Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Siriako kurduen Kobane hiriak gaur goizerako espero ditu pexmergak

Irakeko kurduen indarrek 150 kide bidali dituzte Turkiatik, eta arma astunekin YPG miliziak babestuko dituzte Estatu Islamikoaren aurka.

Turkiako Atzerri ministroa: «Nahi dutenean igaro daitezke»
Leherketa bat Siriako kurduen Kobane hirian, atzo, Turkiaren menpeko Kurdistandik ikusita.
Leherketa bat Siriako kurduen Kobane hirian, atzo, Turkiaren menpeko Kurdistandik ikusita. ERDEM SAHIN / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 29

Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmerga indarrak gaur goizerako espero dituzte Siriako kurduen Kobane hirian. Rudaw kazetak jakinarazi duenez, 150 pexmerga ailegatuko dira; batzuk hegazkinez joan dira Turkiara, eta bertzeak errepidetik, materiala garraiatzeko. Material horretan dago, hain zuzen, Kobane defendatzen duten YPG Herriaren Babeserako Unitateen itxaropena: arma astunak. EI Estatu Islamikoaren setioak 44 egun bete ditu, eta YPGek salatu dituzten desabantailetako bat izan da islamistek tankeak eta armak astunak dituztela eta miliziano kurduek, berriz, soilik arma arinak.

Sayid Qader Pexmergen ministroak Rudaw-i azaldu dionez, Irakeko kurduen indarrek bere agindupean jardungo dute, eta haien egitekoa izanen da YPGei babesa ematea artilleriarekin. Qaderrek erran du pexmergen hedatzea koordinatu dutela Turkiarekin, Kobaneko defentsaren arduradunekin eta AEBekin.

Turkiaren eta Siriako kurduen ordezkarien artean, ordea, harremana txarra da. EIk hiru aldetatik inguratuta dauka Kobane, eta Turkiak blokeatuta eduki du laugarren aldea, Kurdistan bitan banatzen duen mugarena. Siriako kurduen alderdi nagusia (PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia) PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aliatua da, eta, horregatik, Ankarak blokeatu egin du iparraldeko kurduek Kobaneri eman nahi zioten laguntza. Pexmergena, ordea, onartu du, Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoarekin harreman ona duelako, bertzeak bertze. Hala ere, horrek ere eztabaida gogorrak sortu ditu.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak duela egun batzuk erran zuen PYDek ez zuela nahi pexmergak Kobanera joatea. «PYDek uste du bere asmoak zapuztuko direla pexmergak etortzen badira». Kurdistango alderdien bi ildo nagusien arteko lehia ideologikoaz ari zen Erdogan, PKKren (ezkerrekoak) eta Irakeko Kurdistanen agintea daukan KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren (eskuinekoa) artekoaz. Saleh Muslim PYDeko kopresidenteak biharamunean erantzun zion CNNTurk katean, eta kurduen batasuna goraipatu zuen. «Hark [Erdoganek] agindu behar al du dena? YPGek eta pexmergek akordio bat egin zuten, eta lehen fasean 150-200 pexmerga bidaliko dituzte». Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak giroa baretu nahi izan zuen atzo, eta pexmergei igarotzen utziko dietela baieztatu zuen. «Ez dago arazo politikorik. Pasatzeko ez dute arazorik izanen. Nahi dutenean igaro daitezke».

Damasko, pexmergen alde

Pexmergena ez da eztabaida iturri bakarra. Çavusogluk atzo ere erran zuen PYDek akordio bat egin duela FSA Siriako Armada Askearekin, talde horrek ere borrokalariak bidal ditzan Kobanera. Erdoganek lehenbiziko aldiz joan den astean erran zuen FSAko kideak Kobanera igaroko zirela, eta gaineratu zuen nahiago zuela haiek igarotzea pexmergak baino. Bassem Hayi Mustafa FSAko kideak Espainiako Efe agentziari atzo adierazi zion ehunka kide prest daudela Turkiatik Kobanera pasatzeko, eta erran zuen espero dutela AEBek zuzendutako nazioarteko koalizioak armak ematea. PYDek ez du berretsi FSAren parte hartzea, eta Muslimek Erdogani erantzun zion Siriako matxinoek hobe luketela Kobanera joan beharrean bertze fronte bat irekitzea EIren aurka.

FSAk helburutzat du Siriako presidente Baxar al-Assad boteretik kentzea. Damaskok egunotan adierazpenak egin ditu Kobaneri buruz. Lehenik, Turkiari erran zion soldaduak bidaliz gero erasotzat hartuko zuela; ondoren, erran zuen YPGei laguntza militarra eman ziela; eta atzo, Ali Haidar Adiskidetzerako ministroak oniritzia eman zion pexmergen hedapenari —«mugimendu patriotiko» deitu zion—.

Konferentzia Berlinen

EIren erasoaldien eraginez areagotu egin da Siriatik alde egin duten herritarren kopurua. Inguruko herrialdeetara ihes egin dute gehienek. Berrogei herrialde inguruk konferentzia bat egin zuten atzo Berlinen, gaia aztertzeko. Errefuxiatu gehien daukaten herrialdeek finantzaketa eskatu zioten nazioarteari. «Libano gainezka egiten ari da 1,5 milioi errefuxiaturekin», azaldu zuen Gebran Bassil Atzerri ministroak. 4,5 milioi biztanle dauzka Libanok. Turkiak ere errefuxiatuen kopuru bertsua hartzen du. AEBen koalizioarekin bat egiteko exijentzien artean paratu du Siriako mugan «babes eremu bat» sortzea errefuxiatu horiek kokatzeko. Ordezkari kurdu batzuen ustez, Turkiak demografia aldatu nahi du, arabiarrak kurduen eremuetan kokatuta. Konferentzia Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak babestu du. Ez da egon eragin handiko agintari anitz, ordea. Alemaniak 500 milioi euroko laguntza aurkeztu die Siria ondoko herrialdeei, hiru urterako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pertsona bat maskara duen aurpegi baten irudiren aurretik igarotzen, Johannesburgen. / ©Kim Ludbrook, EFE

Txertoak aldaera berrira moldatzeko hiru edo lau hilabete beharko direla dio EMAk

Arantxa Elizegi Egilegor

Derrigorrezko txertaketa ezartzeko lehen urratsa egin du Austriak. Greziak ehun euroko isuna ezarriko die txertatzen ez diren 60 urtetik gorako herritarrei.

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadako soldadu bat, joan den otsailean Kivu Iparraldean ©EFE

Ugandako armadak ADFren miliziei eraso die Kongoko Errepublika Demokratikoan

Igor Susaeta

Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuek aliantza militar bat osatu dute Indar Demokratiko Aliatuaren «mehatxuari» aurre egiteko.

Eric Zemmur eskuin muturreko polemista Parisen. / ©IAN LANGSDON, EFE

Zemmour hautagai aurkeztu da Frantziako presidentetzarako bozetarako

Arantxa Elizegi Egilegor

Azken asteetan behera egin du eskuin muturreko polemistaren sostenguak. Igandean egingo du kanpainako lehen ekitaldi ofiziala, Parisen.

Barbadoseko Lehen ministro Mottley, Mason presidentea, Rihanna eta Charles Mountbatten-Windsor, ekitaldian. ©BERRIA

Barbadosek Ingalaterrako koroa baztertu du, eta errepublika aldarrikatu du

Edu Lartzanguren

Sandra Mason presidente izendatu dute, Bridgetown hiriburuan eginiko ekitaldi arranditsu batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.