Jordi Sanchez PDECaten zerrendako bigarrena izanen da hauteskundeetan

ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak kargua utziko du. Hilabete bat igaro da Sanchez eta Cuixart espetxeratu zituztenetik. Puigdemont epailearen aitzinetik pasatzekoa da gaur Bruselan

Warner Bros etxeko pertsonaien irudiak dauzkan Moby Dada ontzia Bartzelonako portutik ateratzen, atzo. Ehunka polizia hartu ditu irailaren 20tik. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gaur bukatuko da Katalunian abenduaren 21eko hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea. Independenteen fitxaketek erakarri dute arreta handien azken egunotan. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak erabaki zuen ez aurkeztea. Albano-Dante Fachinek ere jakinarazi zuen Som Alternativa plataforma sortu berria ez dela aurkeztuko, eta Carme Forcadell parlamentuko presidentea ERCren zerrendan sartu da. Atzo, azken zalantza nagusia argitu zen: Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea PDECaten Junts per Catalunya zerrendan aurkeztuko da. Bigarren izanen da, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen gibeletik. Puigdemontek atzo adierazi zuen hauteskundeak irabaziz gero, Espainiari eta EB Europako Batasunari elkarrizketa eskainiko diela «emaitzek utzitako errealitatea onartuta». Puigdemont eta harekin batera Bruselan erbesteratuta dauden lau kontseilariak gaur igaroko dira haien aurkako estradizio eskaerari buruz erabaki behar duen epailearen aitzinetik.

Azken bi urteotako iragarpen gehienen arabera —baita azken egunotan hedabide batzuetan argitaratu diren inkesten arabera ere—, PDECat ez da izanen alderdirik bozkatuena, eta galera handia jasan lezake. Hala ere, PDECatek espero du iragarpen txar horiek aldatzea bi elementu nagusiren bidez: Puigdemontek errepublika deklaratzeko prozesu osoan lortu duen erreferentzialtasunarekin, eta Sanchez zerrendan sartuta. ANCko presidenteak atzo hilabete bete zuen espetxean, eta haren erakundeak deituta elkarretaratzeak egin zituzten Katalunia osoan Sanchezen eta Cuixarten alde.

Sanchezek eskutitz bat bidali die ANCko militanteei, eta erran die erakundearen buruzagitza zegokion baino lehenago utziko duela, hauteskundeetara aurkeztuko delako. Sanchezek jakinarazi du Puigdemontek eskatu diola zerrendan sartzeko, «Kataluniako Errepublikaren defentsan aitzinera egiteko helburuarekin».

Puigdemonti elkarrizketa bat egin zion atzo Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak, Russia Today katean duen programan. Kataluniako presidenteak Espainiako Gobernuari eta «agintari europarrei» galdetu zien ea hauteskundeen emaitzak onartuko dituzten independentistek irabazten badute. «Katalan gehienek independente izan nahi badute, hori da errealitatea. Politika errealitatearekin egin behar da, ez fantasiekin. Ezin da deus egin negoziatu gabe».

Hauteskundeak irabazteko faboritoak, ERCk, atzoko jakinaraziak zituen zerrendako kide gehienak. Oriol Junqueras zerrendaburuak espetxetik idatzitako eskutitz batean Marta Rovira alderdiko idazkari nagusiari buruz errandakoen ondorioz, Kataluniako hainbat hedabidek interpretatu zuten Generalitateko presidentetzarako hautagai izanen dela. Rovirari horri buruz galdetu zioten atzo Catalunya Radion. Erantzun zuzen bat ematea saihestu zuen: «Prozesu hau ez da ez izen kontua, ez lider kontua, ez protagonisten kontua. Jendearen kontua da».

Warner Brosen ontzia

Espainiako Gobernuak Warner Bros etxeko marrazki bizidunetako pertsonaien irudiak dituen ontzia erretiratu zuen atzo Bartzelonako portutik. Hala ere, jakinarazi zuen irailaren 20az geroztik han zeuden ehunka poliziak eta guardia zibilek Katalunian jarraituko dutela, hoteletan eta bertze ontzi batean ostatu hartuta. Makina bat txantxa eta komentario egin dira azken bi hilabeteotan ontzi horri buruz, eta independentistentzat Espainiako Gobernuaren errepresioaren ikurretako bat bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.