiru baldintza aipatu baititu: «aire eremua debekatzea», «segurtasun eremu bat» ezartzea Siriaren mugako aldean eta Siriako eta Irakeko «indar moderatuak» armatzea. Gainera, Estatu Islamikoa eta gerrilla kurduak maila berean paratu ditu, Turkia bien «terrorearen aurka» dagoela erranez. Jarrera hartze argi bat.

Herenegun Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroa Haidar al-Abadi Irakeko lehen ministroarekin telefonoz mintzatu zen. Bihar, berriz, John Allen AEBetako jenerala Turkiara joanen da —Obamak ISren gatazkarako ordezkari izendatu du Allen—. Itxura guztien arabera, elkarrizketa horiekin ezarriko dute Turkiak gatazka honetan izanen duen rola. Kurduek ezustean gerraren norabidea aldatu ezean, Kobane egun batzuen buruan gera liteke ISren esku. Behin muturreko islamistek kurduen erresistentzia garaituta, une egokia Turkiak ISren aurka jo, eta «segurtasun eremua» ezartzeko Siriako kurduen autonomia zegoen tokian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna