Katalunia

Guardia Zibilak Generalitatea miatu du, U-1aren finantzaketaren auzian

Omnium Culturalen egoitzan ere izan da. Kataluniako Gobernuko komunikazio idazkaria zortzi orduz izan du atxilo, eta karguekin askatu du. Sanchez eta Forn Gorenean izango dira asteartean

Kataluniako Gobernuko komunikazio idazkari Antoni Molons eta haren abokatu Judith Gene, atzo, Graciako kuarteletik ateratzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Urriaren 1ean Katalunian egin zuten independentzia erreferenduma ikertzen ari den Juan Antonio Ramirez Sunyer epailearen aginduz, Guardia Zibilak Generalitatearen Jauregia eta Omniun Cultural elkartearen egoitza miatu zituen atzo. Galdeketa antolatzeko, Kataluniako Gobernuak diru publikoa erabili ote zuen argitu nahi du Ramirez Sunyerrek, eta frogen bila bertaratu ziren agenteak, goizean. Antoni Molons Generalitateko komunikazio idazkariaren bulegoa miatu zuten, baita haren etxea ere, eta horren ostean Graciako kuartelera eraman zuten, epaileak atxilotzerik agindu ez arren; zortzi orduren ostean askatu zuten, diru publikoa bidegabeki erabiltzea eta desobedientzia egotzita. Kuartelean ez deklaratzea erabaki zuen Molonsek. Omniumen egoitzan, berriz, galdeketako iragarkien finantzaketari buruzko informazioaz galdegin zuten agenteek. «Bahitu egin dituzte langileen posta elektronikoak, eta pasahitzak aldatu dizkiete», salatu zuen elkarteak Twitterren. Langileak eta erakundeko zuzendaritzako kideak egoitzako areto batean atxiki zituzten guardia zibilek.

Hiru miaketen helburua argia zen: Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren gobernuak erreferenduma antolatzeko diru publikoa erabili izanaren frogak aurkitzea. Ramirez Sunyerrek irekitako kausan 30 bat pertsona daude inputatuta, tartean Puigdemonten gobernuko goi kargudun izandakoak.

Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak ziurtatu zuen Guardia Zibilak ez zuela aurkituko «inolako lotura ekonomikorik Generalitatearekin», elkartea ekarpen pribatuekin finantzatzen delako. «Ez zen beharrezkoa ikuskizun hau», kritikatu zuen Maurik. Hain justu, epailea ikertzen ari da elkarte horrek eta ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak jasoriko ekarpen ekonomikoak erabili ote zituzten erreferenduma finantzatzeko; elkarte horien kasuan, galdeketaren publizitatea finantzatu ote zuten. Guardia Zibilaren atariko ikerketaren arabera, hedabideetan egindako iragarki kanpainek 502.639 euroko kostua izan zuten. Atzoko operazioa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten ehun bat pertsonak, Sant Jaume plazan.

Madrilen, berriz, Auzitegi Goreneko apelazio gelak deklaratzera deitu zituen Jordi Sanchez Kataluniako presidentegaia eta Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetua; astearte goizean izango dira epaitegian.

Aske uzteko eskariak

Pablo Llarena Goreneko epaileak Sanchezi debekatu egin zion bere inbestidura saiora joatea, eta erabaki horri helegitea jarri zion hautagaiak. Fornek, berriz, aske uzteko eskatuko dio epaileari, hark ere Llarenaren erabaki bati helegitea aurkeztu ostean; urriaren 16tik eta azaroaren 2tik daude espetxean, hurrenez hurren.

Urtarrilean, bestalde, Llarenak debekatu egin zien presidentegaiari eta Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari Kataluniako Parlamentuko saioetara joatea; biek helegitea aurkeztu arren, Gorenak arrazoia eman zion atzo epaileari.

Nacio Digital atariak argitaratu duenez, Sanchezen helegiteak argitu bitartean ez dute beste hautagairik aurkeztuko JxCk eta ERCK. Hedabide horren arabera, asteartean bilera bat egin zuten bi alderdi horiek. Gorenak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Sanchezen helegiteak atzera botako balituzte, orduan JxCk beste hautagai bat aurkeztuko luke Generalitateko presidente inbestitzeko, eta ERCk hori errespetatzea hitzemana izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.