Hasi da agintea hartzeko lehia

Ukrainako bi alderdi nagusiek hasi dituzte gobernua osatzeko negoziazioak.

Jatseniukek koalizio zabal bat proposatu du, berak gidatua.

Poroxenkoren Blokeak eskuratu du parlamentari gehien

Adrian Garcia -

2014ko urriak 30
Hauteskundeen ostean argi geratu da Ukrainako hurrengo gobernua EB Europako Batasunetik eta NATOtik ahalik eta gertuen egongo dela. Otsaileko kolpearen ondotik hartutako ildoa ez du aldatuko parlamentu berriak, baina argitzeko dago nork osatuko duen gobernua. Botoen %99 zenbatuta, Arseni Jatseniuk lehen ministroaren Fronte Popularra nagusitu da lehian (%22,17). Alde gutxigatik. Petro Poroxenko presidentearen Blokea ozta-ozta gainditu du (%21,81). Haatik, legebiltzarkide gehiago izango ditu Ukrainako Parlamentuan presidentearen alderdiak, barrutietako hauteskundeetan emaitza hobeak lortuta. Hasi dituzte jada gobernua osatzeko lehen elkarrizketak.

Izan ere, legebiltzarreko 450 eserlekuetatik, erdiak alderdikako bozketa nazional baten bidez aukeratzen dituzte, proportzionalki. Beste erdiak, barruti bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiekin beteko dute. Orotara, beraz, Poroxenkoren Blokeak 132 parlamentari izango lituzke; emaitza ofizialak argitaratzeko falta dira. 63 herrialde osoko zerrendako hautagai, eta beste 69 barrutietako ordezkari. Fronte Popularrak, berriz, 82 (65 eta 17).

Hala ere, Jatseniukek dio gobernua osatzeko ardura duela, herrialde osoko barrutian bozak irabazi dituelako. Jada mintzatu zaie hedabideei gobernua osatzeko planen inguruan. Haren alderdiak indar europazale guztiei dei egin die koalizio zabal bat osatzeko. Izena ere jarri dio: Ukraina Europarra. Poroxenkoren Blokearekin osatuko luke bloke horren muina. «Aliatu estrategikoa izango da. Herrialdearen patuaren inguruko ardura presidentearen alderdiaren eta legebiltzarrerako hauteskunde hauek irabazi dituenaren gainean dago». Baina ez du bi indar politikoen elkarlanera mugatu nahi gobernua osatzeko koalizioa, indar europazale guztiak batu nahi baititu. Horrela, botoen %5eko langa gainditu duten alderdi «demokratiko» guztiei gobernuan sartzeko gonbita egin die. Oposizioko Blokea alderdi errusiazalea izango litzateke koalizio kanpoan geratuko zen bakarra.

Eskuin muturra, gobernuan

Batkivstxina (Aberria), Samapomitx (Auto laguntza) eta eskuin muturreko Alderdi Erradikalarekin hasi nahi ditu negoziazioak. Jatseniuken ustetan, zilegi da eskuin muturrarekin bloke zabal bat osatzea. «Milioika ukrainarren botoak jaso dituzte». Andri Sadovi Samapomitxeko buruak eta Timoxenko Batkivstxina alderdikoak dagoeneko agertu dute gobernuan sartzeko prestutasuna.

Baina ikusteko dago presidenteak hartuko duen jarrera. Volodimir Hroisman Poroxenkoren Blokeko zerrendan laugarrenak eta gobernuko Eskualdeko Politikako ministroak ez du espresuki esan Jatseniuk babestuko dutela. «Eztabaidatzeko dago». Gainera, Poroxenkoren Blokeko hautagaiak ez du horren garbi ikusten Alderdi Erradikalak gobernuaren parte izan behar duenik. «Aukera bat da». Kyiv Post egunkariak kontsultatutako analistek diotenez, Hroisman jarri nahi du Poroxenkok gobernuburu.

Alderdi Erradikala da bozketa orokorrean ordezkaritza izateko boto kopuru nahikoa lortu duen eskuin muturreko alderdi bakarra. Bozen % 7,44 lortu eta 22 parlamentari izango ditu. Hala ere, barrutietako sei bozkaketa irabazi ditu Sovobodak (Askatasuna), eta beste horrenbeste legebiltzarkide izango ditu. Eskuin Sektorea alderdi neonaziak ere parlamentari bat lortu du.

Legebiltzarreko 27 eserleku hutsik geratuko dira, Krimeako hamabi barrutik eta Luhansk eta Donetseko hamabostek ez baitute ordezkarik izango.

Bestalde, alderdi ofizialei lotu gabeko 97 norbanako eseriko dira hurrengo parlamentuan, barrutietako bozak irabazita. Haien artean ez dute blokerik osatzen, independente gisa aurkeztu baitira bozetara. Asko dira, eta giltzarri izan daitezke erreformak eta lege garrantzitsuak onartzerakoan.

«Gerrarako prest»

Donetskeko Herri Errepublikako lehen ministro Aleksandr Zakhartxenkok adierazi du matxinoak gerrarako prestatzen ari direla, Kievek eremu desmilitarizatua sortzeko akordioa hautsi duelako. «Bi aldeak banatzeko akordioa bertan behera utzi du Kievek». Bestalde, matxinoen buruzagiak esan du une honetan ez dela komeni Luhanskeko eta Donetskeko Herri Errepublikak batzea. «Bi errepubliken garapen prozesua desberdina da». Zakhartxenko da igandean egin behar dituzten hauteskundeetako hautagai nagusia. Luhanskeko matxinoen kontrolpeko eremuetan ere egitekoak dira bozak. Kievek abenduaren 7an egitea proposatu du, baina matxinoek ez dute onartu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna