Iragan ilunaren erantzuleak

Brasilgo Egiaren Batzordeak diktadurako 377 errepresiogile identifikatu ditu, eta horiek auzipetzeko gomendioa egin dio estatuari.

1979ko Amnistia Legeak inpunitatea bermatzen die akusatuei
Dilma Rousseff presidentea, negarrez, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko ekitaldian, atzo, Brasiliako Planalto jauregian.
Dilma Rousseff presidentea, negarrez, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko ekitaldian, atzo, Brasiliako Planalto jauregian. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 11
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean erabaki du Brasilgo Egiaren Batzordeak diktaduraren aroko (1964-1985) estatu krimenei buruzko ikerketa argitaratzea. Guztira, 377 errepresiogile identifikatu ditu, horien artean aro horretan agindu zuten bortz presidenteak. Guztira 434 herritar hil edo desagerrarazi zituztela ebatzi du, eta garai hartako tortura praktikak bildu ditu 4.500 orrialdeko txostenean. Egiaren Batzordeak autokritika egiteko eskatu dio armadari, eta salatu du ez diola lagundu txostena egiten. Bukaerako gomendioetan, estatuari eskatu dio zapaltzaileen aurka auzibideak hasteko, nahiz eta indarrean egon diktadurako krimenei inpunitatea bermatu zien Amnistiaren Legea; batzordeak dio gizateriaren aurkako krimenak direnez ezin dutela preskribatu.

Dilma Rousseff presidenteak adierazi du gobernuak aztertuko duela Egiaren Batzordearen txostena. «Batzordearen gomendioak eta proposamenak irakurriko ditugu, eta ondorio guztiekin erantzunen diegu». Hala ere, hitzaldian ez da mintzatu auzibideak irekitzearen edo tribunaletan justizia lortzeko beharraz. Horren ordez, adiskidetzearen aldeko mezua eman du. «Egiak ez du errebantxismoa erran nahi. Egia ezin da gorrotorako edo kontuak garbitzeko arrazoi bihurtu». Gainera, erran du Brasil «demokraziara eraman» zuten «akordioak baloratzen» dituztela; 1979ko Amnistiaren Legeari egindako erreferentziatzat hartu dute Brasilen. Lege horren bidez, diktadurak haren krimenak immunizatu zituen, baina haren aurka borrokatu ziren gerrillariei, bertzelako preso politikoei eta erbesteratuei ere eman zien amnistia. Rousseffek berak pairatu zuen diktaduraren errepresioa, 1960ko hamarkada bukaeran ezkerreko gerrilletan borrokatu, eta preso hartu baitzuten. Hiru urte egin zituen espetxean, eta tortura bortitzak salatu zituen. Amnistia eman baino urte batzuk lehenago askatu zuten.

Rousseffen beraren aginduz sortu zen Egiaren Batzordea, duela ia hiru urte. Ikerketaren arreta gune nagusia diktadura izan da, baina horren aitzineko (1946-1964) eta ondorengo (1985-1988) aroak ere jorratu ditu. Horrela, zapaltzailetzat identifikatu dituen 377 herritarretatik hamaseik diktaduraz kanpoko aroetan jardun zuten, batzordearen arabera.

Rousseffek, beraz, ez du berehalakoan argitu auzibideak hasiko dituzten. Eztabaida handia da Brasilen. Egiaren Batzordeko kide bat, adibidez, gomendio horren aurka agertu da, argudiatuta 2010ean Auzitegi Goren Federala Amnistia Legea berriz aztertzearen aurka agertu zela, eta dio erabaki hori ezin dela «auzitan paratu». Batzordeko gainerako kideek diote, ordea, diktadurari egotzitako krimenak gizateriaren aurkakoak direnez Amnistiaren Legea ez dela bateragarria Giza Eskubideen Inguruko Amerikako Konbentzioarekin. «Amerikarteko Auzitegiaren ebazpena argia da: autoamnistia legeak nazioarteko legearen aurkakoak dira».

Identifikatutako 377 zapaltzaile horietatik 196 daude bizirik, eta batez bertzeko adina 82 urtekoa dute —zaharrenak 107 urte dauzka—. Batzordeak akusatutako erantzule gorenak, bortz estatuburuak, hilda daude —Joao Figueiredo diktadurako azken presidentea hil zen azkena, 1999an—. Egiaren Batzordeak hiru mailatan bereizi ditu errepresiogileak, erantzukizunaren arabera. Gorengoan, 53 lagun daude: bortz presidenteak eta «giza eskubideen urraketa larriak egiteko erabilitako egituren eta prozeduren sorreran eta mantentzean erantzukizun politiko-instituzionala» zeukaten militarrak. Hurrengo zerrendan 88 lagun (74 militar eta hamalau zibil), errepresio egitura horren «kudeaketa eta gidaritzan» erantzukizuna zutenak. Eta, azkenik, zerrenda luzeena, urraketen «egile zuzenak» —maila apalagoko militarrak, poliziak eta medikuak, gehienbat—.

30 tortura mota dokumentatu ditu batzordeak, eta baita Brasilgo militarrek aro horretan AEBen Ameriketako Eskolan jasotako trebakuntza ere, baina gaur egungo egoeraz ez da ahantzi; diktadura garaiko prozedurak gaur egun ez direla «arraroak» ondorioztatu du, nahiz eta, dioenez, jada ez diren errepresio politikoarekin lotzen, Poliziak diktaduratik jasotako jarduteko moduarekin baizik. Horregatik, Egiaren Batzordeak eskatu du Polizia «desmilitarizatu» eta kontrol organoak ezartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna