Valentziarako bidea hasi dute 'Aquarius' ontziko 629 immigranteek

400 lagunek Italiako armadaren eta kostazainen ontzietan egingo dute bidaia. Parisek debekatu egin du ontzia Korsikan porturatzea. Europako Batzordeak mugetarako aurrekontua hirukoiztu nahi du

Aquarius ontziak erreskatatutako hainbat immigrante ontzira sartzen, atzo. KENNY KARPOV / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Aquarius ontziko 629 immigranteak Valentziako porturako (Herrialde Katalanak) bidean dira, Espainiako presidente Pedro Sanchezen eskaintza onartuta. Berrehun inguruk Aquarius ontzian bertan egingo dute hiru edo lau eguneko bidea, eta gainontzekoek, Italiako armadaren ontzi batean eta kostazainen beste batean. Asteburuan hainbat erreskate egin ostean, atzo arte noraezean ibili zen ontzia, Malta eta Italia artean, bi gobernuek euren lurraldean porturatzea debekatu baitzuten.

Eguraldia dela medio, Valentziarako bidea konplexua izango dute. Izan ere, bidaia herenegun ez hasteko arrazoia eguraldi txarra izan zen, ontziaren bizkarrean jendea eramatea galarazteraino.

Valentzian porturatu ostean, Gurutze Gorria arduratuko da immigranteen egoeraz, eta jada 200 hiri eta herri baino gehiago eskaini dira erreskatatutako pertsonak jasotzeko. Iñigo Urkullu lehendakaria ere prest dago horien %10 hartzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, «lankidetza» eskaini dio Madrili. Aquarius ontzia, berriz, erreskatatutako lagunak portuan utzi, eta berriro Libia eta Italia arteko eremura itzuliko da. Hala adierazi zuen atzo SOS Mediterranee GKEak, ontziaren jabe denak.

Korsikako Gobernuak ere irlan porturatzeko aukera eskaini zuen atzo, ontzia handik gertuago baitago, baina azken hitza estatuetako gobernuek dute, eta, Erromak Italiako hainbat hiriren proposamenekin egin bezala, Parisek aukera horren aurka egin du. Europako Gaietarako estatu idazkari Jean Baptiste Lemoynek adierazi zuen Korsika ez dela «ez porturik seguruena, ez gertukoena», eta gehitu du Valentziak baietza eman izan ez balu Italiak edo Maltak jaso beharko lituzkeela immigranteak. Halere, Frantziako lehen ministro Edouard Philippe prest dago Espainiako Estatuari laguntzeko, errefuxiatu estatusa lortu nahiko luketen lagunak hartu eta horien egoera aztertzeko.

Italiako Barne Ministro eta Lega Nord alderdi xenofoboko buru Matteo Salvinik piztu zuen sua asteburuan. Ontzia Cataniarako (Italia) bidean zela, herrialdean porturatzea debekatu zion, eta Maltatik gertuago zegoela adierazi. Horrela, auzi humanitarioa nazioarteko auzi politiko ere bilakatu zen. Maltak Salvinik eginiko gauza bera egin zuen: erantzukizuna Italiarena zela adierazi. Ondorioz, erreskatatutako 629 lagunak noraezean ibili ziren, Espainiaren eskaintza iritsi arte.

Salviniren erabakiak, besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen, Europako Batzordearen eta GKE ugariren gaitzespena jaso du. Frantzia izan zen gogorrenetako bat, eta Italiak egoera «manipulazio politikorako» erabili izana gaitzetsi zuen gobernuko bozeramaile Benjamin Griveuxek.

Halere, Espainiako Gobernuaren erabakia garaipentzat jo zuen Salvinik: «Garaipena. Aquarius ontzian dauden 629 immigranteak Espainiarako bidean. Lehen helburua lortuta». «Pertsonen trafikoa» eteteko asmoa duela azaldu zuen Barne ministroak, eta horretarako lehen pausotzat jo zuen Mediterraneoan immigranteak erreskatatzen dituzten ontziak Italian ez porturatzea. Orain arte ikusi ez zen zerbait. Halere, immigranteak jaso dituzten Italiako kostazainen ontziak portura iristen jarraituko dute. Halako ontzi bat Italiarako bidean zen atzo, 937 lagunekin. Gaur, hartutako erabakiaren berri eman beharko du Salvinik, Italiako Senatuan galdetuko baitiote gaiaz.

Italiako Gobernuko beste lider garrantzitsuak Salviniren erabakia babestu du. M5S Bost Izarren Mugimenduko lider eta gobernuko presidenteorde Luigi Di Maiok adierazi zuen gauzak ez direla lehen bezala izango immigrazio kontuetan, eta lotsagarritzat jo zuen Madrilek eta Parisek Erroma kritikatzea: «Frantziak eta Espainiak aspaldi itxi zituzten euren portuak. Lotsagarria da lekzio moralak ematea».

10.000 kostazain gehiago

Italiaren jarrera defendatu duenik ere bada Europan. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen babesa jaso du. «Albistea entzun nuenean, soilik hasperen egin nuen, eta adierazi: azkenean!», azaldu zuen Orbanek atzo, Eslovakiako lehen ministro Peter Pellegrinirekin bildu ostean. Pellegrinik gehitu zuen Europako herritar gehienak ados daudela Visegradoko taldeak —Txekia, Polonia, Eslovakia eta Hungaria— gaiaz duen iritziarekin: errefuxiatuak Europako Batasuneko estatuetan birkokatzearen eta harrera politiken aurkakoa.

Aquarius ontziak Mediterraneoan jarraitzen duen bitartean, Europako Batzordeak 2021-2027 eperako migrazio eta aduana aurrekontuaren proposamena kaleratu du. 2014-2020 tarteko aurrekontua ia hirukoiztea aurreikusi dute, 34.900 milioi euroraino, eta 10.000 kostazain gehiago ezartzea. Aurkezpenean, Aquarius ontziaren kasua ere aipatu du Migraziorako komisario Dimitris Avramopulosek, eta «ping-pong politikoa» uzteko eskatu die estatu kideei. Komisarioak agerian utzi du immigrazio politiken garrantzia, eta adierazi du ez dela Italiaren, Maltaren edo Espainiaren betebeharra bakarrik: «Europaren betebeharra da, Europaren erantzuna eskatzen duena, eta estatu kide guztiena».

Egoerak, ordea, ez du hobera egin. Sea Watch GKEak atzo arratsaldean adierazi zuen Libiako kostatik gertu ontzi bat zuela, erreskatatu berri zituen 41 lagunekin —beste hamabi lagun hil egin ziren—. EBko estatu kideren batek porturatzeko baimena emateko zain zegoen ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.