Siriarako irtenbide politikoari begira jarri dira nazioarteko potentziak

Merkel eta Putin ados agertu dira prozesu politikoa sustatzeko beharrarekin, Genevako eta Astanako konferentzien bitartez. SANA agentziaren arabera, OPCW Douman sartu da ikerketa abiatzeko

Siriaren independentziaren 72. urteurrena ospatu zuten atzo. Irudian, Golango Gaineko ospakizunak. ATEF SAFADI / EFE.
ander perez zala
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Siriako gerrak nazioarteko izaera du aspaldidanik, gatazkan jokoan dauden aliantzek eta interesek bultzatuta. Zazpi urteren ostean, herrialdearen barne gatazka bukatzear dela, irtenbide politikoa bilatzeko adostasuna zabaltzen ari da, eta nazioarteko potentzia nagusiak, zuzenean edo zeharka parte hartu dutenak, eraso militarrak amaitzeko eta politikarako eta negoziazioetarako garaia abiatzeko beharra azpimarratzen hasi dira. Larunbatean AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak egindako erasoaldia sona handia izaten ari da, baina ez Siriak eta ez Errusiak ez dute erantzunik emateko beharra publikoki adierazi, egoera oker dezakeelakoan. Siriaren epe laburreko egoera nazioartean adostuko da datozen hilabete eta urteotan, nazioarteko potentziek izango dituzten elkarrizketetan, eta bi foku daude irekita aspaldidanik: Genevakoa, Mendebaldeko estatuek bultzatua, eta Astanakoa, Siriak, Iranek, Turkiak eta Errusiak sustatua. Gaur-gaurkoz, azken horrek eman ditu aurrerapauso gehien. Erasoaldi militarrak oraingoz alde batera utzita—hala ziurtatu zuten Washingtonek, Londresek eta Parisek—, Alemania eta Errusia, Sirian aliatu ez diren arren, ados agertu dira beharrezkoa dela prozesu politikoa sustatzea, eta hizketei bultzada emateko konpromisoa hartu dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

Bi agintariek nazioarteko potentzien arteko elkarrizketari eman diote garrantzia prozesu politiko hori sustatzeko, eta Genevako eta Astanako konferentziak aipatu dituzte, testuinguru horietan gara ditzaketelako aldebiko harremanak. Helburu horri begira, Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek bere gobernua proposatu zuen Errusiarekin bitartekari lanak egiteko, bi herrialdeen arteko harreman historikoak egoera hori bultzatuko lukeelakoan. Igandetik asteartera, Toronton (Kanada) elkartuko dira G7 taldeko herrialdeak —Alemania, Kanada, AEBak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batua—, eta eztabaidagaien artean izango dute Siriaren etorkizuna. Taldeak larunbateko erasoaldiari babesa agertu zion atzo, ohar baten bidez, eta Siriarako «irtenbide diplomatiko» baten alde agertu zen. Bestalde, AEBek Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezartzeko aukera aipatu zuten arren, oraingoz ez dute halakorik egin, egunotako gertakarien garapena jakin arte.

Ustezko eraso kimikoa

Hilaren 7an oposizioko taldeek eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu zuten eraso kimiko bat izan zela Douman, eta Mendebaldeko estatuek berehala jo zuten Siria eraso horren erruduntzat, OPWC Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak 2014an adierazi zuen arren Damasko guztiz armagabetu zela. Erakundea atzo sartu zen lehenengoz Douman, SANA agentziaren arabera —OPCWk ez du baieztatu oraindik—, eraso kimikorik izan ote zen argitzeko; horren aurretik, Frantziako Atzerri Ministerioak adierazi zuen arma horiek erabili ziren frogak «desagertzen» ari direla, erasoa egin zenetik astebete igaro delako, eta presazkoa zela taldearen presentzia Douman.

Ikerketaren emaitza jakin bitartean, Aleksander Rodionov Errusiako Defentsa Erradioaktiborako, Kimikorako eta Biologikora bozeramaileak atzo adierazi zuen arma kimikoen laborategi bat aurkitu zutela Douman, eremua matxino islamisten eskutik berreskuratu ostean. Horrekin batera, Aleksander Xulgin Errusiaren OPCWrako ordezkari iraunkorrak azaldu zuen bere herrialdeak frogak eman zizkiola OPCWri, erasorik izan ez zela frogatzen dutenak: «Gertatutakoa kasko zuriek —erakunde humanitarioak— antolatu zuten».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.