ELN eta FARC, bide beretik

ELNk azaldu duenez, gerrillek bilerak egin dituzte, «bi elkarrizketa prozesuen bat egitea lortzeko».

Aitortu dute zaila dela bi prozesuak batzea «garapen eta ikuspuntu desberdinak» dituztelako
Habanako bake prozesuan parte hartutako biktimen hirugarren taldea, urriaren 2an. Azaroaren 2an iritsiko da hurrengo taldea.
Habanako bake prozesuan parte hartutako biktimen hirugarren taldea, urriaren 2an. Azaroaren 2an iritsiko da hurrengo taldea. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 22
ELN Nazio Askatzeko Armadak Habanako elkarrizketara batu nahi du. Gerrillak ohar batean azaldu duenez, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarreko ordezkariekin bildu dira, «bi elkarrizketa prozesuen arteko bat egitea lortzeko». Ez dute lan erraza izango bi prozesuak batzen, orain bi urte, 2012ko urriaren 18an, hain zuzen, ekin baitzioten ofizialki bake prozesuari FARCek eta gobernuak. Hainbat akordio lortu dituzte jada lehenengo hiru puntutan, eta biktimen auziaren inguruan eztabaidatzen ari dira orain.

Nicolas Rodriguez Gabino gerrillako ELNko buruaren arabera, bi gerrillak jakitun dira prozesuek «garapen eta ikuspuntu desberdinak» dituztela. Baina bake prozesuak aurrera eramateko prest daude, «Kolonbian bakea bakarra delako». Gerrillarien buruak dioenez, «bakean eta berdintasunean herrialdea eraikitzeko» asmoak gatazkaren eta haren konponbidearen inguruko bi ikuspuntu jartzen ditu aurrez aurre. «Desberdina da matxinoek bakerako proposatzen dutena, gehiengoaren iritziarekin bat datorrena, eta gobernuak eta boterean dagoen eliteak dioena».

Bake elkarrizketen aurkako presioei buruz ere ohartarazi du Gabinok, eta gatazka «baretzeko» alde biko su-eten baten beharraz mintzatu da. «Egunero gerrillarien aurkako operazio erraldoiak sufritzen dituzten herritarrak lasaitzeko».

Leon Valencia Bakea eta Adiskidetzea fundazioko zuzendariaren eta ELNko kide izandakoaren ustetan, gobernuak «urte bukaera baino lehen» iragarriko du gerrillarekin elkarrizketa prozesua hasi dutela.

ELNk askotan adierazi du elkarrizketei batzeko nahia, baina Santosek ez du aurtengo urtarrilera arte Kolonbiako bigarren gerrillarekin harremanetan jartzeko ahaleginik egin. Ekainean, «lehen hartu- emanen» berri eman zuten, eta joan den asteburuan, Gabinok esan zuen azken hilabeteetan gobernuarekin harremanak izan dituztela, bake prozesu bat hasteko.

Kolonbiako hedabideek zabaldutakoaren arabera, orain bi aste Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARCeko burua Habanan bildu zen ELNko negoziatzaile taldearekin. Santosek onartu du Timochenkori bidaiatzeko baimena eman ziola, nahiz eta haren aurkako atxilotze agindua indarrean egon. Kritika uholdea jaso du horregatik.

Biktimen auziari heldu diote FARCek eta gobernuko ordezkariek laugarren bilera sailean. Biktima taldeak ere bildu dira bi ordezkaritzekin, haien bizipenak kontatzeko. Astelehenean egitekoak ziren biktimen hurrengo saioa, bake prozesuaren 27. zikloaren barruan, baina etzira arte atzeratu dute. Era berean, laugarren biktima taldea azaroaren 2an iritsiko da Habanara. Bake prozesuaren hurrengo eta azkeneko puntuan desarmatzeari buruz eztabaidatuko dute.

Uriberen oztopoak

FARCeko lau gerrillarik gobernuaren baimena jaso dute Habanara bidaiatzeko, Gatazkaren Amaierako Batzordean parte hartzeko. Negoziazio mahaiko beste FARCeko kideak ordezkatuko dituzte. Kolonbiako hedabideen arabera, Jorge Torres Victoria Pablo Catatumbo buruzagiaren gertukoak dira.

Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak eta senatariak zabaldu du albistea Twitter sare sozialean. Haren arabera, baimen horiek direla-eta FARCen aurkako operazioak bertan behera utziko lituzke armadak Cauca eta Choco departamentuetan.

Bake prozesuaren aurkako ahotsik kritikoena da Uriberena, eta behin baino gehiagotan saiatu da elkarrizketak trabatzen. Santosen gobernuak askotan gonbidatu du prozesuaz hitz egiteko, baina hark ez du orain arte erantzun.

2010eko bozetan Santos babestu arren, presidente ohiaren Zentro Demokratikoa alderdia oposizioaren buru da egun. Azkenaldian, kritika gogorrak egin ditu Uribek presidentearen aurka, bake prozesuaren harira. Gerrillarekin akordio sekretuak egitea egotzi dio Santosen gobernuari, eta FARCen aurrean «errenditzea». Gobernuak eta gerrillak adostutako puntuen gainean 52 aurkako argudio aurkeztu ditu Uribek jendeaurrean. Lurrak eta nekazaritza garapena; politikan parte hartzea; eta drogak eta legez kanpoko landatzeak izan dituzte eztabaidagai negoziazio prozesuaren lehen ataletan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna