Estatu Islamikoaren aurkako lorpenak bistaratu dituzte Bruselan

EIren aurkako koalizioko 60 Atzerri ministroak elkartu dira lehen aldiz, kanpainaren etekinak azaleratzeko.

Iraken eta Sirian talde jihadistaren hedapena geldiarazi dutela nabarmendu dute
Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroa, John Kerryrekin, atzo, Bruselan.
Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroa, John Kerryrekin, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 4
«Etekinak ematen hasi da kanpaina. EI Estatu Islamikoaren hedapena gelditu dugu». John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren gidaritzapean, EIren aurkako koalizioa osatzen duten herrialdeetako Atzerri ministroak lehen aldiz bildu dira, Bruselan. Ez dute xehetasun tekniko-militarrei edo herrialdeen arteko zereginen banaketari buruz hitz egin. Helburua bestelakoa zen: muturreko talde islamikoaren aurkako borrokan egindako ahaleginak eta lorpenak azaleratzea. Halere, jihadistek Irakeko eta Siriako eremu zabalak kontrolatzen dituzte oraindik. 60 herrialdek osatzen dute koalizioa, nahiz eta AEBek hartu duten eraso gehienen ardura; %90 dira haiek egina, AFP agentziaren datuen arabera. EIren borrokalari atzerritarrak, muturreko taldea deslegitimizatzea, haren finantza baliabideak blokeatzea eta armak erosten galaraztea izan dira ministroek eztabaidatutako gaiak.

Bilkuran parte hartutako ordezkariek nabarmendu dute aliatuen aire erasoak lagungarri izan direla Irakeko armadak eta pexmerga kurduek galdutako eremua berreskuratzeko. Halaber, Libanoko armada goraipatu dute, EI herrialdetik kanpo mantentzeko egindako ahaleginengatik. Halere, zenbait herrialdek zalantzak plazaratu dituzte, zaila ikusten baitute lurreko tropak bidali gabe jihadistei gailentzea. Bien bitartean, Irakeko armada eta indar kurduak indartu behar direlakoan daude. Iraken hasi zituzten bonbardaketak, baina AEBek Sirian EIk atxikitako eremuetara zabaldu dituzte gerora.

NATOko kideak dira gehiengo koalizioan, baina badaude tartean zenbait arabiar herrialde, esate baterako, Jordania, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Irak. «Koalizioaren indar iturri ikaragarria da aniztasuna», azaldu du Kerryk. Herrialde arabiarren«dinamismoa» eta musulman buruzagiek EIren aurka erakutsitako jarrera goraipatu ditu AEBetako Estatu idazkariak.

Baina, bereziki, Irakeko Gobernuaren eginahala defendatu du. «Irakiarrak mobilizatzen ari dira». Kurdistango Eskualde Autonomoaren eta Bagdaden arteko petrolioaren gaineko akordioa txalotu du, halaber. Kurduek egunean 550.000 upel helaraziko dizkiete, eta, trukean, estatuaren aurrekontuaren %17 jasoko dute. «Iraken eta eskualdearen arteko harremanen adierazgarri da».

Koalizioaren hurrengo ekintzak «arretaz koordinatzeko», parte hartzaileen arteko elkarrizketa sustatzearen alde dago Kerry. Kanpainak luze jo dezakeela onartu du, baina hitzeman du «irabazi arte» eutsiko diotela. «Lan gogorra dugu oraindik egiteko».

Koaliziotik kanpo

AEBek gidatutako koalizioa plurala izan arren, ez du talde islamistaren aurkako guztiak biltzerik lortu. Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk BBC kateari esan dionez, Iranek bere kabuz bonbardatu ditu EIren posizioak Diyala probintzian. Irango Atzerri Ministerioak ez ditu Kirbyren hitzak gezurtatu. «Ez da aldaketarik egon EIren aurkako kooperazio militarren inguruan», esan du Marzie Afjam Irango ordezkariak. Bi herrialdeek ukatu dute elkarlanean aritzea. Halere, Kerryk baikortzat jo du Iranek EIren aurka erasoak egitea.

Izan ere, garrantzi estrategiko berezia du Iranek EIren aurkako borrokan, herrialde xiita baita, eta harreman estua duelako Irakekin. Hortaz, herritar eta santutegi xiitak muturreko sunitetatik defendatzeko interes berezia du, eta, era batera edo bestera, lehendik ere egin ditu urratsak EI ahularazteko. Iraki laguntza militarra eskaintzen dio, eta nazioarteko hainbat hedabidek argitaratu dutenez, milizia xiitak bidali ditu borroka eremura, eta kurduak armaz hornitu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna